Gehiegi pentsatzeko betarik gabe, Athleticek eta Realak asteazkenari begira izango dute burua. Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute bi taldeek, 21:00etan. Valentzian ariko dira zuri-gorriak, eta Alavesi egingo diote bisita txuri-urdinek. Gaur egungo futbolean, hurrena datorren partida izan ohi da garrantzitsuena, baina komenigarria litzateke atzera begirako ariketa txiki bat egitea. Alde horretatik, igande iluntzeko derbiko arrastoak presente dituzte oraindik Athleticek eta Realak. Partidak puntu banaketa ekarri arren, jokoa eta sentipenak oso ezberdinak izan ziren bi taldeen partetik. Eskura izan zuten garaipena donostiarrek, baina epaileak Brais Mendez kaleratu izanak gidoia aldatu zien. Horixe baliatu zuten bilbotarrek azken unean banakoa lortzeko, baina puntuak ez zuen mina arindu.
Valverde, ezbaian
Emozionalki, hondoa jota
Athletici ezer gutxirako balio izan zion puntuak, jaitsiera postuetatik gertu baitago oraindik ere. Zenbakiek dardara eragiten dute: jokoan izandako azken hemezortzi puntuetatik soilik bi eskuratu dituzte zuri-gorriek. Okerrena da suspertzeko itxurarik ere ez dutela erakusten. Nortasun eta arimarik gabe dihardu taldeak, emozionalki hondoa jota, eta jada ahoz aho dabil Ernesto Valverderen izena. Denboraldiaren lehen erdiko kirol balantzea egiteko, Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak prentsaurrekoa egingo du bihar, San Mamesen. Eta pentsatzekoa da zera esango duela: konfiantza osoa dutela entrenatzailearengan. Baina denbora agortzen ari zaio Valverderi, eta alarmaren kolorea gero eta gorriagoa da. Gain behera doa Athletic, balaztarik gabe. Entrenatzailea ahalegindu da egoerari larritasuna kentzen prentsaren aurrean, baina zaleen pazientzia bukatzen ari da.
Matarazzorena ez da kasualitatea
Sendoagoa da taldea
Txanponaren beste aldean ageri da Pellegrino Matarazzo. Realeko entrenatzaile kargua hartu zuenetik beste joko eta itxura bat du taldeak, eta San Mamesen indartu egin ziren aurrekari horiek. Azterketa zaila zeukan estatubatuarrak, baina nota ona lortuta gainditu zuen, eta baieztatu zuen orain arteko emaitzak ez direla kasualitatea izan. Sendotasuna erakutsi zuten txuri-urdinek, eta soilik epailearen akats batek eragotzi zien garaipena eskuratzea. Distiratsua izaten ari da Realaren azken bolada: jokoan izandako azken hamabost puntuetatik 11 bildu ditu, eta behetik gora doa sailkapenean. Jokalariek itsu-itsuan sinesten dute entrenatzailearen joko sisteman, eta talde barruko harmonia onuragarria da. Europarekin amets egiten hastea zilegi dute donostiarrek.
Aurkariaren gol bakarra, gaitz erdi
Yeray, Lezamara bueltan
Derbiak Athletici albiste onik ekarri bazion, zera izan zen: gol bakarra sartu zietela. Eta bada zerbait, azken denborako zenbakiak kontuan hartuta. 2026ari dagokionez, partida gehienetan hiru gol sartu dizkiete zuri-gorriei, eta era horretan ezinezkoa da lehiakorra izatea. Hortaz, Realak haiei gol bakarra sartu izana ontzat har daiteke. Hori bai, interpretazio egokia egitea komeni da. Realak gola sartzeko aukera nabarmenak izan zituen, baina ez zituen baliatu. Hori aski ez, eta Unai Simonek ere goi mailako geldiketak egin zituen.
Arazo handia du Valverdek defentsako lerroan. Fede gabe dihardute jokalariek, eta ezer gutxi eginda golak erraztasun handiz sartzen dizkiete aurkariek. Gainera, min hartuta daude Dani Vivian eta Aymeric Laporte, eta asteazkeneko Kopako partidan Aitor Paredesek ere ezingo du jokatu, zigortuta dagoelako. Gutxienez, atzo albiste ona izan zen Lezaman, Yeray Alvarez taldekideekin batera hasi baitzen lanean. Dena den, apirilaren 2ra arte ezingo du lehiatzen hasi.
Nico Williams, ezinean
Pubalgiak jota dabil aspaldi
Defentsako lerroan ez ezik, erasoan ere arazo potoloa du Athleticek min hartutako jokalariekin. Realaren aurkako derbian Iñaki Williams kapitaina zelaira itzuli zen, baina erizaindegiari lotuta jarraitu beharko dute Oihan Sancetek eta Nico Williamsek. Are, badirudi Nico Williamsek geldirik egon beharko duela bizpahiru hilabetez. Pubalgiarekin lotutako arazoak izan ditu sasoi osoan zehar, eta nahia eta ezina sumatzen zaio. Derbian ere ez zuen aurkari bakar bat atzean uzterik lortu. Ebakuntza gelara sartzea saihestu nahi du, eta beste tratamendu bati ekingo diola dirudi. Hori egiaztatzen bada, hutsune garrantzitsua izango dute zuri-gorriek hurrengo partidetan erasoari begira. Realaren kontra, esaterako, hiru zutoinen artean lehen errematea 52. minutuan egin zuen Athleticek. Era horretan ez da erraza partidak irabaztea.
Guedes, distira betean
Kuboren falta betetzen ari daÂ
Gonzalo Guedes, bestalde, erraz ari da golak sartzen. San Mamesen sartutako gola kontuan izanda, sasoi honetan sei gol sartu ditu jada. Take Kubo min hartuta dago, baina haren hutsunea txikiagoa da portugaldarraren lanari esker. Golak egiteaz gain, presioan zorrotz eta langile dihardu, eta oso pieza garrantzitsua bihurtu da Realaren joko sisteman. Geldikako jokaldietan indartsua da buruz, eta badaki goi mailako golak egiten areaz kanpotik. Matarazzoren konfiantza osoa irabazi du, eta Mikel Oiartzabal eta biek oso ongi hartzen dute elkar aurrean.