Pogacarrek eraman du Dauphine Libere lasterketa

Lenny Martinez nagusitu da azkeneko etapan.

Tadej Pogacar
Tadej Pogacar, Liege Bastogne Liege irabazi zuenean, apirilaren 27an. EFE/EPA/OLIVIER MATTHYS
Edu Lartzanguren.
2025eko ekainaren 15a
17:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero zenez, Tadej Pogacar txirrindulariak irabazi du Dauphine Libere lasterketa. UAE Team Emirates XRG taldeko kirolaria munduko txirrindularirik onena da gaur egun: lau itzuli handi eta zazpi monumentu irabazi ditu jada, Munduko Txapelketaz gain.

Jonas Vingegaard geratu da bigarren sailkapen nagusian (Visma-Lease a Bike), 59 segundora. Florian Lipowitzek (Red Bull-Bora-Hansgrohe) egin du hirugarren, 2 minutu eta 38 segundora. Eta Remco Evenepoelek (Soudal Quick-Step) laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 4 minutu eta 21 segundora.

Munduko txapela buruan izanik Dauphine irabazitako hirugarren ziklista da Pogacar. Louison Bobetek lortu zuen lehenengo balentria hori, 1955ean, eta Bernard Hinaultek ere erdietsi zuen, 1981ean.

Baina gaurko protagonista Lenny Martinez Bahrain Victorius taldeko txirrindularia izan da. Hura heldu da lehena gaur Val-Ceniseko eski estazioan jarritako helmugara (Frantziako Alpeak).

Martinez Cannen (Okzitania) jaioa da, 2003an, eta txirrindulari familia bateko kidea da, haren aitona, aita eta osaba profesionalak izan baitziren. «Ez naiz ondo ibili sailkapen nagusian, baina gaur ondo nabari nuen neure burua, eta ihes egitea erabaki dut», esan du helmugan. Lehen aldiz irabazi du etapa bat Dauphinen, baina sasoi honetan aurrez ere eskuratuak zituen etapa garaipenak, hala Paris-Nizan nola Erromandiako Itzulian.

Ihesaldi ederra egin du Martinezek, eta bakarrik helmugaratu da. Vingegaard harengandik 34 segundora heldu da, Pogacarrekin batera. Atzetik helmugaratu da Matteo Jorgenson (Visma-Lease a Bike), 40 segundora, eta, harekin batera, baita Evenepoel ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.