Portugaleteren ilusioa, eta Alavesen eta Osasunaren beharra Kopan

Espainiako Kopako bigarren kanporaketako partidak jokatuko dituzte gaur. Portugalete eta Alaves nor baino nor gehiago arituko dira; Osasunak, berriz, Ebroren zelaian jokatuko du.

Alaveseko Victor Parada baloia buruarekin jo nahian, Getxoren aurkako kanporaketan. LUIS TEJIDO / EFE
Alaveseko Victor Parada baloia buruarekin jo nahian, Getxoren aurkako kanporaketan. LUIS TEJIDO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liga alde batera utzi, eta Espainiako Kopari heldu beharko diote, gaur eta bihar, txapelketan segitzen duten bost euskal taldeek: Portugaletek, Alavesek, Osasunak, Realak eta Eibarrek —Athletic hurrengo kanporaketan hasiko da Kopa jokatzen, Espainiako Superkopa jokatuko duelako—.  Gaur bi partida jokatuko dituzte, biak 19:00etan. Batetik, derbia jokatuko dute Portugaletek eta Alavesek, Floridan; bestetik, Osasuna Ebroren zelaian arituko da. Portugalete ezustea ematen saiatuko da, zaleek eta ilusioak hauspotuta; Alavesek eta Osasunak, aldiz, aurrera egiteko betebeharra izango dute, zenbait maila beherago ari diren taldeak izango baitituzte aurrean. Hobe dute, dena den, zuhur aritu, Kopan beti izaten baitira ezusteak. 

Portugaleten ilusioz gainezka daude. Aurreko kanporaketan Espainiako Bigarren Mailako talde bat utzi zuten kanpoan: 1-0 hartu zuten mendean Valladolid. Behin hori lortuta, bazekiten Lehen Mailako talde bat egokituko zitzaiela. Euskal talde bat izatea nahi zuten, eta hala egokitu zitzaien zozketan: Alaves. Florida bete egingo da, eta zuzendaritzak zozketaren egunetik darama lanean, gaurko neurketarako zelaia guztiz atonduta egoteko. Beste ezusteko bat emateko gogoz daude. «Erronka handia da biharko [gaurko] partida. Beste talde profesional bat kanporatzea balentria handia litzateke, eta oso gogotsu gaude», esan zuen atzo Egoitz Bilbao entrenatzaileak. 

Ligan, behintzat, geraezin izaten ari dira. Espainiako Federazioaren Hirugarren Mailako IV. multzoko liderrak dira —Alaves baino lau maila beherago daude—, 29 punturekin, eta zazpi punturen aldea ateratzen diote bigarren sailkatuari, Touringi. Jokatu dituzten hamahiru partidetatik bederatzi irabazi dituzte, bi berdindu eta bat galdu. Azken partidan berdindu egin zuten Durangoren kontra. Koparen historian bosgarren aldiz arituko da Portugalete Lehen Mailako talde baten kontra.

Alavesek bigarren derbia izango du denboraldi honetako Espainiako Kopan. Aurreko kanporaketan Getxoren kontra neurtu zituen indarrak, eta 0-7 irabazi zuen. Orduan, Eduardo Coudetek gehien eta gutxien jokatzen zuten jokalarien arteko nahasketa egin zuen hasierako hamaikakoan. Hala, Raul Fernandezek, Ballesterok eta Marianok, adibidez, hasieratik jokatu zuten. Gaur ere antzeko zerbait egin dezake. Arabarrek galdu egin dituzte Ligan jokatu dituzten azken hiru norgehiagokak, eta dagoeneko hiru puntura dituzte jaitsiera postuak. Hala, ligari ere erreparatu behar diote, eta larunbatean beste derbi garrantzitsu bat dute, etxean, Realaren kontra. Gaurko partidaz hau esan zuen atzo Coudetek: «Neurketa serio bat jokatu nahi dugu, eta Kopari dagokion garrantzia eman. Haiek talde ona dira, zuzen jokatzen duena».

Harrobiko bost jokalarirekin

Osasunak ere ez du bolada ona izan Ligan, alderantziz. Larunbatean puntu bat eskuratu zuen Mallorcan, 2-0 galtzen aritu eta gero. Puntu horri esker gorritxoak jaitsiera postuetatik kanpo daude, baina leku horietan dagoen lehen taldearekin, Gironarekin, berdinduta. 12 puntu dituzte bi taldeek. Egoera horretan helduko dio Ebroren aurkako kanporaketari. Alessio Lisci teknikariak deialdian sartu ditu bigarren taldeko hainbat jokalari: Argibide, Mikel Serrano, Pedroarena, Arroyo eta Alykall. Moncayola eta Aimar Oroz, ordea, Iruñean geratu dira: «Ez dugu arriskurik hartu nahi», esan zuen atzo Liscik atariko prentsaurrekoan.

Italiarrak honela aztertu zuen gaurko partida: «Halako neurketetan ez zara sekula eroso egoten. Ebro talde oso lehiakorra da, fisikoki indartsua, eta geldikako jokaldietan trebea. Adi egon beharko dugu». Hamaikakoan txandakatzeak egingo dituela onartu zuen Liscik: «Karga fisikoak ondo neurtuko ditugu, datorren asteleheneko Ligako partidara ere bete-betean iritsi nahi baitugu». Gorritxoak beheko postuetatik ateratzen saiatuko dira Levanteren kontrako partidan.

Ebrok Tarazona hartu zuen mendean aurreko kanporaketan, penaltietan. Espainiako Federazioaren Bigarren Mailan jokatzen du, Osasunak baino hiru maila beherago. Bigarren multzoan dago, euskal taldeekin batera. Orain 13. postuan dago sailkapenean. Orain arte hamahiru partida jokatu ditu. Horietatik bi irabazi ditu, zortzi berdindu eta hiru galdu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.