Le Lioraneko helmugak oroitzapen txarrak zekarzkion Tadej Pogacarri (UAE). Izan ere, 2024an esprinta galdu zuen han Jonas Vingegaarden (Visma) aurka, aurreko kilometroetan daniarrarekin oso lehia estua izan eta gero. Bada, aurkari guztiak ez ezik, iraganeko mamuak ere atzean utzi ditu gaur Pogacarrek, Tourreko hamargarren etapan. Erritmo aldaketa bortitza egin du Pertusen, eguneko azken-aurreko mendatean, eta bakarrik egin du handik helmugarainoko bidea. Beste faboritoak ekinean aritu dira haren atzetik, Vingegaard buru, baina ez dute maillot horia berriro ikusi. Pogacarrek, hartara, are gehiago sendotu du lasterketako lidergoa. Gaurkoa 60. eguna izan du horiz jantzita; Miguel Indurainen pare jarri da.
Nahiko garbi dago lasterketa nork irabaziko duen; podiumerako lehia, ordea, oso zabalik dago. Gaur, aldaketa izan da hirugarren postuan: Isaac del Torok (UAE) kale egin du, eta haren tokian Remco Evenepoel (Red Bull) da orain. Flandriarrak sufritu egin du azken kilometroetan, baina ez da lehertu, eta esprinta irabazi die beste taldeburuei. Pogacar baino 32 segundo geroago helmugaratu da, eta atzetik Paul Seixas izan du (Decathlon). Vingegaardek, berriz, ordaindu egin du aurrez egindako lan eskerga, eta zazpigarren izan da esprintean. 44 segundo galdu ditu Pogacarrekiko, eta, nagusian bigarren jarraitzen duen arren, lidergoa 3.36ra du orain. Evenepoelek, berriz, 4.06ko atzerapena du.
Lehen mailako bi mendate igo dituzte etaparen azken 40 kilometroetan: Pas de Peyrol —7,8 kilometro eta %6ko pendiza, batez beste— eta Pertus —4,4 kilometro eta %8,5—. Azken horretan piztu da faboritoen arteko borroka, egun osoan UAEk tropela erritmo itogarrian eraman ondotik. Pogacarrek uste baino geroago egin du eraso, ziurrenik, Del Toro makal zihoalako. Tontorretik 900 metrora abiatu da, eta, hala ere, denbora eman dio aurkariak atzeratu eta Richard Carapazen (Education) ahalegin ausarta hutsaren pare uzteko. Beste faboritoek hogei segundo baino gutxiagora izan dute tarte batez, baina aldeak handitzera egin du helmugara bidean. Pogacarrek 24 etapa garaipen lortu ditu dagoeneko Tourrean; horietatik hiru, aurten.
UAE, erabat nagusi
Igoerarik gogorrenen aurretik ere, ziztu bizian lehiatu dira txirrindulariak. Lehen 62 kilometroak lauak ziren, eta, tarte horretan, 31 kideko multzoa sortu da lasterketa buruan. Asko kosta zaie ihesaldia antolatzea, baita sendotzea ere, UAEk kate motzean lotu baititu. Ordekaren ondoren, mendateak bata bestearen atzetik igo dituzte, eta ezerezean geratu da ihes egindakoen saila. Lehen igoeretan Javier Romo (Movistar) nabarmendu da, eta bakarrik ibili da lasterketa buruan. Aldiz, oso goiz harrapatu dituzte beste iheslari gehienak: Ion Izagirre (Cofidis), Xabier Mikel Azparren (Pinarello), Mathieu van der Poel (Alpecin), Jonas Abrahamsen (Uno-X), Ben Healy eta Alex Baudin (Education), Romain Gregoire (Groupama), Ben O’Connor (Jayco) eta Harold Tejada (Astana), besteak beste. Goi mailako ehiztari asko elkartu dira, baina ia ezinezkoa da UAEri aurre egitea.
Hori bai, katebegi batek huts egin du Pogacarren taldearen engranajean: Del Toro ez da gai izan erritmoari beste estutu bat emateko, ezta beste hautagaiei jarraitzeko ere. Dena den, Pogacarrek ez du ez haren, ez irratiaren beharrik izan. Erreferentziarik gabe egin ditu azken hamar kilometroak, akats tekniko baten erruz.
Datozen bi egunetan garaipenen zakua gizentzeko aukera izango dute esprinterrek. Hobe dute hutsik ez egin, aurrerantzean ibilbide zaila izango baitute egunik gehienetan. Bihar, 161,3 kilometroko saioa osatuko du tropelak, Vichy eta Nevers artean. Ordekan ariko dira gehienbat —laugarren mailako bi aldapa labur igoko dituzte—, eta, esprinterren taldeek lasaikeria handiz jokatu ezean, kasik utopikoa izango da ihesaldia arrakastatsua izatea. Azkarrenen artean, orain arte, Tim Merlier (Soudal) izan da azkarrena, bi esprint irabazita.