Portugal, Suitza eta Espainia ere Munduko Kopako final-zortzirenetan izango dira. Portugal galtzen hasi da Kroaziaren aurka, baina, Gonçalo Ramosek azken minutuan sartutako gol bati esker, sailkatzea lortu du. Suitzak hutsean utzi du atea, eta 2-0 irabazi dio Aljeriari. Espainia izan da sailkatu den beste selekzioa, 3-0 irabazi baitio Austriari. Ondorioz, Portugal eta Espainia nor baino nor gehiago ariko dira astelehenean, 21:00etan, final-zortzirenetako partidan. Suitzak, berriz, bihar goizaldean jakingo du nor izango duen aurkari; izan ere, 03:30ean jokatuko dute Kolonbiak eta Ghanak.Â
PORTUGAL 2-1 KROAZIA
Azkenera arte emozioa izan du Portugalen eta Kroaziaren arteko partidak. Kroaziak hartu du aurrea markagailuan, baina, 94. minutuan Gonçalo Ramosek sartutako golari esker, Portugalek egin du aurrera. Roberto Martinezek zuzentzen duen taldeak Espainia izango du aurkari final-zortzirenetan.
Lehenengo minutuetan, Portugal izan da nagusi. Partida hasi eta hiru minutura, Rafael Leaok lekua irabazi dio Stanisici. Bruno Fernandesek lehen ukituan jaurti du Portugalgo erasoko jokalariaren erdiraketa area barruan, baina Livakovicek bikain erantzun dio. Lehen zatian Portugal nagusi izan da. Goian presio eraginkorra egin du, baina ez du lortu Kroaziaren atea zulatzea.Â
Bigarren zatia hasi eta berehala, Kroaziak lehen abisua eman du. Kovacicek Portugalgo hainbat jokalari gainditu ditu, eta area barruan sartzeko beta izan. Han oreka galdu, ordea, eta haren errematea kornerrera bidali du Diogo Costak. Garrantzitsua izan da Kroaziarentzat bigarren zatia arriskua sortuz hastea, lehenengoan atzean sartuta egon baita. Abisu horren ondoren heldu da partidako lehen gola, 53. minutuan. Stanisicek eskuin hegaletik egindako erdiraketa bigarren zutoinean hartu du Perisicek, eta Diogo Costak ez du ezer egiterik izan.
Une kritikoa izan da hori Portugalentzat. Kroaziak bigarrena sartzea ere lortu du, 56. minutuan, baina epaileak baliorik gabe utzi du Matanovicen gola. Handik bi minutura hasi da Portugalen susperraldia. Rafael Leaok barrurako jokaldia egin du, baina jaurtiketa langara joan zaio. Halere, langa dardarka geratu da orduan, Kroaziako atzealdearen egoeraren erakusgarri.Â
60. minutuan, Cristiano Ronaldok gola sartu du, baina epaileak balio gabe utzi du hori ere, Portugalgo aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Bi abisu horien ondoren, 68. minutuan heldu zaio saria Portugali. Korner batean, Vlasicek elastikotik heldu dio Renato Veigari, eta errematea egitea oztopatu. Epaileak, ondorioz, telebistara jo du, eta bozgorailuetatik penaltiaren berri eman. Ez du huts egin Cristiano Ronaldok, eta markagailuan 1-1ekoa ezartzea lortu du.Â
Kroaziak ez du etsi, eta lanean jarraitu du. 75. minutuan, Kovacicek areaz kanpotik egindako jaurtiketari ondo erantzun dio Diogo Costak, eta jokalari horren beste jaurtiketa bat ere ateratzeko moduan ere izan da jarraian. Diogo Costak salbatu du Portugal partidako atakarik estuenean. 80. minutuan, Petar Sucicek ez du barkatu buruz burukoan, baina epaileak gola baliorik gabe utzi du.
88. minutuan beste aukera garbi bat izan du Kroaziak. Petar Sucicen erdiraketa gehiegi gurutzatu du Pasalicek, eta berebiziko aukera galdu du partida ia ebatzita uzteko. Kroaziak larrutik ordaindu du abagune hori baliatu ez izana, eta, 94. minutuan, Gonçalo Ramosek sareratu egin du Rafael Leaok eskuinez egindako errematea; hala, Portugalek irabazi du partida, eta final-zortzirenetarako sailkatzea lortu.
Partida zoroa izan da, azkenera arte. Arauzko denbora aspaldi amaitua zela, Gvardiolek binakoa sartu du, baina epaileak jokoz kanpo zegoela ebatzi, eta horrela amaitu da norgehiagoka. Portugalek sakon hartu du arnasa, eta Kroaziak, aldiz, kolpea hartu.
SUITZA 2-0 ALJERIA
Suitzak ere ez du huts egin Aljeriaren aurka, eta gaur goizaldean jakingo du zein izango duen aurkari final-zortzirenetan: Kolonbia edo Ghana. 03:30etan jokatuko dute bi horiek elkarren aurka.
9. minutuan, Manzambik i izkin egin die hainbat jokalariri, eta hark alboko marratik egindako erdiraketa sarera bota du Embolok. Horren ondorioz, Aljeriak nahi baino lehenago jo behar izan du erasora: azkar erreakzionatu du, eta 14. minutuan izan du aukera: Auarrek areaz kanpotik egindako erremate kaskarra, ordea, Kobelen eskuetara joan da zuzenean.Â
Suitzak erasoan jarraitu du, eta nagusi izan da. Zenbaitetan, atzeko lerroko jokalariak ere Aljeriaren zelaian sartuta zeuden, eta horrek atzean nabarmen hondorarazi ditu aljeriarrak. 36. minutuan egindako falta jaurtiketa Zakariak errematatu du, baina gora joan zaio.
43. minutuan, Auarrek Txaibiri eman dio baloia kanpotik barrura egindako jokaldi batean, baina hark ez du ongi jo, eta Kobelen eskuetara joan da zuzenean. Aljeriak lortu du azken minutuetan jokoaren ekimena edukitzea eta Suitzaren zelaian egotea. Hala ere, ez du asmatu zenbait errematetan, eta kamuts aritu da erabakiak hartzeko orduan.Â
Bigarren zatiaren hasieran, Suitzak presio itogarria egin du. Aljeria baloia atzetik ateratzen saiatu da, baina, presio horren ondorioz Suitzak baloia lapurtzea lortu, eta Ndoyek 2-0ekoa sartu du. Kolpea izan da Aljeriarentzat, lehen zatiko azken minutuetan jokoaren ekimena hartu izanak esperantza printza bat piztu baitie, baina aurkarien bigarren golak erabat burumakur utzi ditu.
50. minutuan, Aljeriak jokaldi azkar bat egin du eskuin hegaletik. Erdiraketa Mahrezek errematatu du area barruan, baina ez dio batere ongi eman baloiari, eta, ondorioz, Kobelen eskuetara joan da zuzenean. 81. minutuan, Suitzak aukera garbia izan du. Eskuinaldetik egindako erdiraketa bat Riederri iritsi zaio, eta bakarrik zela huts egin du jaurtiketan. Suitzak hirugarren gola sartu nahi izan du partida erabakita uzteko, baina ez du lortu.

ESPAINIA 3-0 AUSTRIA
Mikel Oiartzabalen gol boladak ez du etenik. Beste bi gol sartu ditu Austriaren aurka, eta, horri esker, Espainia final-zortzirenetan izango da. Portugali aurre egin beharko dio astelehenean. Partida hasieran Austriak arrisku irudipena sortu du. Luis de La Fuenteren taldeari kosta egin zaio atzean lerroak ongi ixtea, baina berehala hartu du aginte makila.
Lamine Yamalek amesgaizto bihurtu du Laimerren gaua. 36. minutuan sartu du lehen gola Espainiak. Cucurellak ezker hegaletik egindako erdiraketa maisuki sareratu du Mikel Oiartzabalek. Bigarren zatian ere nagusi izan da Espainia, eta Pedro Porrok sartu du 2-0ekoa, 66. minutuan, Alex Baenak egindako erdiraketa bat baliatuta. Mikel Oiartzabalek egin du 3-0koa ere, 89. minutuan, eta, hala, partida ebatzi. Austriako jokalariak amore emanda zeuden ordurako.Â
