Berandu esnatzeagatik, porrota jaso zuen atzo Baionak. Gaizki hasitako bidea zuzentzea zaila da, are eta gehiago Perpinyan, eta azkenean gutxigatik galtzaile atera zen (19-25). Galdu arren, puntu bat lortu zuen Lapurdiko taldeak, eta Heineken Kopako borrokan bere balioa izanen du.
Lehen zatian zailtasun handiak izan zituen Baionak. Perpinya gogotsu sartu zen partidan, eta talka guztietan min eman zion Lapurdiko taldeari. Lehen hogei minutuetan, partida nahasi joan zen. Bi taldeek uztartze irekietan presio handia ezarri zuten, eta baloi anitz galdu zituzten. Presioak fruitua eman zien biei.
Pixkanaka etxeko taldea gaina hartzen hasi zitzaion Baionari. Xuri-urdinek sufritu zuten, Perpinya beti aitzina zihoalako, eta faltak egitea beste erremediorik ez zitzaien gelditu. Jerome Porical katalanak bere lau ostikoetatik bi sartu zituen eta 6-3 ezarri zuen aitzinetik Perpinya.
Lehen oren erdia iristear zela, Perpinyak bere agintea entsegu batekin gauzatu zuen. Baiona, beste behin, defentsan gibel eta gibel ari zen, eta azkenean ezin izan zuen Coetzee gelditu. Atsedenaldia 14-3koaren bururatu zen, Kataluniako taldearen alde.
Bigarren zatiari hobeki ekin zion Baionak. Entrenatzaileen errietak on egin zion, eta partidaren haria hartu zuen. Alderantziz, Perpinya urduriago zebilen, eta jarraian hiru zigor kolpe jaso zituen. Baiona partidan sartu zen berriz, batez ere Gerberrek entsegua sartu zuelarik. Lehen zatian oso itxura pobrea eman zuen, baina 50. minuturako hiru puntuko beranta baizik ez zuen: 14-11.
Perpinyak, alta, berehala erreakzionatu zuen. Candelonek hasi zuen jokaldia, eta aitzinekoen lanari esker, Puluk entsegua sartu zuen: 19-11. Zoria alde izan zuen etxeko taldeak, baina bigarren zatian askoz hobe zegoen Baiona. Erasora jo zuen, eta Sebastien Fauqueren ostikada bikain bati esker Gerberrek bere bigarren entsegua sartu zuen: 19-16.
Orduan, partidak ihes egin zion Lapurdiko taldeari. Bi jokaldi inozotan, oso garbiak ez ziren bi zigor kolpe adierazi zituen Cedric Marchat epaileak, eta Perpinyak zuloa egin zuen: 25-16. Defentsako puntuak ihes egin zion une horretan. Baina Christian Gajanen jokalariek ez zuten gisa horretan bukatu nahi. Berriz erasora jo zuten, eta ongi eraikitako jokaldi batean zigor kolpea lortu zuten. Sebastien Fauquek ez zuen huts egin bere ostikada: 25-19. Baionak defentsako puntu gehigarria eskuratu zuen, merezita, eta Perpinya garaipenarekin konforme gelditu zen.
Miarritze, etxean
Bestalde, Miarritzek etxean jokatuko du bere Top 14ko partida, Parisko Racingen aurka (13:50, Rugby +). Joan zen asteko partidan Arroxelaren aurka oso estu irabazi zuen Jean Mixel Gonzalezen taldeak, eta arratsalde honetan beste itxura bat eman beharko du Racingi irabazteko. Parisko taldea sailkapeneko bigarren postuan dago, eta oso aurkari arriskutsua izanen da.
Puntu bat balio duen porrota
Baionak gaizki hasi du Perpinyaren aurkako partida, eta azkenean defentsa puntua lortu du bakarrik (19-25)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu