Osasunako zaleei oroitzapen on gutxi dakarzkio Mestallak: 30 aldiz jokatu du Osasunak Valentziaren zelaian Lehen Mailan, eta bi aldiz besterik ez dute irabazi gorritxoek -lehen garaipena Castalian lortu zuten gorritxoek, gainera, Valentziak Castelloren zelaian jokatu baitzuen, zigortuta zegoelako-, seitan berdindu eta 21 aldiz galdu. Valentzia sailkapeneko hirugarren postuan dagoela aintzat hartuta eta Unai Emeryk zuzentzen duen taldea sasoi polita egiten ari dela jakinda, argi dago gaur arratsaldeko lehia ere Osasunarentzat oso erronka zaila dela. Hargatik, zazpi jardunaldi irabazi gabe egin ostean iragan asteburuan Almeria mendean hartzeak lasaitasun handia eman die Iruñeko taldeari, eta ia presiorik gabe iritsiko dira nafarrak gaurko partidara. Beraz, lasaitasunak eta presiorik ezak ematen duen segurtasuna baliatu eta ezustekoa ematea da helburua.
Orain arteko batez bestekoa ikusita, jaitsiera postuetan dauden hiru taldeak sasoi amaieran 40 puntu baino gutxiagorekin izango dituztela dirudi, baina, helburua gertu ikusi arren, Osasunak ez du oraindik salbazioa ziurtatu, eta helburuaren bila urrats garrantzitsua izango litzatekeena egiteko prest dira nafarrak gaur. Gainera, Valentziari bisita egiteko sasoiko unerik aldrebesena denik ez dirudi: Valentzia Europa Ligan sartuta dago buru-belarri. Iragan ostegunean Atletico Madrilen aurka etxean bina berdindu ostean, neurketa garrantzitsua dute datorren ostegunean, Vicente Calderonen, Europako Ligako finalerdietarako sailkatzeko bidean, eta, zalantzarik gabe, osteguneko erronkak Osasunaren aurkako partida behar bezala prestatzen ez die utzi valentziarrei. Ezustekoa emateko aukera ona dirudi Osasunarentzat. Are eta gehiago, Valentziak izango dituen hutsuneak ikusita: Marchena, David Navarro, Miguel, Albelda eta Mathieu min hartuta daude -lehen itzulian, Valentziak Nafarroako Erresuman 1-3 irabazi zuen lehian, Miguel izan ezik beste guztiak hasieratik aritu ziren, eta Albeldak eta Marchenak gol bana sartu zuten-, eta Alexisek eta Zigicek partida bateko zigorra bete beharko dute, txartelak pilatu zaizkiela eta.
Jose Antonio Camachok ez du gehiegizko baikortasunik nahi, dena dela. «Ezin gara gehiegi lasaitu, eta hala gertatuz gero, benetan gaizki legoke. Salbatzeko puntuak batu behar ditugu lehenbailehen, eta asmo horrekin goaz Mestallara, nahiz eta partida erraza izango ez dela jakin. Atletico Madrilen aurka ostegunean jokatzeak ez die kalterik eragingo, astean bitan jokatzen ohituta baitaude Valentziako jokalariak. Maila goreneko futbolariak dira, eta taldearekin ez denean, selekzioarekin eta taldearekin askotan jokatzen dituzte bi partida aste berean», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Zuhur mintzatu zen Camacho, nahiz eta irabazteko aukerak izango dituztela sinetsita egon. «Sinetsita nago irabazteko aukera izango dugula. Erabat seguru nago, zelai eta partida guztietan izan baititugu aukerak. Aukera horiek baliatzea eta amaierara iristea da gakoa, ordea. Jokoan nagusi izan eta ekimena gurea izanagatik, Valentzia eroso senti daiteke zelaian, eta era horretan jokatzen ere ohituta daude. Gainera, Villa eta Silva jokalariengan fede itsua dute».
Vadocz eta Calleja hasieratik
Osasunak bi berritasun izango ditu gaurko hamaikakoan. Puñal eta Juanfran, txartelak pilatu zaizkienez, partida bateko zigorra bete beharrean dira. Camacho, beraz, bi aldaketa egitera derrigortuta dago. Vadoczek ordezkatuko du Puñal. Juanfranen hutsunea betetzeko, berriz, Calleja ezker hegalean jarriko du Camachok, eta Camuñas eskuinetik ariko da. Bestalde, Monreal kili-kolo ibili da aste guztian, baina azkenean ezker hegaleko atzelaria hasieratik jokatzeko moduan da. Monreal osatu ez balitz Oier Sanjurjok hasieratik joka zezakeela zirudien arren, Camachok Lizarrako jokalaria deialditik kanpo utzi zuen atzo. Jon Etxaide izango da bigarren ezker hegaleko atzelaria Mestallan.
Patxi Izkok beste lau urtez presidentetzan jarraitzeko hautagai izateko asmoa baieztatu ostean, datorren denboraldian bere burua Osasunan ikusten ote duen ere galdetu zioten atzo Camachori, bestalde. Eta Osasunako entrenatzaileak ez zuen erantzun argigarririk eman: «Jendea nahastu egiten da, eta ez dut horren inguruan hitz egin nahi. Valentziari irabaztea nahi dudala besterik ez dakit nik, eta horretan jarri nahi dut arreta guztia. Unea iristen denean hitz egingo dut presidentearekin. Ordura arte beti bezala jarraituko dut lanean».
Prest dago erronka zailerako
Almeria mendean hartzeak emandako lasaitasuna baliatu nahi du Osasunak gaur Valentzia ustekabean harrapatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu