Txirrindularitza

Pogacarrek begi bistan dauka gailurra

Esloveniarrak asmo handiekin hasiko du gaur Tourra: bosgarrenez irabazi nahi du, eta hala, Anquetil, Merckx, Hinault eta Indurainen pare jarri. Faborito argia da garaipena lortzeko, baina hura estutzen saiatuko dira Vingegaard eta Seixas, besteak beste.

Tadej Pogacar. GIAN EHRENZELLER / EFE
Tadej Pogacar, Suitzako Itzuliko etapa bat irabazten. GIAN EHRENZELLER / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Tourraren historiako txirrindularirik handienak zain ditu Tadej Pogacarrek (Klanec, Eslovenia, 1998). UAE taldeko ziklista lau aldiz nagusitu da orain arte lehiatu den sei aldietan, eta Tour gehien irabazi dutenen mahaian eser liteke uztailaren 26an. Orduan amaituko da aurtengo lasterketa, eta helburua garbi du Pogacarrek: maillot horia bosgarrenez bereganatu nahi du. Modu horretan, harrapatu egingo lituzke Jacques Anquetil, Eddy Merckx, Bernard Hinault eta Miguel Indurain, Tourraren gailurrean dauden lau txirrindulariak. Denek bost bider irabazi zuten egutegiko probarik ospetsuena, eta haien pare jar liteke Pogacar. Faborito nagusi izanik ekingo dio lasterketari, azken bi urteetan alde handiz gailendu baita.

Anquetil izan zen bost Tour irabazten lehena. 1957an hasi zen haren bolada, eta 1964an osatu zuen bilduma. Bost garaipenetatik lau jarraian lortu zituen, 1961etik 1964ra. Merckx ere lau urtez segidan nagusitu zen, 1969tik 1972ra bitarte, eta 1974an iritsi zen haren bosgarren Tourra. Hinaulten aro loriatsuak 1978tik 1985era iraun zuen; Indurainek, berriz, bata bestearen atzetik irabazi zituen bere bost Tourrak, 1991 eta 1995 artean. Gailurrean egon bitartean, menderaezina izan zen txirrindulari nafarra. Pogacarrek ez du horren nagusitasun luzerik ezarri, baina markari bere zigilu propioa ezarri diezaioke: bost Tour irabazi dituen ziklistarik gazteena izango litzateke, 27 urterekin. Merckxek 29 urterekin erdietsi zuen marka, Anquetilek eta Hinaultek 30ekin, eta Indurainek 31rekin.

Aurreneko Tourra ere beste inork baino lehenago lortu zuen Pogacarrek. Debut harrigarria egin zuen 2020an, eta ginga ipini zion La Planche des Belles Filles mendateko kronoigoeran. Hala, 22 urte bete baino egun bat lehenago nagusitu zen lehen aldiz. Irabazle gazteenen zerrendan, soilik Henri Cornet du aurretik; 19 urterekin gailendu zen hura, 1904an. Pogacarrek bi garaipen kateatu zituen bere aurreneko bi aldietan; agintaldi luze baten hasiera zirudien. Ordea, 2021ean lehen ahulezia zantzuak sumatu zitzaizkion. Jonas Vingegaardek sufriarazi egin zion Mont Ventouxen. Bada, danimarkarraren mende izan zen hurrengo bi urteetan. 2024an, ordea, bere onera itzuli zen Pogacar. Eta nola itzuli, gainera: sei etapa bereganatu zituen, eta sei minutuko aldeaz nagusitu zitzaion Vingegaardi. Distira gutxiago egin zuen iaz, baina aise aritu zen, halere.

Aurten ere txapeldun izango balitz, esloveniarrak zazpi Tourretik bost izango lituzke irabaziak. Batezbesteko aparta litzateke. Merckxek ere zazpi saialditan ezarri zuen bost garaipenen marka. Berdinketa apurtzeko, irabazi ez zituzten Tourrei errepara lekieke: lehena izan ezean, bigarren izan da Pogacar; Merckx ere bigarren sailkatu zen 1975ean, baina seigarren izan zen bi urte geroago. Pogacar, beraz, koska bat aurretik egongo litzateke aurtengo Tourra bereganatuko balu. Anquetil eta Hinault, berriz, zortzi Tourretan lehiatu ziren, eta Pogacarrek eta Merckxek bezala, arrakasta izan zuten debuteko aldian.

Indurainek, ordea, oso bestelako bidea egin zuen Tourreko tontorrerantz. Hamabi bider lehiatu zen, eta podiuma oso urrun izan zuen lehen bost aldietan. Oso gorpuzkera sendoa zuenez, mendate luzeei apurka hartu zien neurria. Urrats handia egin zuen 1990ean, eta hortik aurrera, nafarraren esku izan zen Tourreko aginte makila.

Marka gehiagoren bila

Maillot horia sari preziatua da Parisko podiumean, baina zama oso astuna izan daiteke lasterketan zehar; aurkarien jopuntuan egotea eta etapen ostean hainbat betebehar izatea dakar. Pogacarrek, adibidez, akituta amaitu zuen azken Tourra, fisikoki zein mentalki. Edonola ere, tinko eutsi zion elastiko horiari. Guztira, 54 egunez jantzi du orain arte. Harekin batera, beste bost txirrindularik eraman dute soinean gutxienez 50 egunez: Anquetilek 50 egun egin zituen horiz, Chris Froomek 59, Indurainek 60, Hinaultek 75 eta Merckxek 96. Flandriarraren marka urrun du oraindik Pogacarrek, baita Hinaultena ere; Froome eta Indurain, ordea, Tour honetan bertan aurrera ditzake.

