Planto intolerantziari

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak prentsa aretoa utzi zuen herenegun Almerian, euskaraz hitz egiten hasi, eta hango zenbait kazetarik hizketan jarraitzeko trabak jarri zizkiotelako. Antzekoak gertatu izan dira euskal zein katalan hiztunek hitza hartu dutenean.

Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailea, serio, aginduak ematen, denboraldi honetan Gipuzkoako taldeak jokatutako partida batean. RAFA ALCAIDE / EFE.
Julen Etxeberria-Aitor Manterola
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igandea, arratsaldeko zazpiak. Almeriako (Espainia) Joko Meditarraneoetako estadioko prentsa aretoa. Eseri da Gaizka Garitano kazetarien aurrean, etxeko taldeak eta Eibarrek jokatutako partidaz galderei erantzuteko asmoz. Egin dio lehen galdera Joseba Urkiolak, ETBko kazetariak, euskaraz. Eta hasi da euskaraz erantzuten Garitano, eta hasi dira marmarrean Almeriako zenbait kazetari. Azkar hartu du hitza Juan Jose Morenok, etxeko taldeko prentsa arduradunak, eta kazetariei esan die Garitanok lehenbizi euskaraz erantzungo diela galderei, eta gaztelaniaz gero. Gogoratu du Bartzelona bisitan etorri denean ere hala egin izan dela beti: lehenbizi, katalanez, eta gero, gaztelaniaz. «Isiltasuna eta errespetua» eskatu ostean, hizketan jarrai dezala esan dio Eibarreko entrenatzaileari. Eta hasi da berriro hizketan Garitano, eta hasi dira berriz kazetari berak marmarrean. «Zer pasatzen da?», galdetu dio Garitanok bati. «Ez dugula tutik ere ulertzen», erantzun dio kazetariak. Almeriako prentsa arduradunak berriro hartu du hitza, oso haserre. «Almeriak sei urte darama Lehen Mailan, eta beti jokatu dugu berdin. Ez dakit zertara datozen keinu horiek». Ordurako mahaitik altxatuta zegon Garitano, haserre, aldagelarako bidean.

«Nire lana egiten saiatu naiz, baina ez didate utzi. Horregatik altxatu naiz. Astero galdetzen didate euskaraz, eta euskaraz erantzuten dut, eta gaztelaniaz galdetzen badidate, gaztelaniaz erantzuten dut. Ingelesez galdetuta ere ingelesez erantzuten saiatzen naiz. Beste kontu bat litzateke gaztelaniaz erantzuteari ezetz esan izan banio, baina hori ez da sekula gertatu». Horra Garitanoren azalpena gertatutakoaz.

Ez da Garitanori antzeko zerbait pasatzen zaion lehen aldia. Bitan pasatu zaio gutxienez, beti Espainian: Oviedon 2013an, eta Malagan iaz. Almeriakoa izan da azkena. Izango dira agian gehiago, Garitanok bere horretan jarraituko baitu. Ezaguna da euskararekiko duen atxikimendu handia. «Desgrazia dut erdaraz dakidala; euskaldun gisa dauzkadan eskubideak urratu egiten ditu. Gustatuko litzaidake komunikabideen aurrean soilik euskaraz mintzatu. Euskal Herrian egiten ditugun prentsaurrekoak soilik euskaraz ager daitezela. Ari gara pausoak ematen, baina behar ditugun erraztasunak ez ditugu aurkitzen bidean». Azpeitian (Gipuzkoa) egin zituen adierazpenok, orain hilabete pasatxo, Aho bizarrik gabe zikloko saioan.

Baina hitzek ekintzen falta izan ohi dute sarri. Ez Garitanoren kasuan. Hasteko, euskaraz egiten ditu beti lehen hitzak prentsaurrekoetan, Eibarren eta edonon. Prentsa aretoan kazetari euskaldun bat baldin badago, hark egin ohi dio galdera, eta kazetari euskaldunik ez badago, klubeko prentsa arduradunak izan ohi du ardura lehen galdera euskaraz egiteko. Bestalde, ETBko kiroletako zuzendaritzarekin ere bildu zen, prentsaurrekoetatik aparteko elkarrizketak euskaraz izan zitezen. Hala, ETB2n azpidatziekin joaten dira elkarrizketa horiek.

Zurrumurruak...

Joseba Urkiolak egiten dizkio elkarrizketa ia guztiak ETBn. Hura izan zen igandeko gertaerako beste protagonistetako bat. «Ez sinesteko modukoa izan zen», aitortu dio BERRIAri. ETBko kazetaria «ohituta» dago Euskal Herritik kanpo euskaraz galderak egiten dituenean «zurrumurruak» entzutera, baina inoiz ez zaio gertatu Almeriakoa bezalakorik. «Calderonen edo Bernabeun nabari da kazetari batzuei ez diela graziarik egiten euskaraz entzutea, baina ez dute trabarik jartzen, gaztelaniaz galdetzen zaionean Garitanok gaztelaniaz erantzuten duelako. Baina Almerian ez, Almerian euskaraz hasi eta berehala hasi ziren bizpahiru kazetari trabak jartzen eta Garitanoren hizketaldia behin eta berriro eteten. Errespetu falta izugarria da hori, eta nori eta Lehen Mailako entrenatzaile bati».

Bizpahiru kazetari horien errespetu falta ez zen Garitanoren hizketaldia etetera mugatu. «Nigana etorri ziren gero, eta azal gogorra nuela esan zidaten, hitzez eta keinuz». Urkiolak, hala ere, nabarmendu du «bizpahiru» kazetarik jokatu zuten gaizki. «Ezin dira Almeriako kazetari guztiak zaku berean sartu. Batzuek barkamena eskatu ziguten. Prentsa arduradunak, adibidez, hiru aldiz».

Urkiolak Garitanori segika utzi zuen prentsa aretoa. Berehala egin zion tarte bat entrenatzaileak kazetariari. «Aldagela ondoan elkartu ginen. Eskertzekoa da. Halako detaileetan ikusten da nolakoa den pertsona bat. Garitano eredu da gauza askotan».

...eta aurpegi txarrak

Garitanorekin batera, aldi bertsuan, beste bi entrenatzaile euskaldun ere aritu izan dira lanean maila gorenean: Jagoba Arrasate Realean, eta Jose Luis Mendilibar Osasunan lehendabizi, eta Levanten gero. Arrasatek egunkari honi kontatu dionez, berari ez zitzaion inoiz Garitanori gertatu zaiona gertatu: «Lekuren batean edo bestean, batzuek aurpegi txarra jarri izan zidaten euskaraz erantzuten hasi orduko, baina agerraldirik ez zidaten inoiz ezta inon ere eten». Prentsaurrekoak nola egin behar zituen Realak bazekien, eta baita aurkariaren taldeko prentsa arduradunak ere, Realekoen bitartez. «Nik Realekoei esaten nien aurreneko galderak euskaraz egin zezatela eskatzeko kazetariei, eta gero gaztelaniaz. Realekoek jakinarazten zioten beste taldeko prentsako buruari, eta ez zen inoiz arazorik izan». Europan ere aritua da euskaraz hizketan, «beti egoten zelako gure partidetan euskarazko hedabideetako kazetariren bat gutxienez, eta kanpokoek errespetu osoa adierazi izan ziguten beti».

Garitanori egin diotenaz galdetuta, Arrasateren ustez gaizki jarrita dabiltza fokua: «Arazoa ez da Garitano izan, eta haren jarreraz eta erabakiaz dabiltza hizketan bazter guztietan. Arazoa Almeriako kazetari batzuk izan dira, eten egin ziotenak euskaraz aritzeagatik, eta horretaz oso gutxi entzun eta irakurri dut». Politika tartean sartu dela eta, ez dago ados horrekin: «Aldeko edo kontrako, iruditzen zait Garitanori egindakoa eta berak egindakoa politizatu egin dituztela, batzuek zein besteek, eta hori ez zait ondo iruditzen».

Mendilibarrek bertatik bertara pairatu behar izan zuen euskararekiko mespretxua, non eta etxean bertan, Iruñean. Haren aurkezpenean izan zen. Gazteleraz hainbat galderari erantzun zien. Ondoren, hitza hartu zuen Asier Legarda-Ereñok, BERRIAko eta Euskadi Irratiko kazetariak. Euskaraz galdetu zion Mendilibarri, eta Patxi Izko orduko Osasunako presidentea sartu zen tartean. «Gustura egongo zara, ezta, euskaldun bat ekarri dugulako?», bota zion kazetariari. Entrenatzaileak euskaraz erantzun zizkion galderei, eta orduan Izkok, gaztelaniara itzultzeko eskatu zion Mendilibar berari.

Oztopoak oztopo, eta oraindik egiteko asko dagoela argi utzita, nabaria da euskarak gero eta presentzia handiagoa duela euskal taldeen egunerokoan. Lehen, ia ezkutuan baitzegoen. «80eko hamarkadan, ez zen euskaraz galderarik egiten prentsaurrekoetan, nahiz eta hitz egiten ari zena euskalduna izan. Prentsaurrekoa amaitu arte itxaroten genuen, eta harengana hurbildu, eta mesedez eskatzen genion. Euskarak ez zuen ikusgarritasunik», azaldu du Joxe Mari Apaolazak, Euskadi Irratiko kazetariak.

Apaolazak gertutik ezagutu du prentsaurrekoetan hizkuntzen erabileran egon den garapena. «Lekurik ez edukitzetik gaztelaniarekin tartea partekatzera pasatu zen. Lehenbizi, gaztelaniaz egiten ziren galderak, eta gero euskaraz. Orduan zer pasatzen zen? Bada, gaztelaniazko adierazpenak nahi zituzten kazetariek alde egiten zutela prentsaurrekoa amaitu aurretik. Horregatik erabaki zen gero euskarazko galderak egitea lehenbizi eta gaztelaniazkoak gero. Horrela egiten da orain prentsaurrekoetan, betiere protagonista euskalduna baldin bada».

Katalanarekin ere tirabirak

Kataluniako entrenatzaileek ere izan dute kalapitarik katalanaren inguruan. Pep Guardiola egon zen tartean batean, eta Raul Agne beste batean. Guardiolarena duela urtebete gertatu zen, Madrilen. Real Madrilen aurka jokatu zuen Bayernek, bere taldeak, eta geroko prentsaurrekoan, Catalunya Radioko kazetariak esan zion UEFAk bezperan ez ziola utzi katalanez galdetzen. Guardiolak, orduan, katalanez galdetzeko eskatu zion. Kazetariak hala egin zuen, gaztelerara itzuli aurretik, eta entrenatzaileak gauza bera egin zuen: katalanez erantzun aurrena, eta gazteleraz gero.

Egun Tenerifeko entrenatzailea da Agne, eta Gironako teknikaria zenean, 2011n, hauxe gertatu zitzaion Huescan (Espainia): partida amaitu berritan kazetari batek katalanez galdetu zion, eta entrenatzaileak katalanez ekin zion erantzunari. Orduan, Huescako kazetari batek eten egin zion, eta eskatu gazteleraz erantzuteko. Agnek zorrotz bota zion: «Gero esango dut gauza bera gazteleraz, baina ingelesa banintz utziko zenidaten ingelesez hitz egiten?». «Ez dela ezer gertatzen?», galdera Agnek segituan; erantzuna berak azkar: «Bai, gertatzen da, eta ez dut ulertzen hau gertatzea. Bukatu da prentsaurrekoa». Jaiki eta joan egin zen aretotik, herenegun Garitanok Almerian egin zuen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.