Mendi korrikalaria

Aritz Egea: «Profesional izateko aukera izan banu, horren alde egingo nuen»

Mendi lasterketetan hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, gorenean lehiatzeari uztea erabaki du Aritz Egeak. Kirolaz gozatu nahi du aurrerantzean ere.

Aritz Egea mendi korrikalaria. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
2025eko ekainaren 11
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Zegama-Aizkorriren ondorioak nabari dira Aritz Egea mendi lasterkariaren (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) orkatiletako batean, eta hura babestua duela azaldu da hitzordura. Hitz errazekoa da, eta ahobizarrik gabe hitz egiten duten horietakoa.

Lehia albo batera uztera zoaz. Hala adierazi zenuen Zegama-Aizkorri baino astebete lehenago. Nolatan?

Lehiatzeari utzi nahi diot, baina ez dut kirola uzteko asmorik. Nire bizitzaren zati handi bat da kirola, eta ezinbestekoa da nire bizitzan. Konpromisorik gabeko zerbaiten bila joan nahi dut, eta ia ziurra da datorren urtean ez dudala mendi lasterketarik jokatuko. Lehiatzeko ikasi ditudan horiek desikasi behar ditut. Hori ezinbestekoa da lasterketa batean lehiatzeko asmoz ez ateratzeko. 14 urte nituenetik ibili naiz lehiatzen; lehenik txirrindularitzan, ondoren, triatloian eta, azkenik, mendi lasterketetan. Aldaketa baten beharrean nago.

Asmatuko al duzu?

Baietz uste dut. Milaka ideia dauzkat buruan bueltaka. Bizikletan, esaterako, zikloturisten Flandriako Tourra korritu nahi dut, eta errepideko maratoi bat egitea ere gustatuko litzaidake. Oraindik ere egin gabeko gauza asko dauzkat kirol munduan.

«Zikloturisten Flandriako Tourra korritu nahi dut, eta errepideko maratoi bat egitea ere gustatuko litzaidake. Oraindik ere egin gabeko gauza asko dauzkat kirolean»

Zergatik hartu duzu erabakia?

Ez dago arrazoi bakar bat. Hasteko, adina. Lehiatzeko gaitasuna behera doa, eta nik jada eman dut nire onena. Jokatu nahi nituen lasterketa ia gehienak jokatu ditut, eta ia urtero lasterketa antzekoak jokatzera eraman nau horrek. Bestalde, ez dut gogorik beste lasterketa batzuk ezagutzeko. Gainera, familiaren momentu asko galdu ditut azken urteetan. Sentipen hori oso barruan daukat. Emaztea askotan joan izan da mendira umeekin bakarrik, ni entrenatzen ari nintzen bitartean. Azken hamabi urteetako oporrak nire entrenamenduek baldintzatu dituzte. Gauza horiek guztiak kontuan hartuta, zerbait aldatu behar nuen. Lagunekin ere gauza asko galdu ditut: bazkariak, parrandaren batzuk…

Zama handia kendu zenuen gainetik erabakia iragarri zenuenean?

Bai, izugarria! Aurreko egunak tentsio handikoak izan ziren. Etxekoek ere ez zekiten zer erabakiko nuen, nahiz eta bazekiten pentsatzen ari nintzela. Egun batean emazteari esan nion iritsi zela eguna. Hark esan zidan beldurra ematen ziola erabaki hori hartu izanak, etorkizunean zer etorriko ote zen [barreak]. Gurasoei ere jakinarazi nien erabakia. Hasieran, geroxeago jakinarazi nahi nuen, baina jada jende askok zekien.

Horiek guztiak kontuan hartuta, aurtengo Zegama-Aizkorri berezia izango zen, ezta?

Bai. Alergia izan nuen berriro, eta lasterketan izandako emozioek ere berezi bihurtu zuten. Sancti Spiritura iritsi nintzenean, eta familia besarkatu nuenean, pentsatzeko modua aldatu nuen. Lehia han bukatu zela konturatu nintzen. Handik aurrera, bidean topatu nituen lagunak besarkatuz joan nintzen, esaterako, aita, Eneko Aliende eta Aimar Lizarazu lagunak… Izugarri gozatu nuen bidean, eta oso maitatua sentitu nintzen.

Zer pentsatu zenuen azken kilometroetan?

Aurretik hasi ziren emozioak azaleratzen. Askotan zera pentsatu nuen: «Azken aldiz igaroko naiz lasterketa honetan inguru hauetatik». Negar egiteko gogoa izan nuen une askotan. Korrikalari askok hartu zidaten aurrea azken kilometroetan, baina berdin zitzaidan. Ez nuen lasterketa amaitzerik nahi! Azken berrehun metroak izugarriak izan ziren. Etxekoak, lagunak eta lehiakideak ondoan izan nituen, eta momentu hori betiko gordeko dut. Negarrez amaitu nuen.

Hamabi urte joan dira bidean.

Ez dira gutxi! Nahiko emaitza onak lortu ditudala iruditzen zait. Lehen urteetan gora egin nuen; hurrengoetan horri eutsi nion. Tartean urte txarren bat izan dut, baina orokorrean oso pozik nago. Askotan aipatu izan dut Zegamak asko eman didala, baina, aldi berean, asko kendu dit. Zegama obsesio hutsa izan da urte askotan. Abendutik maiatzera bitarte, ez neukan besterik buruan. Helburua hara ondo iristea izan da beti. Neure burua asko estutu dut lasterketa horren erruz.

«Zegama obsesio hutsa izan da urte askotan. Neure burua asko estutu dut lasterketa horren erruz»

Triatloia utzi eta mendi lasterketetan hasi bezain laster, Euskal Herriko mendi lasterkari onenekin lehiatu zinen parez pare. Hurrengo denboraldian, berriz, euskal selekzioan zinen.

Bai. Lehen denboraldian jada emaitza onak lortu nituen, eta bigarren denboraldirako Eneko Aliende hautatzaileari idatzi nion, eta kontuan izango ote ninduten galdetu. Baietz esan zidan, eta hasieran Espainiako Kopa korritzea eskaini zidan. Horretarako konpromisoa hartu nuen. Lehen lasterketetan oso emaitza onak lortu nituen, eta Munduko Kopan aritzeko aukera izan nuen. Oso gogorra izan zen bi egutegiak uztartzea. Denera, bost urte egin nituen selekzioan. Selekzioko urteen oso-oso oroitzapen politak dauzkat. Agian, nire kirol ibilbideko oroitzapenik onenak izango dira. Asko daukat eskertzeko garai hartako federazioari, eta Eneko Alienderi eta Iñaki Uribe-Etxeberriari. Oso esker on gutxi jaso zituzten, eta horrek asko mindu izan nau. Oso itsusia izan zen haiek kaleratzeko modua.

Zuen garaiko euskal selekzioa izan da inoizko selekziorik indartsuena?

Baietz uste dut. Agian, garaia ere aproposa izan zen. Pentsa, selekzio hartan zeuden, besteak beste, Jokin Lizeaga, Hassan Ait Xau, Iban Letamendi… Gainera, gure artean izugarrizko giro ona genuen. Gaur egun ez dakit nolakoa izango duten, baina harrigarria izango zen guk genuena baino hobea izatea. Askok kritikatu zuten talde bat ginela; baina helburuak betetzeko, ez zegoen beste aukerarik. Laguntzaile edo hautatzaile batzuekin hitz egin izan dut, eta argi esan izan diet gure garaian egiten zena zela egokiena. Ez dago besterik! Emaitza onak lortzeko, urte guztirako egutegia behar da. Horrek ziurtatzen du konpromisoa.

Salomon taldera joan zinen ondoren. Zergatik?

Selekzioa uztea erabaki nuenean ez neukan ezer sinatuta haiekin, eta jendea ere harritu egin zen. Handik gutxira, Espainiako Salomon taldeko arduradunak idatzi zidan, Biel Rafolsek. Ni taldean sartzen saiatuko zela esan zidan. Beste aukera batzuk ere izan nituen, baina garai hartan arlo ekonomikoa ez zen batere mugitzen.

Zer eskaini zizun Salomon taldeak?

Salomonek merkatuko materialik onenetakoa ematen zidan; nahi adina, gainera. Ez hori bakarrik; baita mendiko lasterketetan lehiatzen jarraitzeko aukera ere, batere kosturik gabe. Horrez gain, euro gutxi batzuk ere ordaintzen zizkidaten. Gaur egungo kontratuak ikusita, lotsa ere ematen du! Amaieran, gehiago kobratzen nuen, baina ez pentsa askoz gehiago zenik. Nazioartera begira, beste erakusleiho batean jarri ninduen Salomon taldeak. Hori bai, ez dago orekarik ematen dutenaren eta eskatzen dutenaren artean. Urtero berritzen nuen kontratua haiekin, eta horrek ere presioa eragiten zidan denboraldi amaieretan. Bestalde, hasieran ondo hartu nuen sare sozialen kontua, baina azken urteetan oso erreta amaitu nuen. Azken finean markarentzako produktu bat nintzen irudipena nuen… eta oso merkea, gainera! Salomoneko arduradun batek zera esan zidan egun batean: «Aritz, oso-oso gutxi ordaintzen dizugu egiten duzun guztirako!». Horrekin dena esanda dago. Horrela ezin nuela jarraitu esan nion Rafolsi azken denboraldian. Beste talde bat bilatzen saiatuko nintzela adierazi nion. Halere, argi utzi nahi dut nire helburua ez zela profesional izatea. Zera nahi nuen: egiten nuenari balio gehiago ematea. Pare bat taldek gainditu egiten zuten Salomonek ematen zidana. Baina aldi berean Domusa Teknik taldearen eskaintza jaso nuen. Dena den, izugarri zor diet Salomoni eta batez ere bertako langile batzuei.

