Plastikozko

Sebastian Gonzalezek eta Oinatz Bengoetxeak pitzadurak dituzte hatzetan eta neurrira eginiko plastikozko babesak darabiltzate jokatu ahal izateko.

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Edozer gauzak balio du minari aurre egiteko. Instintu kontua da. Sufrimendua aldentzearen beharra. Kirolean, baina, beti ez da posible. Lehia garrantzitsuagoa da, eguneroko ogia. Lesioak iristean saihesbideak bilatu behar dira, konponketak, errematxeak, trikimailuak... Ideiarik sinpleena babesa da, hatzetarako erabiliena. Sebastian Gonzalezek aspaldiandarabiltza bi hatzetan, Oinatz Bengoetxeak, berriz, atzo erabili zuen aurrenekoz.

«Babesarengatik ez balitz ezingo nuke jokatu. Minari eustea ezinezkoa litzateke». Sebastian Gonzalezen aitorpena da. Azkainekoak bi babes ditu, esku bakoitzeko hatz nagian. Ezkerrekoa du beharrezkoen eta zortzi hilabete daramatza harekin. Hatza pitzatu zuen eta oraindik ez zaio erabat sendatu. Hilabeteak beharko ditu osatzeko, eta babesa betirako eraman beharko duela uste du. «Babesekin jokatzeko berriz ere jokatzen ikasi behar izan nuen. Astintzeko beste modu bat da, hatzeko sentikortasuna galtzen baita».

Babesak, baina, ez dira huts ezinak, batzuetan pilotak min ematen baitu. Gonzalezek ezkerrez azpitik astintzean nabaritzen du gehien. «Txapelketako lehen partidan gorriak ikusi nituen. Partidaren erdi aldera hatzarekin bete-betean jo nuen. Hogei segundoz hatza hilda balego bezala izan zen,a zer-nolako mina. Neure burua lurrera ere bota nuen».

Oinatz Bengoetxeak ezker eskuko hatz luzean darama babesa. Iragan asteko partidan pitzatu zuen. Ez du ondo gogoratzen noiz zehazki, seigarren edo zazpigarren tantoan izan zen, eta berotan arazorik gabe bukatu zuen partida. Komeriak, baina, hatza hoztu zenean iritsi ziren. Gonzalezen babesak eta harenak berdinak dira. Material berekoak. Plastiko gogorra da, eta piezak zulo txikiak ditu, hatzak arnas har dezan. Ortopedian egiten dira, neurrira. Pilotariek hatza makina batean sartzen dute eta behin moldea lortuta plastiko beroak egiten du beste guztia.

Bengoetxeak atzo probatu zuen aurrenekoz babesa eta gustura gelditu zen. Onartu zuenez uste baino hobeto, halere jokatzean aldea nabaritzen da. «Airez jotzean sumatzen dut. Pilotari norabidea eta efektuak hatz puntarekin ematen zaio, eta sentikortasuna galtzean zailagoa da zehatza izatea». Arazoak arazo, Leitzako aurrelariak etzi jokatu ahal izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.