Futbola. Europako Ligako finalerdietako itzulikoa: Athletic-Sporting Lisboa

Pozasetik Bukarestera

Bilboko kaleetan gogotik ospatu dute zale zuri-gorriek Athleticen garaipena. Festa, ordea, arratsaldetik hasia zen Pozas kalean. Giroa, orain, Bukarestera eramango dute bilbotarrek, maiatzaren 9ko final preziatura.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Kaleko giroa akuilu izan zen Athleticeko jokalarientzat. Beste behin ere Bilboko kaleak lepo bete ziren, eta jasotako babesari erantzun ezin hobea eman zien zuri-gorriek. Historian bigarrenez iritsi dira bilbotarrak Europako Ligako finalera, eta kaleetan eromena nagusitu zen. Koparik ez dute oraindik eskuetan, baina lortu izan balute bezala ospatu zuten zaletuek.

Giroa partidua hasi baino askoz lehenago hasi zen. Goizetik sumatzen zen Bizkaiko hiriburuan Athletic egun historiko baten atarian zegoela. Kale zidor guztietan ohi baino bandera zuri-gorri gehiago, eta taldearen kamiseta soinean zuten lehen zaletuak ere agertzen hasi ziren. Eguneko lehen orduetan, ordea, Sporting Lisboaren kamiseta gehiago zeuden kaleetan. Bi taldeko zaleen arteko parranda eta giroa, ordea, arratsaldean zehar lehertu zen.

Poza kaleak goia jo zuen, partidu atarian. «Askotan neroni ere harritu egiten naiz zenbat pertsona elkartzen garen San Mames inguruan, eta barruan», Borja Agirre zaletuaren esanetan. Atzoko harrerarekin ere txundituta zegoen, baina uneak eskatzen zuenaren araberakoa, bere ustez. Eta horien artean, denetariko jendea, «Athletic sentimendu denok elkartzen gaituen sentimendu bat da», Agirreren esanetan. Alboan ikus zitezkeen, esaterako, Athleticeko bufanda soinean zeraman trajedun gizona, eta taldeko kamisetarekin zihoan skinhead koadrila.

Kolore zuri-gorriak ere non nahi zeuden: zaletuen kamisetetan eta aurpegietan, betaurrekoetan, zakurrentzat espresuki egindako jantzietan, aterkietan, Txu txu trenean, antzinako autoetan, bandera erraldoietan... «Europa Ligan aurrera egiten dugun partidu bakoitzeko metro bat gehitzen diogu gure banderari, ea beste bat gehitzen diogun!», zioen Alejandro Aritzgoiti zaleak. Gustura gehituko diote metro bat finalerako.

Europako Ligako final zortzirenetan hasi zen uholde zuri-gorriak atzo ere jarraipena izan zuen, beraz. «Sekulakoa da aurten bizitzen ari garena, eta ez da gutxiagorako kalean ikusten den giroa», zioen Iñigo Etxeberriak eskuetan kartoiez egindako kopa bat zeukala. «Bi finaletatik bat gutxienez irabaziko dugu, ziur». Zaletuen erantzuna ere sekulakoa izaten ari da, eta bera Madrilen eta Bukaresten egoten saiatuko dela aurreratu du.

Kolore zuri-berdeak Bilbon

Baina Bilboko kaleak ez ziren bertako taldearen kolorez bakarrik bete. Sporting Lisboako ehunka zaletu iritsi ziren partiduaren bezperan Bizkaiko hiriburura,«anaiak bezala hartu gaituzte hemen, hasieratik esku zabalik egin digute harrera bilbotarrek», Joao Martins zaletuaren esanetan. Europako beste hainbat hirietan ibilia da bere taldeari babesa ematen, baina «Bilbon bezalako girorik ez dut inon ezagutu». Kalean ikusitako jendetzak harritu zuen batez ere, «tabernetatik kanpo edaten aritzea ez da ohikoena gainerako herrialdeetan», zihoen.

Lisboatik etorri ziren zaletu gehienak gazteak ziren. Talde txikitan iritsi ziren Bilbora, «10 pertsona etorri gara gu, bi autotan», Martinsen esanetan. Bainazaletu portugaldarren artean denetariko jendea zegoen. Rodrigueztar familia, esaterako, osorik iritsi zen euren taldea animatzeko asmotan. «Partidua ikusteaz gain, ondoren hiria ezagutzeko aprobetxatuko dugu, hainbat egunetarako etorri baikara», zioten.

Euskaldun eta portugaldarren arteko harreman onaren seinale, Sporting Lisboako zaletuengan ikusi zitekeen. Euretariko asko txapela soinean zutela zeuden Pozas kalean poteoan. «Bilbotar batek eman dit niri txapela», zioen Martinsek. Athleticeko zaletuek anaia bezala hartu izanaren lekuko, bere esanetan. Baina ez Martinsi bakarrik, Ricardo Sa Pinto Sporting Lisboako entrenatzaileari ere txapela bat bota baitzioten harmailetatik. Kopetilun itzuliko dira portugaldarrak etxera, baina Bilbon topatutako giroarekin gustura, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.