Ahalmena eta ahalegina uztartu behar dira garaipenak lortzeko, baina lehenengoa aski zaio Tadej Pogacarri (UAE). Hain dago indartsu, ezen gorputza behartu gabe irabaz baitezake. Hala erakutsi du gaur, Giroko zortzigarren etapan. Prati di Tivo igo dute amaieran, eta eraso bortitz bat egin beharrean, garaipena esprintean jokatzea erabaki du lasterketako liderrak. Erakustaldi handia egina zen bezperako erlojupekoan, eta ez zeukan aparteko beharrik aurkariekiko aldeak handitzeko. Batzuk oldartu egin zaizkio azken kilometroetan, baina esloveniarrak nagusitasun harrigarriz erantzun die denei. Eta behin helmugako arkua begiz jota, geldiezin abiatu da garaipenaren bila. Daniel Felipe Martinez (Bora) izan da gainontzekoen artean onena, eta Ben O’Connor (Decathlon) sartu da haren atzetik.
Ibilbide gogorreko etapa izan da. Ziklistak gora eta behera ibili dira ia etengabe, eta 3600 metroko desnibela pilatu dute hanketan. Maldan gora ekin diote egunari, eta bigarren mailako mendate bat, Forca Capistrello igo dute hasi eta gutxira. Eraso ugari izan da ihesaldia osatzeko, eta maila handiko multzo jendetsua osatu da azkenean. Besteak beste, Romain Bardet (DSM), Julian Alaphilippe (Soudal), Michael Storer (Tudor), Georg Steinhauser (Education First), Jhonatan Narvaez eta Magnus Sheffield (Ineos), eta Pelayo Sanchez eta Nairo Quintana (Movistar) lotu zaizkio abenturari. Hamalau txirrindulari elkartu dira guztira.
Iheslarien artean, Pogacarrek Bardet zuen gertuen sailkapenean: 5.23ra. Mehatxua ez zen handiegia. Hala ere, UAE taldeak ziztu bizian gidatu du tropela. Kezkarik ez zeukan Pogacarrek, baina besoak altxatu nahi zituen Prati di Tivon. Esloveniarraren anbizioak ez dauka mugarik. Handia egin zezakeen, lasterketako lehen astean hirugarren garaipen poltsikoratuta. Gosez denean, papurrik ere ez die uzten aurkariei. Horren lekuko izan dira gaur ihesaldian sartu direnak. Asko jota 2.30en aldea eman die Giroko liderraren taldeak. Croce Abbiora igo dira azken mendatearen aurretik, eta 1.30en abantailarekin iritsi dira gailurrera, 40 kilometro falta zirela.
Prati di Tivon, azkar batean harrapatu dituzte ia denak. Valentin Paret-Peintrek (Decathlon), ordea, ekinean jarraitu du, 20 segundo eskasen errentarekin. Helmugarako lau kilometro falta zirela harrapatu dute. Faboritoek, berriz, azken bi kilometroetan piztu dituzte suziriak. Antonio Tiberi (Bahrain) saiatu da gehien, eta Thymen Arensmanek (Ineos) ere egin du saiakera heraberen bat. Kilimak baino ez dira izan Pogacarrentzat. Esprintean denak zeuden hari begira, baina inork ezin izan dio jarraitu. Haren denbora berean sartu dira Martinez eta O’Connor, eta bi segundo geroago Tiberi, Geraint Thomasi (Ineos), Einer Rubio (Movistar) eta Cian Uijtdebroeks (Visma). Belgikarra bosgarren jarri da sailkapen nagusian. Aurretik ditu Pogacar, Martinez, Thomas eta O’Connor, hurrenez hurren.
Giroko etaparik luzeenetako bat jokatuko da bihar. Luzea izango da, baina ez gogorra, mendate puntuagarri bakarrean gora egingo dute 214 kilometroan. Laugarren mailako koska bat izango da, eta amaiera partean aurkituko dute. Beste muino labur batzuk etorriko dira jarraian. Hortaz, iheslarien artean borroka polita ikus liteke Napolira bidean.