Etapa gehien irabazi dutenen sailkapenean ere gora doa Pogacar. Oraingoz, seigarren postuan dago, 21 garaipen lortuta. Merckxek 34 eskuratu zituen bere garaian, eta marka hori luzaro egon zen indarrean, harik eta Mark Cavendishek 2024an ondu zuen arte, 35. garaipena erdietsita. Hamabost Tour jokatu zituen kopuru horretara iristeko; hots, 2,33 garaipen lortu zituen aldi bakoitzeko. Merckxen batezbestekoa hobea da: 4,85 garaipen Tour bakoitzean. Bada, Cavendishen gainetik da Pogacar, baina Mercxen atzetik: 3,5 aldiz gailendu da batez beste. Urterik oparoena 2024an izan zuen, sei etapa irabazita. Alde horretatik ere, aurretik du Merckx, zortzi etapa bereganatu baitzituen 1970ean eta 1974an —bi urte geroago, marka berdindu zuen Freddy Maertensek—.

Tourra bost aldiz irabazi dutenen etapa garaipenei erreparatuz, aipatzekoa da horietako asko erlojuaren aurka lortu zituztela —saio luzeetan nahiz aitzin etapetan—. Indurainek, adibidez, gisa horretan lortu zituen bere hamabi etapetatik hamar; Anquetilek, hamaseitik 11; Hinaultek, 28tik hogei; eta Merckxek, 34tik hamasei. Pogacarrek, ordea, lau erlojupeko eskuratu ditu bakarrik. Amaiera bortitzetan nahiz mendiko etapetan lortu ditu garaipenik gehienak.

Bi aurkari gogor

Bilduma handitzeko prest dago Pogacar, eta, okerrik ezean, zaila izango da hari aurre egitea. Haatik, Vingegaard (Visma) konfiantza handiz iritsiko da Tourrera. Ohiko egutegia alde batera utzi, eta Giroan lehiatzea erabaki du aurten. Bapo egin zuen Italian: maglia arrosa eta bost etapa zakuratu zituen. 2024an, Pogacarri on egin zion Tourraren aurretik Giroan lehiatzeak, baina ikusteko dago Vingegaard bi itzuliak behar bezala kateatzeko gai den. Baietz dirudi, Giroan ez baitzuen gorputza behartzeko beharrik izan.

Danimarkarra da, gaur-gaurkoz, Pogacarren aurkaririk behinena, baina Paul Seixas (Decathlon) ere gertutik zaindu beharko du. Frantziarrak 19 urte ditu bakarrik, baina udaberrian hain modu ikusgarrian loratu zen, ezen Tourrean taldeburu izateko aukera jaso baitu. Euskal Herriko Itzulian erakustaldi handiak egin zituen —World Tour mailako itzuli bat irabazi duen ziklistarik gazteetan da—, eta Pogacar estu hartu zuen Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan. Erori egin zen Auverniako Itzulian; dena den, Tourrera indar betean iritsiko da.

Isaac del Torok (UAE) ere lehen Tourra izango du, eta printzipioz, Pogacar babestea izango da mexikarraren egitekoa. Edonola ere, podiumean izateko hautagai garbia da. Bi gauzak bateragarriak dira; azken hamabost urteetan, nahiko ohikoa izan da podiumera talde bereko bi ziklista igotzea. Del Toro iazko Giroa irabazteko zorian izan zen, eta sasoi itzela osatu du orain arte. Red Bullek ere bi hautagai sendo izango ditu: Florian Lipowitz eta Remco Evenepoel. Parisko podiumean egonak dira biak. Juan Ayuso (Lidl) ere anbizioz abiatuko da Tourrean; alabaina, kale egin du lehiatu dituen azken hiru itzuli handietan.

Euskal ziklistarik ez da ageri faboritoen zerrendan. Mikel Landa (Soudal) ez da lehiatuko, arazo fisikoen erruz. Ezta Pello Bilbao ere (Bahrain): osasun arazoak izan ditu, eta erretiroa hartu aurretik, ezingo dio Tourrari agur esan. Ion Izagirre (Cofidis), berriz, etapen peskizan ariko da bere azken Tourrean. Alex Aranburu (Cofidis) eta Xabier Mikel Azparren (Pinarello) izango dira tropeleko beste euskal ziklistak. Caja Rural taldea lehian izango da, baina etxeko ziklistarik gabe.

Alpe d’Huez azken epaile

Tourra Herrialde Katalanetatik abiatuko da; baita modu berritzailean abiatu ere, taldekako erlojupeko bat jokatuko baita Bartzelonan barrena. Azkenekoz, 1971an lehiatu zen halako saio bat Tourreko lehen etapan. Txirrindulariak goiz iritsiko dira Pirinioetara; seigarren etapan Aspin eta Tourmalet igoko dituzte Gavarnie-Gedrera bidean. Bigarren astean, berriz, Erdialdeko Mendigunean eta Vosge mendietan barneratuko da tropela. Berritasun gisa, hamabosgarren etapak Plateau de Solaison mendatean izango du helmuga.

Azken astea 26 kilometroko erlojupeko batekin hasiko da, eta Alpe d’Huez mitikoan amaituko dira azken bi etapa menditsuak. Gogorrena Parisera iritsi bezperan osatuko dute: Croix Fer, Telegraphe, Galibier eta Sarenne aurkituko dituzte bidean, Alpe d’Huezko helmugara iritsi aurretik. Parisen, Montmartreko aldapak zirrara emango dio lasterketari. Gero, ospakizunen txanda iritsiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA