«Podiumarekin konformatuko nintzateke»

Laugarren tokitik abiatuko da gaur, eta konforme dago. Une honetan Red Bulleko gidariengandik ahalik eta hurbilen aritzea beste helbururik ez duela dio.

Laurentzi Garmendia
Berriemaile berezia. Montmelo
2010eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hogeigarren aldiz antolatu du aurten Kataluniako Zirkuituak 1 Formulako proba. Jerezi hartu zion lekukoa, eta, horrela, Pedralbes eta Montjuicekin zuen iragan automobilistikoa berreskuratu zuen Kataluniak. Duela hamar urte arte, lasterketa hau festara zetozen europarren topalekua zen, baina inguruko jende gutxi erakartzen zuen. Hori aldatu egin zen Fernando Alonso iritsi zenean, eta irauli egin zuen guztia. Europarrak lehen bezala datoz, baina alonsomaniak bultzatuta, gertuko ikusleak hamarkoiztu egin dira. Hori horrela izanda, Alonso da zirkuitu honetako harribitxia, guztien helburua.

Atzo emaitza txukuna lortu zuen. Red Bulleko gidariak ukiezinak dira une honetan, eta Hamiltonek bakarrik hartu zion aurrea Alonsori. Ohi bezala, tonu lasaian erantzun zien kazetarien eta BERRIAren galderei, begirada lurretik ia altxatu ere egin gabe. Hitzak neurtuta botatzen ditu aurten; Renaulten autoaz kexatzen zen sarri, baina badaki Ferrarin hori ezin duela egin.

Gaurko emaitzaren inguruan, zer hausnarketa egiten duzu?

Nahiko hausnarketa erraza da. Red Bull guztion aurretik dago, abantaila handiz, eta ezer ez bada gertatzen, bihar ere [gaur] guztion aurretik izango da. Zoriondu egin behar ditugu egindako lanarengatik, eta besterik ez. Haien aurka egin ezin dugun bitartean, lanean jarraituko dugu haiengana ahalik eta gehien gerturatzeko. Eta hori egiten dugun bitartean, ahalik eta ondoen jarraituko dugu puntuak zakuratuz. Gure onena emango dugu, eta batzuetan hori hirugarren postua izango da, beste batzuetan laugarren postua... Guk ere haiek bezain auto ona dugun unera arte, aurrez aurre lehiatzeko.

Podiuma lortzeko Hamiltonekin lehen bihurgunean izan dezakezun lehia gakoa izango al da?

Alde horretatik, beste edozein gidarirekin bezala izango da.

Nola ulertzen duzu Red Bull autoek hemen atera duten aldea?

Ziurrenik neguan egindako probetan ez zuten hain erregai gutxi izango gainean, eta, gainera, denboraldi-aurreko saioetan mota guztietako gomak geneuzkan gure eskura. Gogoan dut probetako azken egunean super soft (super biguinak) pneumatikoak erabili genituela, eta lasterketa honetarako ez dugu haiek erabiltzeko aukerarik. Proba haietan uste dut Nico Hulkenberg izan zela azkarrena, eta begira gaur.

Red Bullekin alderatuta, badirudi Ferrarik hobeto zaintzen dituela pneumatikoak. Abantaila da hori.

Espero dezagun hala izatea! Guk normalean erritmo ona manten dezakegu lasterketan, eta lehen lasterketetan hori ikusi dugu. Hala ere, horrekin ezingo dugu jan segundo bateko aldea, eta bihar [gaur] podiumean egotearekin konformatuko nintzateke. Baina uste dut lasterketan aukera hobea dugula emaitza on bat lortzeko.

Buttonek adierazi du Red Bull autoak iazko Brawn-ek baino nagusitasun handiagoa duela. Ados zaude?

Bai, nik uste dut une honetan Red Bullen nagusitasuna iaz Brawnek zuena baino handiagoa dela, araudia aldatzean hori gertatu delako. Aurreko urtean, sailkapeneko hirugarren saioan erregaiz beteta zeuden autoak, lasterketa hasteko behar zen erregaiarekin egin behar zelako saioa. Eta hor, pisuarekin jokatzean, pisu gutxiago jarrita, gerturatu egiten ginen bata bestearengana. Hori aurten ez da hala, denak erregai minimoarekin gaudelako, eta sailkatzean ikusten dena autoaren benetako errendimendua da. Eta hor agerian gelditzen da Red Bull zein aurrean dagoen. Baina ikusiko dugu, gure itxaropena puntuak lortzea da. Autogileen txapelketan McLaren dago aurretik, baina gaur haien tartean sartu gara. Gidarien txapelketan Button eta Rosberg ditugu aurretik, baina atzean utzi ditugu sailkatzean. Iritsiko da Red Bull txapelketan aurretik jarriko den unea, baina bitartean besteen aurretik amaitu behar dugu.

Azken itzulia ondo egin duzu, laugarren sailkatzeko.

Bai, egia esateko... Alde handiz asteburuan eman dudan itzulirik onena izan da, eta ziurrenik urte osoan eman dudan onena sailkatze saio batean. Baina ez da mirari bat ere, nire betebeharra da Q3an itzuli perfektua osatzea, eta lasterketa perfektua igandean.

Monakon hurrengo asteburuan antzeko irudia izango al da berriz?

Uste dut Montecarlo hain dela zirkuitu berezia, desberdina, non bertan egon arte eta bertan gertatzen dena ikusi arte ezin dugula esan han zer gertatuko den. Egia da Monakon ahalik eta karga aerodinamiko handiena jarri behar zaiola autoari, oso konfigurazio berezia eskatzen du, autoa oso biguin ezarri behar da, ohi baino altuago jarrita, bideko zuloek azpialdea jo ez dezaten. Beraz, espero dezagun Monakon lasterketa ona egitea, gure elementu sendoenekin jokatuz: autoaren konfigurazioa doituz eta ahal bezain ongi egokituz.

Webber aurretik egotea lasaigarri al da zuretzat? Vettelek baino arrisku gutxiago du txapelketari begira?

Bi gidari horiek asko errespetatzen ditut; hala ere, Vettelen inguruan gehiago hitz egiten da. Iaz Vettelek oso txapelketa txukuna egin zuen, eta horregatik dabil guztien ahotan, baina iaz txapelketaren hiru laurdenak bete zirenean, bien artean hiru puntu bakarrik zeudela uste dut, beraz, ezin da Webber ahaztu. Bata zein bestea oso kontuan hartu beharreko gidariak dira, eta biak ere oso maila altuan kokatzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.