Unai Amianok (Irun, Gipuzkoa, 2004) Uranzu frontoia aukeratu du elkarrizketa egiteko. Etxekoa izan arren, gutxitan jokatu du han. Baina bihartik aurrera kutuna izango du, han egingo baitu debuta profesionaletan (19:30).
Ostiralean jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?
Lasai nago, eta gogotsu. Enpresak uda hasieran iragarri zuen debuta egingo nuela, eta denbora izan dut barneratzeko. On egin dit.
Espero zenuen?
Itxaropena nuen. Banekien zeinekin ari nintzen lehian, eta ni oso ondo ari nintzela.
Noiz eta nola jakin zenuen?
Aimarrek [Olaizolak, Baikoko kirol zuzendariak] mezu bat bidali zidan esanez bulegora joateko. Han esan zidaten debuta egingo nuela. Sekulako poza hartu nuen.
Bakarrik zinen?
Ez. Aitarekin nengoen. Ama ere joan zen, eta denok izugarri poztu ginen. Egun batez isilik egon behar izan genuen. Gero, jende pila batek zoriondu ninduen.
Honekin egiten zenuen amets?
Bai. Hasten zarenean debuta ezin da izan helburu, oso-oso zaila baita, eta gutxik lortzen baitute. Baina pausoz pauso joan naiz, eta ongi aritu naiz bidean.
Olaizolaren arabera, «afizionatuetako pilotaririk onena» zara. Zer pentsatzen duzu hori entzuten duzunean? Presioa da?
Poza sentitzen dut. Bat baino gehiago ginen saltoa ematear, eta pozgarria da ni aukeratu izana.
Bai Olaizolak eta bai Mikel Olaetxeak —hark entrenatu du Tolosako Aurrera klubean— zera nabarmendu dute zuri buruz: oso gogor jotzen du pilota.
Hala da. Bi urte daramatzat profesionalekin entrenatzen, eta ohartu naiz gai naizela pilota indartsuagoekin min egiteko. Baina, aldi berean, gehiago sufritzen dut defenditzen.
Zertan moldatzen zara ondoen? Zertan hobetu dezakezu gehien?
Indarra dut, baina ikasi behar dut burutsuago jokatzen, baita suabeago ere, dena indarrez egin gabe. Jokatuz ikasten da hori, eta ni ikasteko gogoz nago.
Olaetxearen arabera, «oso langilea eta profesionala zara». Oinarri ona da hori.
Niri asko gustatzen zait pilota, baina ez bakarrik pilotan jokatzea, baita entrenatzea ere. Asko disfrutatzen dut, eta zerbaitetan disfrutatu egiten baduzu, gustura zabiltza. Aukera dudan aldiro entrenatzen naiz, edo lan fisikoa egiten dut.
«Hastapenetan debuta ezin da izan helburu, oso-oso zaila baita. Baina pausoz pauso joan naiz, eta ongi aritu naiz»
Denbora daramazu Baikoko pilotariekin entrenatzen. Norekin aritu zara?
Baikoko pilotari denekin entrenatu naiz. Artolarekin gozatu dut gehien. Azken buruz burukoan, lehia betean zebilenean, deitu ninduten harekin entrenatzeko, baita gero ere, finala jokatu aurretik. Izugarri gozatu nuen. Sekulako aukera da horrelako entrenamendu bat egitea.
Sumatzen da aldea?
Bai, askoz abiadura handiagoz jokatzen da. Beste material mota bat dago, eta pilotari guztiak dira indartsuak eta oso onak. Lehen egunetan sumatzen da gehien aldea. Zuk %120 eman behar duzu, eta haiek erdia emanda antzeko dabiltza. Baina hori egiten ere ikasiko dut nik.
Ikusle gehiago, artekariak, telebista... Prest zaude?
Horrek ez nau kezkatzen. Ez naiz sobera urduri jartzen. Baina badakit garrantzitsua dela lehen partidak irabaztea, konfiantza hartzeko.
