TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA

Pirinioak, euskaldun

ESAITek euskal jaia ospatuko du asteburuan Saint Lary-Soulanen, eta hara joateko deia egin du

DONOSTIA
2005eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Pirinioetako errepide bazterrak euskaldunez lepo izango dira. Eta tropelak berriz ere, euskaldun marea baten artean ireki beharko du bidea. Batez ere, igandean, 15. etapan. ESAITek, Zazpiak Bat zikloturista taldearen laguntzaz, euskal festa antolatuko baitu, beste behin ere, euskal selekzioen aldeko aldarria egiteko. Azken lau urteetan, festa Tourmalet historikoan izan da. Aurten, ordea, festa Saint Lary-Soulanera eraman dute, eta bertaratzeko deia egin du ESAITek. Festaren leloa Bizikleta gainean, federazio nazionalak abian da. Leloak dioen bezala, helburu nagusia federazio nazionalak sortzea dela azpimarratu zuen Mikel Uzkudun ESAITeko lehendakariak atzo, Arantzazu Azpiroz, Txomin Perurena eta Iñigo Chaurreau txirrindulariekin batera egindako aurkezpenean.Igandean bizikleta martxa izango da, Saint Lary-Soulan herritik, funikularraren ataritikzehazki. 10 kilometroko ibilbidea izango du, eta jende orok parte har dezake. Argi eta garbi utzi nahi izan zuten hori ESAITeko kideek: «Ez da konpetizio martxa bat. Lasai, presarik gabe egingo dugu, eta edonork egin ahal izango du». Iaz, 200 zikloturistako tropela osatu zen, eta aurten kopuru bera edo handiagoa espero dute. Bidean zale ugari izaten dira, eta nahiz eta euskaldunak izan gehienak, beste herrialdeetako jendea ere izaten da. Horiei Euskal Herriaren berri eman behar zaiela adierazi zuen Uzkudunek: «Zer garen, zeintzuk garen, non gauden, eta zertarako egiten dugun hau». Horretarako, orri adierazleak banatuko dituzte. Bertan Euskal Herriari buruzko informazioa emango da: «Euskal Herriaren naziotasuna, autoderminazio eskubidea, eta ESAITen ekimenen berri ere emango dugu. Baliagarria izan daitekeen formatuan egin dugu, bestela, orriak hartu pila bat egin eta bota egiten baitira maiz». Hala, orri horiek ikusleei banatuko zaizkie pedalei eragiten ari diren bitartean.Martxa gailurrera iristean, ESAITen gunean hamaiketakoa emango zaie parte-hartzaile guztiei, baita hondartzako baloiak ere, aurtengo nobedadea.Larunbatean, hilaren 16an, euskal jaia izango da ESAITen gunean; helmugatik 500 metrora. Bertara euskazale asko hurbiltzen da. Jokoak, jana, edana eta euskal musika izango dituzte, besteak beste.

Atxikimenduak

Arantzazu Azpiroz Euskadiko errepideko txapeldun izan da, eta bere iritzia eman zuen selekzioen ofizialtasunaren inguruan: «Katalunia nazioartera ateratzen da, eta guk geure buruari galdetzen diogu: 'eta gu zergatik ez?' Gainera, maila handiko jendea izango genuke Eneritz Iturriagaetxeberria eta Joane Somarriba, adibidez».Iñigo Chaurreau Ag2r taldeko txirrindulariak, berriz, bere esperientzia kontatu zuen: «2001ean bizi izan nuen, eta zirrara berezia sentitzen da horrenbeste herrikideren artean igarotzerakoan. Euskal txirrindulari guztiak sentitzen gara euskaldun, eta askotan hitz egin izan dugu selekzioaren kontuaz». Txomin Perurenak, hala ere, ofizialtasun hori urrun dagoela adierazi zuen: «Behetik hasi behar da lanean, bide luzea da. Horrelako festak egitea zoragarria da, zoritxarrez, ezin izango naiz joan». Azkenik, txirrindulari guztiekin jarrera egokia izateko eskatu zieten zaleei.

-

Argibideak





 

NOLA IRITSI







Ibilbidea: A 64 autobidea hartu. Baionan, Pau-Tolosa autobidea. Aurrera egin, Lanemezan-Arreau irteera arte (16. irteera).

ESAIT-EN GUNEA







Saint-Laryn (Pla D'Adet): Pla D'Atetera igotzeko:Kotxez, bizikletaz, oinez... (10 kilometro). Teleferikoan (12 euro joan-etorria).

EKITALDIAK







Euskal jaia eta bizikleta martxa: Larunbatean da bat (18:00) eta igandean bestea (10:00). Saint Lary-Soulango teleferikoaren aurretik abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.