Printzeak ez du koroarik izaten

Realak gaur abiatuko ditu Txapeldunen Ligako final-zortzirenak, PSGren aurka. Frantziako talde indartsuak begiz joa du txapelketa lehen aldiz irabaztea.

(ID_13600490) FRANCE SOCCER
Realako jokalariak atzo arratsaldeko entrenamenduan, Printzeen Parkean. CRISTOPHE PETIT / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Realak azken urteetan egindako jauziaren adierazle da gaur gauean Parisen jokatuko duen neurketa. Donostiarrak Frantziako hiriburuan ariko dira, Europako txapelketetan estreinatu zenez geroztik lehendabiziko aldiz. Hala, beste mugarri bat jarriko du kontinenteko mapan. Txapeldunen ligako final-zortzirenak abiatuko ditu han, hain justu ere txapelketa bera sortzeko ideia eduki zuten hirian bertan. L'Équipe egunkariaren bulegoetan izan zuen ernamuina, 1955ean, baina Paris Saint Germainek ez du sekula txapelketa hori irabazi —Olympique Marseilla da Txapeldunen Liga irabazi duen talde frantziar bakarra—.

Nolanahi ere, garaikurra eskuratzea du azken urteetako helburu nagusia, eta itsu-itsuan ari da horren bila. Al-Thani xeke familiaren eskutik, Nasser Al-Khelaifi da Qatar Sports Investment enpresaren burua, eta erakunde hori da klubaren jabea. Dirua erruz sartu du azken urteotan, Txapeldunen liga xede, baina kale egin du. Orain lau urte gertu izan zuen helburua lortzea, baina Bayern Munichek irabazi zion finala.

Qatarreko sosak ailegatu aurretik, PSGren Txapeldunen Ligako parte hartzea Realarenaren parekoa izan da. Bi taldeek finalaurreko bana jokatu zuten aurreko mendearen azken zatian —artean Europako Kopa izena zuen—. Hortik aurrera, noizbehinkako parte hartzeak izan zituzten, 2010eko hamarkadara arte. Historia laburreko taldea da, gainera, 1970ean sortu baitzuten Paris Football Club eta Stade Saint Germain klubak uztartuta. Hain justu ere, Saint-Germain-en-Laye hiriko taldea zen azken hori, Luis XIV.a jaio zen tokikoa, eta haren omenez, PSGk lirio lore bat du armarriaren azpiko taldean. 

Euskal Herrian halako eragina izan zuen errege hura gogoan du PSGk, baina Frantziako hiriburuko taldea koroatu ezinik ari da aspaldian. Nahi baino gehiago ari zaio kostatzen. Printzeen Parkean jokatzen du, hala izena du bere estadioak, eta akaso, hori du kondena. Erregetzarako bidean beste urrats bat gehiago egin nahi du gaurtik aurrera, eta estadio hartan jasoko du baloi gainean koroa duen talde bat: Reala. Bi taldeak lehendabiziko aldiz lehiatuko dira Europako txapelketa nagusian.

Egiari zor, PSG da kanporaketa gainditzeko hautagai nagusia. Datu ekonomikoei erreparatu besterik ez dago hortaz jabetzeko. Esaterako, Parisek 350 milioi euro gastatu ditu sasoi honetarako fitxaketak egiten; Realak, hogei milioi. Alde horiek are handiagoak dira bestelako aldagaiak kontuan hartuz gero. Futbola, ordea, berdin jokatzen da zelai guztietan, eta hantxe erabakitzen da jokoa.

Reala, «gogotsu»

Horiek horrela, Reala ezustekoa ematen saiatuko da final-zortzirenen joanekoan, Luis Enrique Martinezen taldearen aurka. Kanporaketa bi neurketara jokatzeak gutxitu egiten ditu txuri-urdinen aukerak, baina Anoetara emaitza on bat eskuratuta etortzeak haizatuko lituzke aukera horiek. Hori horrela, Imanol Alguacilen esanetan, donostiarrak «gogotsu» daude partidaren atarian: «Leku handi batean gaude, aurkari handi baten eta erronka handi baten aurrean. Reala gara: anbizioa eta ilusioa dira nagusi». 

Teknikari oriotarrak prentsaren aurreko agerraldia egin zuen atzo, norgehiagokaren estadioan bertan, partidaren atariko lansaioa egin aurretik. Imanolek adierazi zuenez, «nortasunarekin jokatu behar dugu. Multzoen faseko maila berean jokatzeko gai baldin bagara, edozein aurkariren aurka lehiatu gaitezke». Ez alferrik talde txuri-urdinak lehendabiziko postuan amaitu zuen D multzoa, eta horri kiku egin zion entrenatzaileak, nahiz aurkarien ahala nabarmendu: «Haiek dira faboritoak, dudarik gabe, baina gure multzoan Benfica eta Inter izan genituen aurka, eta gu pasatu ginen lehendabiziko. Zergatik ez dugu, bada, beste ezusteko bat emango, bihar ondo lehiatu, eta Donostiara kanporaketa bizirik eraman?».

Izan ere, PSGk lan gehiago izan zituen multzoen fasea gainditzeko, eta txapelketatik at geratzeko zorian izan zen. Izan ere, Borussia Dortmundek eskuratu zuen F multzoko lidergoa, eta frantziarrek Milanekin berdinduta amaitu zuten. Zortzina puntu eskuratu zuten, eta golen aldeari esker sailkatu ziren.

Hala, Robin Le Normand atzelariak beldurrik gabe aritzeko beharra azpimarratu zuen Printzeen Parkeko prentsa aretoan: «Egun historikoa da, eta ilusio handia dugu. Aste askoan ari gara lanean partida garrantzitsu honetarako. Argi dago gauzak bikain egin beharko ditugula, baina talde lana da giltzarria. Elkarri lagunduz gero, errazago lortuko dugu helburua. Lehen ere egin ditugu halakoak [Espainiako] ligan eta Txapeldunen Ligan».

PSGk Ousmane Dembele, Killian Mbappe, Marquinos eta enparauak prest ditu jokatzeko. Realean Mikel Oiartzabal izan daiteke berritasun nagusia. Imanolek aurreratu duenez, eibartarraren esku utziko dute jokatu ala ez erabakitzea: «Arriskuak hartzeko egun bat baldin bada, hori biharkoa da. Ondo sentituz gero, eta berak nahi baldin badu, zelaian egongo da». Kontrara, Realak sei jokalari faltako ditu: Aritz Elustondo zigortuta dago, eta Sheraldo Becker, Alvaro Odriozola, Kieran Tierney, Carlos Fernandez eta Aihen Muñoz, min hartuta. Ondo daudenekin saiatuko da Reala emaitza ona eskuratzen; tartean, 2.000 realzale ingururen babesarekin.

PSG-REALA
PSG. Donnarumma; Hakimi, Danilo, Marquinhos, Lucas Hernandez; Ugarte, Zaire-Emery; Dembele, Asensio, Kolo Muani eta Mbappe.
Reala.  Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Galan; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Barrenetxea, eta Oiartzabal.
Epailea. Marco Guida (Italia).
Lekua. Printzeen Parkea (47.000 ikusle)
Ordua. 21:00 (Movistar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.