Arrauna

Puntaren puntan

Hondarribiak zazpigarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, Lekeition. Ioseba Amunarriz bandera gehien zakuratu dituen patroia bilakatu da

Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia, Euskadiko Txapelketako bandera zazpigarren aldiz astintzen; arraunlariak arraunak goran dituztela. Haien atzean, Mikel Orbañanos entrenatzailea, atzo, Lekeition, Bizkaian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Arraun talde batek baino gehiagok azpimarra gorria jarri ohi diote Euskadiko Traineru Txapelketari, nahiz eta batzuek lerro lodiagoarekin biribildu beste batzuek baino. Bandera horrek izan du Euskal Herriko arraun taldeen artean nolabaiteko prestigioa. Eta oraindik ere badu. Trapua, baina, batek bakarrik eramaten du etxera, eta atzo Lekeitiotik (Bizkaia) Hondarribira (Gipuzkoa) joan zen. Bi datu: lehena, klubaren historian zazpigarrenez irabazi dute berdeek, eta guztietan Mikel Orbañanos entrenatzaile dela. San Pedro eta Kaikurekin berdinduta daude orain. Bigarren datua, kopuru bera baina are deigarriagoa: Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko lemazain beteranoa Euskadiko Txapelketako palmaresaren goi-goian jarri da, zazpi banderekin. Hondarribiarraren atzetik Joan Carlos Fontan San Pedroko patroi handia dago, seirekin.

Lekeitiokoa misterioz jositako estropada eremua izan ohi da, nahiz eta atzo ez zegoen aparteko itsasorik eta haizerik; hondoko itsasoa izan ez zenean, itsaslasterra izan zen protagonista. Kontuan hartuta marea behera zihoala, kanpoko kaleek sakonera handiagoa zuten, baina itsaslaster gehiago itzulerako bi luzeetan. Zoriak hala erabakita, Santurtzi Bizkaiko txapelduna eta Hondarribia Gipuzkoakoa lehen eta bigarren kaleetan aritu ziren, hurrenez hurren. Donostiarrari hirugarrena egokitu zitzaion, eta Zierbenari, laugarrena.

Modu tradizionalean eman zioten hasiera estropadari; itsasoko epaileak bandera gorria jaitsi orduko, lau ontziek lehen arraun kolpeak eman zituzten. Hondarribiak hartu zuen estropada burua, baina Donostiarra ez zen urrun. Santurtzik eta Zierbenak ontzi bateko galera zuten ordurako, eta laugarren minuturako, are gehiago: zortzina segundoko atzerapena zuten biek Donostiarrarekiko.

Lau taldeek kontuan hartu zuten Oriok lehen txandatik markatutako denbora oriotarrek brontzea golkoratu zuten. Ziaboga ematen lehena Ama Guadalupekoa ontzia izan zen; Orio baino segundo bat beranduago, ordea. Segundo bakarrera heldu zen Donostiarra; Zierbena, hirura, eta Santurtzi, bostera.

Maniobraren ostean, estropada bitan hautsi zen; bi gipuzkoarrak aurretik eta bi bizkaitarrak atzetik. Arkaitz Diez Donostiarrako patroiak istriborrera jo zuen, itsaslasterra saihestu nahian. Torrekua ontziko arraunlariek paladak sarriago ematen zituzten hondarribiarrek baino; Orbañanosenak, berriz, arraunean luze zihoazen, eta Amunarrizek bigarren kaleari eutsi zion. Hain zuzen, Hondarribia Igor Makazagaren taldearekiko bost segundoko altxorrarekin iritsi zen bigarren ziabogara, eta zazpi segundotan ondu zuen Orioren denbora. Zortzira heldu zen Santurtzi, eta Zierbena ondoren.

Hirugarren luzea, gako

Donostiarrek bazekiten kanporanzko luzean laugarren kaleari etekina atera ahal ziotela. Hondarribiako arraunlariek, berriz, beren betiko arraunketan segitu behar zuten, eta bazekiten bandera irabazteko gako nagusietako bat luze horretan zegoela. Apurka-apurka, Donostiarra Ama Guadalupekoa ontziari gerturatuz joan zitzaion, hiru segundora jartzeraino. Atzean, berriz, Santurtzi hamarrera zen, eta hamahirura Zierbena.

Bi gipuzkoarrek lehia estua izan zuten estropada burua nork hartuko, hortik ziabogara arteko bi minutuetan Amunarrizek eta haren arraunlariek hiru segundo atera zizkioten Makazagaren taldeari. Azken ziabogan zazpira handitu zuten tartea, eta Orioren denbora baino zortzi segundo azkarrago egin zuten.

Azken luzean, Donostiarrari zirt edo zart egiteko ordua iritsi zitzaion, eta Diezek lehenengo kalerako norabidea hartu zuen erabat, baita arraunlariei paladak gehiago sarritzeko eskatu ere; izan ere, Hondarribiak, metroak egin ahala, ikurrina gertuago zuen. Lantza girorik ez zegoenez, Orbañanosen taldea lehenak helmugaratu ziren estutasun handirik gabe. Beren buruarengan sinesteko garaipen handia, alajaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.