Ikasten ari zara?
Oraintxe bertan ez. Goi mailako gradua dut mekanizazioan, baita euskarazko C1 maila ere. Profesionaletan sendotu bezain laster hasiko naiz berriro ikasten. Bi urterako kontratua sinatu dut. Oso aukera ona da hori.
Anaia pilotaria duzu: Iker.
Anaia ezkerparetan ibili da duela gutxi arte, eta trinketean dabil orain. Beti ibili da oso ondo. Gurasoak ez ziren pilotazaleak, baina gurekin zaletu dira.
Zer ibilbide egin duzu?
Irunen futbola eta pilota egiten genuen anaiak eta biok, baina Oiartzunera [Gipuzkoa] ikastera joan, eta serio hasi ginen pilotan. Handik Irunera etorri ginen, Ramuntxo Trinketera, Mikel Altzagarekin entrenatzera. Gero, Berara [Nafarroa] aldatu ginen, handik Añorgara, Mikel Unanuerekin, eta, azkenik, Tolosara, Olaetxearekin.
Anaiarekin beti. Ezin da ulertu zure bidea anaia gabe?
Ez. Asko lagundu diogu elkarri, eta elkarren babes izan gara beti.
Pilotari kutunik izan al duzu?
Ezkerra izanik, pilotari ezkerrei erreparatu diet gehien: Xalari, Gonzalezi, Unanueri, Irribarriari... Ezkerrek badute zerbait berezia, eta nik ere eduki nahiko nuke. Aimar eta Irujo ere sekulako pilotariak izan dira. Egungoen artean, maila eta erregulartasuna kontuan hartuta, Altuna da erreferentea. Nik denengandik ikasi nahi dut.
Etxean jokatuko duzu bihar.
Ni Irungoa naiz, baina lagunak Oiartzun ingurukoak ditut. Hala ere, poz galanta hartu nuen esan zidatenean debuta Irunen izango zela. Nik dakidala ni naiz Irungo lehen pilotari profesionala. Horrek ilusio handia egiten dit. Ea balio duen zaletasuna handitzeko.
Sarrera asko eskatu dizkizute?
Jendea ari da sarrerak erosten, eta badakit batzuek azken unean erosiko dituztela. Giro polita egongo da, eta egun oso polita izango da.
Ospakizunen bat duzue prestatua?
Zerbait aditu dut, baina lasaia izan beharko du, hurrengo egunetan partida asko baititut.
«Pilota indartsuagoekin gai naiz min egiteko. Baina, aldi berean, gehiago sufritzen dut defenditzen»
Martxel Iztuetarekin jokatuko duzu. Elkarrekin aritutakoak zarete Aurreran.
Bai, eta lagun handia dut. Sekulako poza hartu nuen esan zidatenean harekin jokatuko nuela. Baina sufritu egingo dugu, Jaka eta Imaz oso aurkari gogorrak baitira. Ea gozatu dezakegun.
Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?
Gozatu egin behar dudala, eta ez itsutzeko emaitzarekin, partida oso zaila izaten baita.
Zein helburu duzu bihartik aurrera?
Ahalik eta gutxien min hartzea, lesionatuta aukera gutxiago baituzu pausoak emateko. Erregular aritu nahiko nuke; Bigarren Mailan txukun jardun; ahal bada, txapelen bat irabazi; eta denek nahi dutena eta oso zaila dena: Lehen Mailan jokatu. Azkenik, maila horretan txapel bat lortu nahiko nuke. Badakit izugarri zaila dela, maila oso handia baitago.
Nori eman nahi dizkiozu eskerrak?
Baikoko ordezkariei, aukera emateagatik; izan ditudan entrenatzaile guztiei; Axier Arteaga prestatzaileari, haren lana funtsezkoa izan baita; Olaetxeari, izugarri lagundu baitit; eta gurasoei, haiek gabe ez baitago hona iristerik.