Txirrindularitza

Pogacar bigarrenez gailendu da, eta maillot horia berreskuratu du

Esloveniarrak esprintean irabazi die beste faboritoei Tourreko zazpigarren etapan. Oso bukaerarako gorde ditu indarrak Murreko aldapa tentean, eta, behin erritmoa aldatuta, garaiezina izan da. Nagusiko lehen postuan da berriro, Van der Poel aurreratuta.

Tadej Pogacar. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 11
17:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Murren, Bretainiako Horma deritzonean amaitu da gaur Frantziako Tourreko zazpigarren etapa. Txirrindularientzat erronka nekagarria izan da horren malda pikoan abiada bizian lehiatzea. Tarte batzuetan %15eko pendiza topatu dute. Alabaina, zailtasunik handiena ez da igoera bera izan, Tadej Pogacarrekin (UAE) buruz buru jardutea baizik. Horma bat dago Pogacarren eta gainontzeko ziklisten artean, eta nekez apur dezake inork. Areago, helmuga hormatzat jotzen den amaiera malkartsu batean badago. Esloveniarra ez da zatirik gogorrenean mugitu; horren ordez, azken metroetan piztu du txinparta. Jonas Vingegaard (Visma) izan da apur bat hurreratu zaion bakarra. Hirugarren Oscar Onley (Picnic) helmugaratu da.

Tourreko etapa bat azkenekoz Murren amaitu zenean, etapa eta maillot horia irabazi zituen Mathieu van der Poelek (Alpecin). Gaur, ordea, irabazteko lehiatik kanpo geratu da, eta liderraren elastikoa galdu du. Atzo Pogacarri kendu zion, eta itzuli egin behar izan dio gaur. Esloveniarrak luzaro euts diezaioke oraingoan jantzi preziatuari, baina ezin da baztertu berriz ere iheslari baten esku uztea, behin-behinean zama arintzeko. Bi etapa garaipen lortu ditu dagoeneko aurtengo aldian, eta orotara, hemeretzi garaipen ditu jada Tourrean.

Lasterketa Bretainiako lurretan barneratu da gaur. Saint Malon izan da irteera, eta Murren helmuga. Birritan gainditu dute muino gogor hori, eta azken igoerara iristerako zapuztu da ihesaldia. Ewan Costiouk (Arkea) iraun du gehien. Malda gogorrenetan, iazko Tourreko hiru txirrindularirik indartsuenak nabarmendu dira: Pogacar, Vingegaard eta Remco Evenepoel (Soudal). Flandriarrak aurpegia eman du, baina indarrik gabe gelditu da esprinterako. Azkenean, zazpi txirrindulariko multzoa iritsi da helmugara. Pogacar ziztu bizian atera da 200 metro falta zirela, eta gurpiletik atera ditu Vingegaard ez beste arerio guztiak. Primoz Roglicek eta Florian Lipowitzek (Red Bull) eta Mattias Skjelmosek (Lidl) 21 segundo galdu dituzte; eta 51 segundo Enric Masek (Movistar), erori egin baita. Joao Almeida (UAE) ere jausi egin da, eta hamar minutu galdu ditu. Bihar, esprinterren txanda izango da.

Movistar, esne mamitan Giroan

Giroko seigarren etapan, berriz, Liane Lippert (Movistar) izan da garaile, eta haren taldekide Marlen Reusserrek eutsi egin dio maglia arrosari. Ibilbide malkartsuan lehiatu da tropela, eta Lippertek urrunetik egin du eraso, beste zenbait ziklistarekin batera. Azkenean, Lipperten eta Pauliena Rooijakkersen (Fenix) artean jokatu dute garaipena, eta alemaniarra gehiago izan da esprintean. Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa), berriz, uzta baliotsua lortu du mendiko sailkapenerako; lau puntu eskasera du orain lehen postua. Nerone mendate gogorrean bukatuko da biharko etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.