Elkarrizketa askotan aipatu izan duzu profesional hitza. Mendi lasterketetan zer da profesional izatea?

Askotan erantzun dut galdera hori: urtean 50.000 euroko kontratua izatea. Hortik gora kobratuta sentitu zaitezke profesional! Egia da gero eta profesional gehiago daudela, baina oraindik oso gutxi daude. Iruditzen zait orain profesional gehiago dagoela, eta sasiprofesional gutxiago. Ni ez naiz profesionala izan, ezta gutxiago ere! Diru hori kobratzeko aukera izan banu, ez nuke lanik egingo.

(ID_15001628) (/@FOKU) 2025-05-25, Zegama. Mendi lasterketa
Aritz Egea, Zegama-Aizkorri lasterketaren helmuga zeharkatzen, etxekoekin. GORKA RUBIO / FOKU
Profesional gisa korri egiteko aukerarik izan duzu?

Ez dut inoiz aukerarik izan, baina, izan banu, lana uzteko hautua egingo nuen. Halere, niretzat erraza litzateke hori. Lanean baimena eskatu eta kito! Hala, probatu, eta gaizki ateraz gero, lana zain izango nuke. Dena den, ez zait horren arantzarik geratu. Beste batzuek bestela egin dute. Gazte batzuek profesional izateko aukera aprobetxatu dute. Baina arrisku handia hartu dutela iruditzen zait. Haiek horren aldeko apustua egin izana oso arriskutsua iruditzen zait. Hori bai, nire iritzia da, ez beste inorena.

Azken urteetan, Domusa Teknik taldean aritu zara. Zer moduz?

Bai, eta jendeak uste izan du dirutza kobratzen dudala! Ezta gutxiagorik ere! Egia da, agian, lanordu gutxiago egin nitzakeela ordaintzen didatenari esker. Baina lana ezin nuen guztiz utzi. Bere garaian izan nuen murrizketa txiki bat lasterketetara joateko, baina jaiegun gehiago izateko bakarrik. Domusak eskaintza ona egin zidan, baina beste lekuren batean gehiago irabazteko aukera izan nuen. Etxeko taldea da, familiarra, eta tratua ere paregabea. Konpromisoa badago, noski, baina ez daukat aldiro bideoak edo argazkiak igotzen ibili beharrik. Konpromiso bakarra zera da, maiatzean haiek antolatzen duten lasterketan parte hartzea. Izugarrizko hiru urte pasatu ditut taldean. Mikel Argoitiari eta Pedro Seguiri ere asko zor diet.

Azken hiru urteetan ultra distantzian aritu zara. Esperotako bidea egin duzu?

Ez nuen horretarako asmorik, baina pandemia garaian entrenatzeko denbora gehiago izan nuen. Asko gustatu zitzaidan. Garai hartan, begira hasi nintzen ea Chamonixko [Alpeak, Frantzia] lasterketaren batean izena eman nezakeen, eta ikusi nuen aukera nuela elite moduan CCC lasterketan [100 kilometro, +6.050 metro] irteteko. Ezustea izan zen. Aukera hori aprobetxatu egin behar nuela pentsatu nuen. Handik aurrera ultratrailak egitea erabaki nuen. Lehen urtea nahiko ondo joan zen, nahiz eta Tenerifeko estreinakoan erretiratu egin behar izan nuen. Berdin gertatu zitzaidan Chamonixen ere. Urdaileko arazoak izan nituen. Bigarren urtean, ordea, dena ondo atera zen. Espainiako txapeldun izan nintzen, CCC lasterketan lehen hamarretan sailkatu nintzen, Munduko Txapelketan bosgarren egin nuen… Hirugarren urtean, berriz, dena oker atera zen. Oso erreta amaitu nuen. Egun guztia nekatuta pasatu izan dut ultratrailak prestatzen egon naizen garaian. Balantzea egin beharko banu, positiboa izan dela esango nuke. Baina, aldi berean, argi dut loteria hutsa direla.

Iaz betiko distantzietara itzuli zinen berriro ere: maratoira. Nolakoa izan zen itzulera?

Uste baino hobea. Dena kontrolpean nuen irudipena neukan, eta hori sentipen ederra da. Entrenatzen ondo, lanean ere ondo, familiarekin ere denbora aukera… Oso gustura aritu nintzen. Ez nintzen batere damutu erabakia hartu izanaz.

Nola amaituko duzu denboraldia?

Aran ibarreko [Lleida, Herrialde Katalanak] lasterketa korritzea gustatuko litzaidake, eta ondoren OCC [Chamonix, 56 kilometro]. Lehenengorako zalantzak ditut, baina bietara joaten saiatuko naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.