Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Pirinioetako aktore gailena

Thomas Voecklerrek irabazi du Pirinioetako lehen etapa, ihesaldian erakustaldia emanda; Cadel Evansek ez du podiumerako aukerarikGorka Izagirrek lan bikaina egin du, eta hirugarren helmugaratu da, 3.22 minutura

Pirinioetako aktore gailena.
jon eskudero
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Thomas Voeckler (Europcar) bizikleta gaineko aktorea da. Haren keinuak eta mugimenduak ikusirik, izendapen horixe geratu zaio. Bada, Tourreko hamaseigarren etapan, atzo, film ederra eskaini zuen. Behin eta berriz ikusteko modukoa. Luzea akaso, baina ez aspergarria. Izan ere, bost ordu eta erdiren buruan erakustaldia eman zuen. Hasieran ez zuen ihesaldian sartzeko imintziorik egin, baina erabakigarria zein zen antzeman zuenean azkar mugituzituen hankak —31. kilometroan—. 38 ziklistako ihesaldian sartu zen Voeckler. Behin helburua lortuta, nekatuta zegoen zantzuak eman zituen, baina aktore lanak egiten soilik aritu zen. Fresko asko zeukan, bai, gorputza. Gainontzekoek erritmo aldaketak egin arren, frantziarrak aise jarraitu zien denei.

Halaxe gainditu zuen Aubisque, eguneko lehen mendatea: beste ziklisten itzalpean. Ihesaldiko 38 txirrindulariek elkarrekin pasatu zuten gaina. Kontuak ederki aldatu ziren, ordea, berehala. Tourmaletari ekin bezain laster taldea murriztuz joan zen, eta Voecklerri garaipenerako aukerak areagotuz. Brice Feilluk (Saur-Sojasun) jo zuen erasorikindartsuena, eta soilik irabazleak jarraitu zion. Aise jarraitu ere. Bi txirrindulari horiek buruan igaro zuten Tourmalet gaina, atzetik taldetxo bat zutela, minutu ingurura.

Talde horretan zen Fredrik Kessiakoff (Astan), ordura arte mendiko maillotaren jabea. Ordura arte, bai, Voecklerrek ez baitzion gehiagorako aukerarik eman. Tourmalet gaineko puntuak eskuratu eta mendiko maillota lortzeko asmoz egin zuen aurrera frantziarrak. Asmatu zuen. Gainera, ekinaldi bakarrean bi sari lortu zituen: mendiko maillota eta etapa garaipena. Merezita lortu zituen biak.

Aurtengo Tourreko bigarren garaipena lortu zuen, non, eta etapa nagusian. Tourrean sartuedo ez zalantzan egon zen belauneko lesio baten erruz, baina argi dago asmatu zuela erabakiarekin. Edo, hobeto esanda, taldeak asmatu zuela erabakiarekin. Pierre Rollanden balentria lortuta, hiru etapa irabaziak ditu Europcarrek Tourrean. Taldean aktore bat daukate, akaso tropelean maitatuta ez dena, baina ziklista aparta da. Hollywoodeko ez, Pirinioetako aktore gailena da Voeckler.

Etapa nagusiko errege egin zen etxekoen aurrean, baina ezin da ahaztu Pirinioetan frantziarrak adina izaten direla kasik euskal herritarrak. Bada, horiek ere izan zuten nor animatu: Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi). Eguneko ihesaldian sartu bakarrik ez, izen handien artean ibili zen, eta azkenean hirugarren helmugaratu, 3.22 minutura.

Nibali ausart; Zubeldia sendo

Beste behin, kolore laranja bistara agertu zuen Euskaltel-Euskadik. Eguneko ihesaldian Izagirre bakarrik ez, Egoi Martinez eta Jorge Azanza ere sartu ziren. Azken hori azkar geratu zen atzean, baina beste biek eman zuten zer esana. Egoi Martinezek sailkapen nagusian postu batzuk aurreratzeko aukera izan zuen, eta Izagirre harentzat aritu zen lanean. Azken bi mendateetan kaleegin zuen nafarrak. Orduan Ormaiztegikoak (Gipuzkoa) aurrera jo zuen, eta goraipatzeko lana egin. Alexandre Vinokurovi (Astana) irabazi egin zion hirugarren postuaren lehiaren esprintean.

Baina aurrean bakarrik ez, tropelean ere izan zen zer gozatua. Aubisque eta Tourmalet zalapartarik gabe gainditu zituzten faborito nagusiek, baina Aspinen Liquigasek astindu zituen bazterrak. Erritmoa azkartu eta atzean utzi zuen Cadel Evans (BMC), Vincenzo Nibaliren mesederako. Iazko Tourreko garaileari ia bost minutu atera zizkien helmugan beste faboritoek, eta podiumerako aukera gabe geratu da australiarra. Indartsuenak Bradle Wiggins (Sky), Christopher Froome (Sky) eta Nibali bera izan ziren. Haimar Zubeldia (RadioShack) ere ederki aritu zen, eta Jurgen Van den Broeck (Lotto) eta enparauekin helmugaratu zen. Orain, bosgarren da sailkapen nagusian, 7.13 minutura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.