Getxok eta Alavesek derbia jokatu zuten Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Arabako taldea sailkatu zen bigarren kanporaketarako. Bada, bigarren saio horretan ere derbia jokatuko du Eduardo Coudetek entrenatzen duen taldeak, eta berriro Bizkaiko talde baten aurka ariko da: Portugaleteren aurka. Gaur egin dute Kopako bigarren kanporaketako zozketa, eta zoriak bi talde horiek jarri ditu elkarren kontra. Portugaleten jokatuko dute neurketa hori, Florida futbol zelaian.
Alaves da berriro faborito nagusia final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Alde handia dago bi taldeen artean: Espainiako Lehen Mailan ari da Alaves, eta Espainiako Futbol Federazioaren Hirugarren Mailan Portugalete; hau da, lau maila daude elkarren artean. Hala ere, Portugalete bezalako talde apal batentzat sekulako oparia da maila goreneko klub baten aurka jokatzea, eta are gehiago klub hori Euskal Herrikoa baldin bada. Horrek xarma handiagoa emango dio kanporaketari.
Portugaletek ilusioz gainezka ekingo dio partida horri, eta hori aprobetxatu nahi du beste ezusteko bat emateko. Izan ere, Bizkaiko taldeak ustekabeko galanta eman zuen lehen kanporaketan, hiru koska gorago dagoen talde bat kanporatu baitzuen Florida futbol zelaian: 1-0 irabazi zion Espainiako Bigarren Mailako Valladolidi. Koska bat gorago dago Alaves; beraz, egitekoa oraindik eta zailagoa da, baina Portugaletek balentria egin nahi du berriro.
Portugaletez eta Alavesez gain, beste hiru euskal talde ariko dira bigarren kanporaketan. Realak eta Osasunak hiru maila beherago dauden bi talderen aurka jokatuko dute: txuri-urdinak Reus Reddis Herrialde Katalanetako taldearen zelaian ariko dira, eta, gorritxoak, berriz, Ebro Zaragozako (Espainia) taldearen zelaian. Reusek maila bereko Herrialde Katalanetako beste talde bat kanporatu zuen lehen kanporaketan: Europa. Bina berdindu zuten Reusen, eta etxeko taldea penaltietan nagusitu zen. Ebrok, berriz, koska bat goragoko talde bat utzi zuen bidean: Tarazona. Bana berdindu zuten Zaragozan, eta etxeko taldea penalti jaurtiketetan sailkatu zen. Bai Reala, bai Osasuna faborito argiak dira aurrera egiteko.
Eibar ere faboritoa da, bi koska beherago ari den talde baten zelaian jokatuko baitu: Pontevedra Galiziako taldearen aurka. Pontevedrak Galiziako beste talde bat kanporatu zuen aurreko kanporaketan: Ourense, Hirugarren Mailakoa. Bana berdindu zuten Ourensen, eta Eibarren aurkaria penalti jaurtiketetan gailendu zen.
Bigarren kanporaketako partida guztiak abenduaren 2an, 3an eta 4an jokatuko dituzte.Â
Urtarril hasieran Espainiako Superkopa jokatuko duenez, Athletic ez da ariko ere bigarren kanporaketan, eta hurrengo saioan ekingo dio lehiari, final-hamaseirenetan.
Â