Txirrindularitza

Pogacarrek oreka apurtu du erlojuaren aurka

Esloveniarrak minutu bat baino gehiago atera dio Vingegaardi Tourreko bosgarren etapan, eta bere egin du maillot horia. Evenepoel izan da ziklistarik azkarrena, saioa orduko 54 kilometroko abiaduran osatuta. Bigarren da orain sailkapen nagusian.

Tadej Pogacar. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Tadej Pogacar, maillot horiarekin. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 9a
18:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrakala eragin du Tourreko lehen azterketa garrantzitsuak. 33 kilometroko erlojupeko laua jokatu da Caen inguruan, eta kontraste handia izan da bi faborito nagusien artean: Jonas Vingegaardek (Visma) gorriak ikusi ditu; Tadej Pogacar (UAE), berriz, horiz jantzi da. Danimarkarra ohi baino ahulago aritu da erlojuaren aurka, eta esloveniarrak ez du gupidarik izan: 1.05 atera dio helmugan. Soilik Remco Evenepoelek (Soudal) ondu du Pogacarrek ezarritako marka. Kronometroa 36.42an geratu du flandriarrak, saioa orduko 54 kilometroko abiaduran osatuta. Etapaz gain, lidergoa ere eskuratu nahi zuen, baina Pogacarri 16 segundo atera dizkio bakarrik.

Garaipena lortuta, iragarpenak bete ditu Evenepoelek. Munduko txapelduna da erlojuaren aurka, baita txapeldun olinpikoa ere, eta bere bertute guztiak taularatzeko abagunea izan du gaur: indar biziz eragin die pedalei, eta hitzez hitz bete ditu aerodinamikaren arauak. Era berean, ezin da ezustetzat jo Mathieu van der Poelek (Alpecin) maillot horia galdu izana. Izan ere, sailkapenean gain-gainean zituen Pogacar eta Vingegaard. Lehia handia espero zen haien artean. Bada, espero baino errazago azpiratu du iazko txapeldunak bere aurkari nagusia: inoiz ez dio horren alde handirik atera Tourreko erlojupeko batean. Lasterketa hasi baino ez da egin, baina oso azkar apurtu da oreka.

Gauzak oso alde jarri zaizkio Pogacarri. Evenepoel 42 segundora du, eta flandriarrarentzat oso zaila izango da hemendik aurrera errenta hori txikitzea. Sailkapenean bigarren da orain, eta Vingegaardek, ordea, laugarren postura egin du atzera. 1.13ko galera du dagoeneko. Mugarriz mugarri, atzerapena pilatu du Visma taldeko liderrak, eta ohorezko postuak nahiko aparte geratu zaizkio helmugan; hamabi txirrindularik egin dute hark baino denbora hobea.

Dauphinen, duela hilabete, 28 segundo atera zizkion Pogacarri hamazazpi kilometroko ibilbidean. Bada, paperak trukatu egin dira gaur. Vingegaardek sufritu egin du, eta Pogacarrek gozatu. Mendiko liderraren jantziekin lehiatu da esloveniarra, eta erregulartasunaren sailkapenean ere lehen postuan da orain. Kevin Vauquelin (Arkea), berriz, dotore aritu da gazte onenaren maillot zuria jantzita. Denborarik onenetan bosgarrena ezarri du, eta hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Era berean, deigarria izan da Florian Lipowitzek (Red Bull) emandako maila. Seigarren bukatu du, Primoz Roglic taldeburuak baino sei postu gorago.

Edoardo Affini (Visma) ia hiru orduz izan da etapako sailkapenaren buruan, harik eta Evenepoelek eta Pogacarrek aurreratu duten arte. Euskal ziklistei dagokienez, paretsu ibili dira Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis): 93. eta 97. izan dira, hurrenez hurren.

Biharkoa etapa egokiagoa izango da haientzat, ihesaldia urrun irits bailiteke. Guztira 3.500 metroko desnibela pilatuko dute muinoz muino, Bayeux eta Vire Normandie artean.

Gigante nagusitu da Giroan

Italiako Giroan, berriz, Sarah Gigante australiarrak (Soudal) ihesean irabazi du laugarren etapa. Sailkapen nagusian, Marlene Reusser suitzarra (Movistar) da orain liderra. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) da lehen euskal ziklista, 26. postuan, 6.10era. Jada ez da lehena mendiko sailkapenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.