Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard. Jonas Vingegaard eta Tadej Pogacar. 2021az geroztik, bi izen horiek agertu dira Tourreko sailkapen nagusiko lehen bi postuetan. Ez beti hurrenkera berean: 2021ean eta 2024an Pogacar izan zen indartsuena, eta 2022an eta 2023an, berriz, Vingegaardek eraman zuen etxera maillot horia. Tourraren historiako pasarte ederrenetako bat ari dira idazten, UAE eta Visma taldeetako lider moduan. Esloveniarra 2020an igo zen aurrenekoz podiumeko koska gorenera, baina, orduko hartan, Primoz Roglici (Bora) nagusitu zitzaion. Vingegaardek urtebete geroago egin zuen debuta Grande Boucle-an, eta, ordutik, lehia izugarria izan du Pogacarrekin. Bihar hasi eta uztailaren 27ra bitarte, berriz ere buruz buru izango dira ziklismoaren gailurrean.
Haien arteko borrokak, era berean, gailurrera eraman du munduko txirrindularitza lasterketarik entzutetsuena. Hautagai zerrenda asko laburtu da, ez baitago haiekin orpoz orpo ibil daitekeen inor. Halere, Pogacar eta Vingegaard aurrez aurre ikusteak zirrara berezia eragiten du zaleen artean. Tourrean lau bider neurtu dituzte indarrak, eta 84 etapa eta 13.667 kilometroren ondoren, erabatekoa da haien arteko berdintasuna, Procylingstats atariak bildutako datuek ondo erakusten duten moduan: esloveniarrak 328 ordu, 24 minutu eta 46 segundo egin ditu guztira, eta danimarkarrak, berriz, 328 ordu, 26 minutu eta 11 segundo. Hau da, 1.25en aldea baino ez dago bien artean. Eta are murritzagoa da gainsariak alde batera uzten badira: Vingegaardek hiru segundo aterako lizkioke Pogacarri.
Elkarri astindu handiak eman dizkiote lau urteotan. Adibidez, UAEko lemazaina 6.17ren aldeaz gailendu zen iaz, eta Vismakoak 7.29ren aldea lortu zuen duela bi urte. Ikuspegi orokor batetik begiratuta, ordea, parez pare ibili dira elkarren aurka, biak lehian aritu direnean bina Tour irabazi baitituzte. Pogacarrek, hala ere, hiru irabazi ditu guztira, eta Vingegaardek bi. Arrakalak, hein handi batean, Tourraren aurretik izandako ezbeharrek eragin dituzte. 2023an, Pogacarrek ezin izan zuen lasterketa handia nahi bezala prestatu, Lieja-Bastogne-Liejan eskumuturra hautsi eta gero; iaz, berriz, Vingegaardek eroriko larria izan zuen Itzulian, eta kolokan izan zen hark Tourrean parte hartzea. Garaiz osatu zen, baina ezin izan zuen hirugarren garaipena eskuratu jarraian. Aurten ere erori da —Paris-Niza lasterketan—, baina bestelakoan, nahi bezala prestatu du lehia. Pogacarrek ere goitik behera bete du urte hasieran ezarritako plana. Oraingoan, beraz, biak ala biak iritsiko dira indar betean.
Pogacar beste dimentsio batean dago txirrindulari gisa, eta horren adierazle da soinean daraman ortzadar elastikoa. Edozein probatan egiten du distira, izan itzuli edo izan klasiko. Udaberrian, batik bat, Mathieu van der Poel (Alpecin) izan du kontrario, eta, harengatik izan ez balitz, aurten garaipenen zakuan sartuko zituzkeen Milan-Sanremo eta Paris-Roubaix. Hirugarren izan zen urteko lehen monumentuan, eta, hain justu, hori izan da sasoi honetan lortu duen posturik txarrena, egun bakarreko probak eta itzulien sailkapen nagusiak aintzat hartuta. Arabiar Emirerrietako itzulian nagusituz ekin zion denboraldiari, eta ondoren, uzta oparoa lortu zuen klasikoetan: Strade Bianche, Flandriako Itzulia, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja irabazi zituen.
Dauphineko aurrekaria
Dauphine Kriteriuma da Tourraren aurretik jokatu duen azken lasterketa. Eta han, Vingegaardekin egin zuen topo. Erlojuaren aurka, danimarkarrak 28 segundoren aldea lortu zuen hamazazpi kilometroan. Bi egun geroago, ordea, Pogacarrek minutu bat atera zion Comblouxera bidean. Vingegaardek sufritu egin zuen amaierako igoera gogor eta laburretan. Alabaina, itxura sendoagoa erakutsi zuen biharamunean, Valmenierren. Urrundik abiatu zen Pogacar, beste erakustaldi bat egin nahian, baina helmugan hamalau segundo baino ez zizkion atera Vingegaardi. Tourreko etapa menditsu baten tankera izan zuen egun hartako ibilbideak, eta ziurrenik, ondorio baliagarriak atera zituen Vismako liderrak.
Pogacarren aldean, Vingegaardek distira gutxiko urtea izan du orain arte. Ezaugarri ezberdinak dituzte, eta Vingegaardentzat, klasikoek ez dute tokirik urteko plangintzan. Igotzaile petoa da, eta horren ondorioz, zaila da Tourraren aurretik harrabots handia eragitea. Eta zer esanik ez Paris-Nizan erori eta lasterketak alde batera utzi ondoren. Dauphine iritsi arte, danimarkarra hiru hilabetez izan zen lehiatu gabe. Plana ez da askorik aldatu, tarte horretan soilik Kataluniako Voltan aritu behar baitzuen. Altueran behar bezala egin du lan, eta, Dauphinen ikusi denez, sasoi onean itzuli da lehiara. Tourra prestatzeko orduan ez du huts egiten, eta Pogacarri aurre egiteko esperantzaz iritsiko da Lilleko irteerara.
Hautacam eta La Loze bide orrian ikusita, ziurrenik irriñoa aterako zaio danimarkarrari. Izan ere, mendate horietan eman zituen azken kolpeak orain arte irabazi dituen bi Tourretan. Van Aertekin batera, erakustaldi handia egin zuen Hautacamen, eta La Lozen, berriz, Pogacar guztiz amildu zen. Mamuak uxatzeko aukera izango du aurten. Igoera horiek eta gainontzeko mendate handiak lanen erdiak igarota agertuko dira. Hamabigarren etapan Pirinioetan barneratu arte, ez da goi mendiko etaparik jokatuko. Hasiera partean, bosgarren etapak eragingo ditu alderik handienak: 33 kilometroko erlojupeko laua jokatuko dute.
Goi mailako taldeak
Hurrengo erlojupekoa hamahirugarren saioan iritsiko da, eta oso bestelakoa izango da: Peyragudes gainean izango du helmuga. Hurrengo egunean, berriz, Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Superbagneres kateatuko dituzte. Pirinioek arrastoa utziko dute txirrindularien hanketan, eta, bigarrenez atseden hartu eta segidan, Mont Ventoux gainditu beharko dute. Gero, bi etapa bortitz jokatuko dituzte Alpeetan: bata La Lozen amaituko da, eta bestea La Plagnen. Vingegaardek azken txanpan apurtu izan du lasterketa, eta hala egin nahiko luke oraingoan ere. Pogacar, ordea, ez da Granonen eta La Lozen guztiz itzali zen berbera. Txirrindulari sendoagoa da orain, eta hobeki jasaten du beroa.
Iazko txapeldunak sekulako taldea izango du bere esanetara. Joao Almeidak eta Adam Yatesek, lana egiteaz gain, postu ona lortu dezakete sailkapenean. Beste horrenbeste esan daiteke Matteo Jorgenson eta Simon Yatesen, hau da, Vingegaarden bizkartzainen inguruan. Mendaterik garaienetan, UAEren eta Vismaren elastikoak izango dira nagusi. Soudal taldearen maillotak ere agertu beharko luke, Remco Evenepoelen soinean. Podiuma du begiz jota, Primoz Roglicek eta Florian Lipowitzek (Red Bull) bezala. Lehen astean, muino ugariko etapak jokatuko dira, ehiztarien eta klasikozaleen gozamenerako. Esprinterrentzat, ordea, Tour gogorra izango da.
BI EUSKAL TXIRRINDULARI BAINO EZ: ION IZAGIRRE ETA alex ARANBURU
Ion Izagirre eta Alex Aranburu izango dira aurten Tourrean arituko diren euskal ziklista bakarrak. Biak ere Cofidisen maillotarekin ariko dira. 1983az geroztik, euskal txirrindularitzak ez du hain ordezkari gutxi izan Tourreko tropelean. Aldi hartan, euskal herritar bakarrak hasi zuen lasterketa: Julian Gorospek, Reynolds taldean. Iaz sei izan ziren, baina gehienek huts egingo dute aurten. Mikel Landa (Soudal) Evenepoel laguntzekoa zen, baina eroriko larria izan zuen Giroan, eta oraindik ez da osatu.