Selekzio batzuk ari dira bidea egiten Munduko Futbol Kopan, eta beste batzuk, bidean geratzen. Bigarren jardunaldia jokatu dute K eta L multzoetan, eta argitu dira zenbait gauza. K multzoan, Kolonbiak 1-0 irabazi du Kongoko Errepublika Demokratikoaren kontra, eta, bi garaipen lortuta, final-hamaseirenetarako sailkatu da. Portugalek, berriz, aise garaitu du Uzbekistan, eta, horri esker, eskura du aurrera egitea. Bestalde, L multzoan, Panama kanpoan geratu da, Kroaziaren aurka ere galduta: 0-1. Ingalaterrak eta Ghanak, berriz, hutsean berdindu dute, eta, beraz, oraintxe, launa puntu dituzte bi selekzioek. Kroaziak, berriz, hiru puntu ditu.
Ikusi gehiago
PORTUGAL 5-0 UZBEKISTAN
Lehen jardunaldian kaxkar aritu zen Portugal, eta bana egin zuen Kongoko Errepublika Demokratikoaren aurka. Ondorioz, irabazi beharra zuen Uzbekistanen kontra, badaezpada ere. Bada, zalantza guztiak uxatu zituen. Cristiano Ronaldoren gidaritzapean, aise garaitu zuen aurkaria. Aurrelariak bi gol sartu zituen, eta beste marka bat hautsi: sei Munduko Kopatan gola egiten duen lehen jokalaria da.
Seigarren minutuan zulatu zuen sarea Ronaldok, eta arnasa hartu zuen haren selekzioak. Ronaldo —bi gol sartu zituen—, Nuno Mendes eta Rafael Leao izan ziren golegileak, eta bere atean sartu zuen gola Abduvakhid Nematovek. Horiek horrela, Portugalek eskura du aurrera egitea. Gainera, konfiantza hartzeko balio izan die garaipenak.Â
KOLONBIA 1-0 KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA
Etxeko lanak egin ditu Kolonbiak. Daniel Muñozek 76. minutuan sartutako golari esker, 1-0 irabazi dio Kongoko Errepublika Demokratikoari, eta final-hamaseirenetarako sailkatu da. Portugalen aurka lehiatuko da hirugarren jardunaldian, baina lasai jokatuko du partida. Kolonbia nagusi izan zen jokoan, eta merezita lortu zituen hiru puntuak.
Hasieratik hegaletatik estutu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoa, eta lanean jarri zuen Lionel Mpasi atezaina. Pixkanaka defentsan sendoago aritu zen Kongo, eta bigarren zatian aurrerapausoa ere eman zuen. Hala ere, zelaian ondoena zegoenean, gola sartu zuen Kolonbiak. Gogoz ospatu zuten jokalariek eta zaleek. Multzoko buru da, sei puntu lortuta eta final-hamaseirenetarako sailkatuta.Â

Â
INGALATERRA 0-0 GHANA
Ghanak, nola edo hala, eutsi egin zion erauntsiari, eta hutsean amaitu zen Ingalaterraren eta Ghanaren arteko partida. Ingalaterra nagusi izan zen jokoan, baina ez emaitzan, ez baitzuen lortu gola sartzea. Hemezortzi jaurtiketa egin zituen Ingalaterrak, baina sareratu, batere ez. Halaxe esan zuen Carlos Queiroz Ghanako hautatzaileak partida amaitzean: «Gure helburua aurkaria frustratzea zen, eta lortu dugu».
Defentsan irmo aritu zen Ghana, ondo kokatuta, eta zuloak behar bezala tapatu zituen. Bigarren zati hasieran eta partida amaieran estutu egin zuen Ingalaterrak, eta aukera argiak izan zituen. Esaterako, bukaeran izandako aukera hirukoitza. Bukayo Sakak jaurtiketa indartsua egin zuen area kanpotik, baina atezainak geratu zuen; jokaldi berean, Nico O'Reillyk langara errematatu zuen erdiraketa bat, eta, errebotean, Harry Kanek gora bota zuen baloia. Azkenean, hutsean amaitu zen partida. Horiek horrela, launa puntu dituzte bi selekzioek.Â

Â
PANAMA 0-1 KROAZIA
Panamak agur esan zion Munduko Kopari, Kroaziaren aurka 0-1 galduta. Kontrara, kroaziarrek lehen garaipena eskuratu zuten. Ante Budimir Osasunako aurrelaria izan zen golegilea. 54. minutuan sartu zuen gola. Panama ez zen gaizki aritu, baina esku hutsik geratu zen. Amaierara arte lehiatu eta saiatu zen, baina arean ez zuen asmatu, Ghanaren aurka bezalaxe. Amir Murillo Panamako jokalariak esan zuen zerbait gehiago merezi zutela; Budimirrek, berriz, zortea izan zutela. Asko esaten dute adierazpen horiek.
Panamak agindu zuen minutu askoan, oldarkor aritu zen, baina garesti ordaindu zituen hutsak. Bestalde, garaipen garrantzitsua lortu zuten kroaziarrek. Hala ere, badute zer hobetua.Â

Â