Autobusean dago Iñaki Cavero (Irun, Gipuzkoa, 1996), Irundik Montpellierrerako (Frantzia) bidean. Iristeko «gogoz» dago, eta jokatzeko «irrikaz». Gaur jokatuko du Bidasoak, 20:45ean (ETB4).
Duela bi hilabete pasatxo jakin zenuten Montpellierren eta Kielen aurka jokatuko zenutela Europako Ligako bigarren ligaxkan. Jokatzeko irrikaz zineten?
Irrika bizia genuen: pribilegiatu batzuk gara horren partida bereziak jokatzeagatik; gogor lan eginez lortu dugu. Iaz, aurkari samurragoak egokitu zitzaizkigun bigarren ligaxkan. Aurten, ordea, oso talde indartsuen aurka jokatuko dugu. Baina asko gozatzeko partidak izango dira.
Bidasoa bezalaxe, Europako txapeldun izandakoak dira biak.
Hala da, eta haiekin lehiatzeak sekulako ilusioa pizten digu. Nik lauzpabost urtez jokatu dut Europako lehiaketaren bat, eta apur bat normalizatu dut horrelako partidak jokatzea, baina taldera iritsi berri direnei eta gazteei igartzen zaie egundoko ilusioa pizten diela. Edozein kirolarirentzat gauza handia da gero eta erronka handiagoei aurre egitea.
Bidasoak behin baino gehiagotan jokatu zuen Kielen aurka klubaren urrezko aldian, 90eko hamarkadan. Etxean hitz egin dizute partida horiei buruz?
Nire aita Artalekura joan izan da beti, eta askotan hitz egin dit taldeak irabazi zituen Europako Kopaz eta Errekopaz. Baina ez dit hitz egin Kielen aurkako partida haietaz. Galdetuko diot, datorren asteartean jokatuko baitugu Kielen aurka, Artalekun. Niretzat amets bat da partida hori jokatzea: oso urrun ikusi izan dut beti Kiel, baina beti izan dut itxaropena inoiz haren aurka jokatzeko. Eta, azkenean, egun hori iritsiko da. Eskubaloi jokalari profesional batentzat ez dago ezer handiagorik horrelako talde baten aurka jokatzea baino. Gozamena izango da, eta esperientzia izugarria. Zorionez, horrelako hainbat partida jokatu ditut azken urteetan: Wisla Plocken aurka, Fuechse Berlinen aurka, Melsungenen aurka... Eskubaloian jokatzen hasi nintzenean ez nuen uste horren talde handien aurka lehiatuko nintzenik. Sekulako ilusioa pizten dit partida horiek jokatzeak, baina ilusio hori kudeatu beharra dago, urduri jarri eta besoak dar-dar ez egiteko.
Zer itxura hartzen diozu Montpellierko partidari?
Oso partida zaila izango da. Frantziako Ligako taldeak oso indartsuak dira fisikoki. Montpellierren zenbait bideo ikusi ditugu, eta oso argi geratu zaigu oso zaila izango dela haren defentsa gainditzea. Erasoan, berriz, oso bizi jokatzen dute, eta aise bukatzen dituzte jokaldiak. Alexek [Mozas, entrenatzailea] esaten diguna egiten badugu, partida handia jokatu dezakegu, nire ustez. Baina Alexek agintzen diguna egin behar dugu, eta azkenaldian kostatu egin zaigu hark esandakoak betetzea: Ciudad Realen horixe gertatu zitzaigun, aurreko asteartean, eta galdu egin genuen; ostiralean, berriz, irabazi egin genion Puente Genili Artalekun, baina ez ginen lehen itzulian bezain fin aritu. Defentsan eta erasoan hobetu behar dugu; gure esentzia berreskuratu behar dugu.
«Partida handia egin dezakegu, baina defentsan eta erasoan hobetu behar dugu; gure esentzia berreskuratu behar dugu»
Hilabete eta erdiko etena izan duzue. Horrek izan du zerikusirik beherakada horretan?
Bai. Prestaketa partidak baliagarriak dira, baina ez dute inolako antzik lehiaketakoekin. Kosta egiten da eten luze baten ostean erritmoa berriro hartzea, are gehiago jokalariren baten falta baduzu; horixe gertatu zaigu guri. Gerta liteke gutxi jokatzetik ia dena jokatzera pasatzea, eta ez egotea horretarako prest, nerbioek kalte egitea eta gaizki jokatzea.
Kielek eta Flensburgek lau puntu dituzte; Montpellierrek eta zuek, berriz, batere ez. Multzoko lehena zuzenean ariko da final-laurdenetan, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek kanporaketa bat jokatuko dute. Itxuraz, Montpellier da zuen aurkari nagusia?
Edozer gerta liteke, baina, ustez, Montpellier da aurkaririk samurrena; saiatu behar dugu Montpellierren emaitza ona lortzen, itzulikoan, etxean, lana biribiltzeko. Lehiakor aritu behar dugu, eta ahalik eta emaitza onena lortzen saiatu, baina, batez ere, esperientzia honetaz gozatu behar dugu.
Sailkatu zaitezketela uste duzue?
Bai, hala uste dugu. Izan ere, erakutsi dugu denok norabide berean goazenean, denok zer egin behar dugun dakigunean, eta denok ondo aritzen garenean, gauza handiak egin ditzakegula. Behin lortu badugu, berriro lortu dezakegu. Gainera, horren partida bereziak jokatzea pizgarri da.
Julen Mujikak zera esan zuen lehen ligaxkako azken partidan Flensburgen aurka galdu berritan: «Oso gertu egon gara. Noizbait irabazi egingo diogu talde handi bati». Gauza bera uste duzu zuk?
Bai. Askotan egin digu ihes garaipenak azken unean. Asko izorratzen du 59 minutuz oso gogor saiatu eta gero azken minutuan esku hutsik geratzeak. Partida horietan xehetasun oso txikiek eragin handia dute. Aukeraren bat izateko, oso ondo egin behar duzu dena, eta, haiek, aldiz, dena oso gaizki; eta gutxitan gertatzen da hori.
«Lehen itzulia ia infernu baten parekoa izan zen niretzat. Urtarriletik hona, ordea, nire onena berreskuratzen ari naiz»
Egutegi betea izango duzue: Europako Ligan eta Asobal ligan ariko zarete. Prest zaudete?
Inoiz ez zaude horretarako prest. Duela sei-zazpi urte Txapeldunen Ligan aritu nintzen lehen aldian ez zitzaidan gogorra egin. Iaz, ordea, bai. Ez dakit sasoi okerragoa dudan edo adina den. Garrantzitsuena da entrenatzeko aukera dagoenean bete-betean entrenatzea, eta atseden hartzeko aukera dagoenean ondo hartzea atseden.
Zer iritzi duzu orain artekoaz?
Iaz aritu ginen bezala ari gara. Asobal ligan, lehen itzuli ona egin genuen, baina, xehetasun batzuen ondorioz, punturen batek ihes egin zigun. Horrek mesede egingo digu, adi egoteko. Garai onak eta txarrak izan ditugu, baina gai izan gara garai onak aprobetxatzeko eta txarrak azkar atzean uzteko. Orain, egutegi betea izango dugu, baina horrek badu alde onik: bolada onean bazaude, aise egiten duzu hegan; egun txarra baduzu, berriz, segituan duzu aukera arantza ateratzeko. Orain arte egindakoari eutsi behar diogu: gogor lan egin, gauza onekin gozatu eta gauza txarrei onena atera.
Zu nola ari zara?
Zaila izan da: udan belaunak lana eman zidan berriro, eta kosta egin zait taldearen dinamikan sartzea. Lehen itzulia ia infernu baten parekoa izan zen niretzat. Urtarriletik hona, ordea, ondo ari naiz, taldeari ahalik eta gehien laguntzen. Nire onena berreskuratzen saiatzen ari naiz.