Txirrindularitza

Pogacarrek garaipen ikusgarria lortu du Pirinioetan, eta lider jarri da berriro

Tourmaleten aurkari guztiak atzean utzi, eta Gavarnieko helmugara bakarrik iritsi da esloveniarra. Vingegaard gertu izan du hasieran, baina 2.38ko aldea atera dio azkenean. Del Toro izan da hirugarren, 2.57ra, eta Traeen amildu egin da horiz jantzita.

Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 9a
17:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko etapa bakarra aski izan du Tadej Pogacarrek (UAE) Tourra hankaz gora ipintzeko. Pirinioetako igoerak jolastoki bilakatu ditu gaur, eta sekulako aldea atera die gainontzeko faboritoei. Lasterketa hasi besterik ez da egin —seigarren saioa jokatu da gaur—, baina esloveniarrak urrats handia egin du Tourra bosgarrenez irabazteko bidean. Erakustaldi handiak egindakoa da lasterketako mendaterik gogorrenetan, eta oraingoan, bere zigilua jarri dio Tourmaleti. Han apurtu du etapa, helmugarako 40 kilometro baino gehiago falta zirela, eta marka ezarri du igoera horretan: 43:15. Jonas Vingegaardek (Visma) begi bistan izan du hasieran, baina danimarkarra tokitan geratu da gero: bi minutu eta erditik gorako atzerapena izan du Gavarnieko helmugan. Isaac del Toro (UAE) izan da hirugarren, garailearen erasoa bideratu eta gero.

Pogacarrek ez du aurkaririk izan, eta etapa irabazteaz landa —23.a du Tourrean—, lidergoa berreskuratu du. Izan ere, Torstein Traeenek (Uno-X) kale egin du. Atzean geratu da Tourmaleten gora, eta, hori gutxi balitz bezala, erori egin da jaitsieran. Hortaz, bihartik aurrera Pogacar jantziko da horiz, eta, ezbeharrik ezean, hala jarraituko du Parisera bidean. Gaur ikusi dena ikusita, itxuraz ezinezkoa da inor esloveniarraren mailara hurbiltzea.

Vingegaard izan du gaur gertuen; 10 segundora eutsi dio eraso egin eta hurrengo hiru kilometroetan. Alabaina, tartea etengabe handitu da hortik aurrera. Tourmalet gainean, Pogacarrek 30 segundora zuen Vingegaard; azken mendatearen hasieran, 1.12ra; eta azkenik, Gavarnien, 2.38ra. Hurrena Del Toro helmugaratu da, 2.57ra, eta beste bost ziklista iritsi dira harekin batera: Remco Evenepoel (Red Bull), Paul Seixas (Decathlon), Florian Lipowitz (Red Bull), Juan Ayuso eta Mattias Skjelmose (Lidl), hurrenkera horretan.

Gavarnieko igoera oso etzana izanik, Tourmaleten jo beharra zegoen lasterketa apurtu ahal izateko. Asmo hori zuen UAE taldeak, eta erritmo bizi-bizia ezarri du Aspineko igoeratik hasita. Gero, Tourmaleten, Del Torok eman dio azken erreleboa Pogacarri. Are gehiago, bi txirrindulariak bakarrik geratu dira mexikarrak erritmoa estutu duenean. Horren ondoren, Vingegaardek aurreratu egin du Del Toro, baina berriro ere, amore eman behar izan dio Pogacarri. 2.42ra du orain Tourreko lidergoa. Del Torok, berriz, hirugarren postura egin du jauzi; 3.27ko atzerapena du.

Ibilbidearen mamia Aspin, Tourmalet eta Gavarnieko igoeretan zetzan, baina aurrez ere belarriak tente izan dituzte tropelean. Kasik ezinezkoa izan da ihesaldiren bat abiatzea, eta ahalegin guztiek oso gutxi iraun dute. Lehenik, Mads Pedersen (Lidl), Victor Campenaerts (Visma) eta Huub Artz (Lotto) saiatu dira –azken horri kargu hartu dio UCIren komisarioak, bizikleta gainean arauz kanpoko jarrera hartu duelakoan–; eta gero, Ben O’Connorrek (Jayco) eta Xabier Mikel Azparrenek (Pinarello) egin dute eraso. Azparrenek berehala sakatu du galga, eta Aspineko igoeran harrapatu dute O’Connor. Igoera horretan, UAEk ziztuan gidatu du tropela. Eta zer esanik ez Tourmaleten.

Beste hautagaiak, paretsu

Tontorretik sei kilometrora, hamalau ziklista besterik ez ziren geratzen onenen tropelean. Ordurako, ezinean geratua zen Traeen. Faboritoen arteko lehia Del Torok piztu du, eta hortik aurrera, Pogacarrek hegan egin du, ikurrin artean. Haren eta Vingegaarden atzetik, antzeko mailan jardun dute beste faboritoek. Del Toro, Seixas eta Lipowitz Evenepoelen, Ayusoren eta Skjelmoseren aurretik igaro dira Tourmalet gainetik, baina seiek elkarrekin amaitu dute etapa. Nahiko garbi dago Tourra nork irabaziko duen, baina litekeena da hirugarren posturako lehia askoz ere irekiagoa izatea: Del Torok hiru segundora du Evenepoel, zazpira Ayuso, 28ra Seixas eta 33ra Lipowitz.

Biharko etapan, hankei atseden apur bat emango diete faboritoek. Esprinterrak, berriz, lehia bizian ariko dira Bordeleko helmugan. Laugarren mailako aldapa bat igoko dute 175 kilometroko ibilbidean; beraz, nahiko garbi dago tropela bat eginda iritsiko dela azken txanpako frenesira. Lehen esprint jendetsuan Olav Kooij (Decathlon) gailendu zen, eta herbeheretarrak eutsi egin nahiko dio Paueko amaieran ezarritako hierarkiari. Beste esprinterrek, ordea, gertutik zainduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA