Athleticek puntu bat eskuratu zuen La Rosaledan. Ez da gutxi. Izan ere, talde zuri-gorriak azken jokaldira arte itxaron behar izan zuen Asenjoren atea zulatu eta banakoa sartzeko. Beraz, pozik egoteko moduan daude zuri-gorriak. Etxean irabaziz gero, kanpoan eskuratzen diren puntuak oso baliagarriak izaten baitira. Luzaroan ezinean aritu ostean, azken bi irteeretan lau puntu eskuratu ditu Caparrosen taldeak. Zortea lagun izan du bi partidetan, baina sari ona da.
Lehoiek beldur handia zioten Malagaren kontrako partidari. Batetik, bi egunetan txipa aldatu beharra zeukatelako. Kopa ahaztu eta ligari aurre egin beharra zegoen. Ez da erraza izaten. Buruko eta hanketako neketik osatzeko egun bi baino gehiago behar dira eta. Horretarako, bost aldaketa egin zituen teknikari zuri-gorriak: San Jose, Muniain, Iturraspe eta Orbaiz aukeratuen artean ikustea ez zen harritzekoa izan. Laurek baitute Athleticen jokatzeko gaitasuna. Borja Ekiza hamaikakoan ikustea izan zen ezustekoa. Besteak beste, egun bi lehenago Ociok bere kirol ibilbideko neurketarik onena jokatu zuelako. Hala ere, erdiko atzelari beteranoa aulkian utzi etagaztea zelairatu zuen Caparrosek. Norgehiagoka hasi aurretik erabaki arriskutsua zirudien, baina erabaki zuzena bilakatu zen bukaeran. Jokalari gazteak txukun jardun zuen. Lasai aritu zen.
Bost aldaketa eginda, bezperan aipatu zuen freskotasuna lortu gura zuen Caparrosek. Lehen minutuek arrazoia eman zioten. Athleticek, zelai erdia indartuta, baloiaren jabetza izan zuen. Malaga atzean zegoen zain, eta ahal zuenean Quincyren abiadura baliatzen ahalegindu zen. Baina apurka etxeko taldeak baloiaren jabetza berreskuratu zuen. Orbaiz gertutik zaintzea nahikoa izan zuen nagusi izateko. Apoñok izan zuen aukerarik onena lehen zatiaren hondarrean. Erdilariaren jaurtiketari erantzun ona eman zion Iraizozek. Gainerakoan, ezer gutxi. Ez Athleticek, ez Malagak.
Bigarren zatiak lehenaren antza izan zuen. Athleticek gogotsu ekin zion lanari, eta horri eskerrak Muniainek Asenjoren atea zulatzeko aukera izan zuen. Ezin izan zuen, ordea, atezaina gainditu. Baina pixkanaka-pixkanaka Malagak aurrera egin zuen eta, berriz ere, estu hartu zuen talde zuri-gorria. Rondonek eta Apoñok gertu izan zuten gola, baina Demichelis izan zen asmatu zuen bakarra. Dudak, beste behin, maisutasunez jaurti zuen kornerra eta argentinarrak aurkari guztiei aurrea hartuta aurretik ipini zuen etxeko taldea.
Athleticek hamar minutu izan zituen lehia parekatzeko. Arauzko hamarrak eta luzapena, zehatzagoa izateko. Izan ere, azken minutuan orekatu zuen partida Caparrosen taldeak. Gabilondok, beste ezker fin batek, ederto atera zuen falta arearen erdira, Javi Martinezek, penalti puntutik, erremate zail batekin Asenjo gaindi zezan.
Puntu bat, eta eskerrak
Javi Martinezek azken minutuan buruz sartutako golari esker berdindu du Athleticek Malagaren zelaianBi zatiak ondo hasi arren, bietan galdu du jokoaren ekimena talde zuri-gorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu