ESKUBALOIA TXAPELDUNEN LIGA

Portlandek mazedonia jan nahi du

Iruñeko taldeak Mazedoniako Pelister Bitolaren aurka jokatuko du bihar Txapeldunen Ligako ligaxkako aurreneko partida

JULEN ETXEBERRIA / EDURNE ELIZONDO
I
2005eko urriaren 1a
00:00
Entzun


Txapeldunen Ligaren ordua iritsi zaio, beste behin, Portland San Antoniori. Ligaxkako lehen partida jokatuko dute nafarrek bihar, Mazedoniako Pelister Bitola taldearen kontra. Txapelketa irabazteko helburuarekin ekinen dio Portlandek lanari. Lehen mailako aurkarien aurrean helburu hori gauzatzea zaila dela badaki Jose Ignacio San Miguel Iruñeko taldeko presidenteak, baina argi du lehen ligaxka ez gainditzea porrot galanta litzatekeela.

Txapeldunen Liga bigarrenez irabazteko irrikan da San Miguel. Azken urteotako etsipena behingoz atzean utzi nahi du. Eta azken txanpara ailegatu. Eta txapela irabazi. «Europan irabazteko behar adina kalitatea badu taldeak». Ez du zalantzarik.

Kasper Hvidt atezaina, halaber, ziur da Portlandek irabazteko aukera sendoak dituela. «Txapeldunen Liga irabazi, edo bigarren izateko gai gara». Presidentearekin bat egin du: «Porrota litzateke ligaxka ez gainditzea».Errealitateari so egin dio atezain danimarkarrak, hala ere. «Gauza asko dago kontuan hartzeko. Aurkarien kalitatea, zortea, ikusleen presioa». Portlandek esperientzia alde duela uste du berak, eta esperientzia hori profitatu beharko dutela Europan urratsak egiteko.Asobal Ligarekin ezer gutxi du elkarrekin Txapeldunen Ligak. Joan den asteazkenean Asobal Ligako laugarren jardunaldian Arrateren kontra jokatutako partida, ordea, behin eta berriro aztertu izanen dute Portlandeko jokalariek azken egunotan. Egindako hutsak ez errepikatzeko.Txapeldunen Ligaren hasieraren atarian, irudi eskasa eskaini zuten Francisco Javier Zupo Ekisoainen jokalariek. Askoz gehiago egin beharko dute Europan aurrera egin ahal izateko. Defentsa sendoa da Iruñeko taldearen arma nagusietako bat. Ezaugarri nabarmenetakoa. Agerian utzi beharko dute nafarrek Mazedoniako jokalarien aurrean.Defentsa, erasoa ahaztu gabe. Askotan aurkitzen zaila den oreka bilatu beharko dute iruindarrek, ahalik eta eraginkorren izateko. Arrate Portland ezustean harrapatzeko gai izan zen Iruñean. Urrezko puntua kendu zion, merezita gainera. Pelister Bitolaren aurrean horrelako egoerei atea ixten saiatu beharko dute nafarrek, gogor gainera.Lan hori egiteko, Ekisoainek ezin izanen ditu jokalari guztiak baliatu. Martin eta Carvajal ez dira jokatzeko moduan izanen. Martinek eskuineko oina du minduta, eta Carvajalek lepoa.

Aurkari ezezaguna, baina ez hasi berria

Portlanden aurkaria talde ezezaguna da, baina ez hasi berria: aurtengoa hamabigarren aldia da Europako lehiaketetan jokatzen duena, bosgarrena Txapeldunen Ligan. 2001-2002 denboraldian lortu zuen lorpenik handiena. Challenge Kopako finalera iritsi zen, baina Danimarkako Skjern taldeak txapelik gabe utzi zuen. 1995-1996 denboraldian ere lan bikaina egin zuen. Errekopako finalerdietarako sailkatu zen, baina Alemaniako TBW Lemgo taldeak finalerako bidea moztu zion azken unean (partida amaitzeko hamar segundo eskasen faltan lortu zuen TBW Lemgok sailkapena ematen zion gola). Iaz Errekopan aritu zen, pattal, Bosniako Bosna Sarajevok bigarren kanporaketan kanporatu baitzuen, gol eskas bategatik hori bai.

Txapeldunen Liga jokatzen duen Mazedoniako laugarren taldea da. Joan den sasoian goia jo zuen Mazedoniako Ligan, eta Vardar Skopjeren nagusitasunarekin amaitu zuenaurreko bost txapelketak irabazi zituen Vardarrek. RK Pelister Bitolak garaipen zerrenda ona du: sei aldiz irabazi du Liga eta bost aldiz Kopa. Portlanden aurkariak, hala ere, ez ditu une gozoak bizi. Babeslerik gabe geratu berri da, eta taldeko jokalari askok kluba utzi dute: Pepi Manaskovek (taldeko izarra) eta Petar Angelovek (atezain titularra), besteak beste. Hutsune horiek estaltzeko, gazteen eta beteranoen arteko nahasketaren alde egin du Zvonko Sundovski entrenatzaileak 26 urteko batez besteko adina du taldeak. Teorian, joan den denboraldikoa baino talde eskasagoa du RK Pelister Bitolak. Portlandek ez luke arazorik izan behar ligaxkako lehen bi puntuak eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.