Athleticeko jokalaria

Maddi Torre: «Puntu gehiago izan nahi genuke, baina lasai gaude»

Denbora eskatu du Torrek: «Futbolak pazientzia gutxi du, baina taldeak ikasi behar du garai zailetan ere lehiatzen. Egoera ez da hain txarra».

ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Lezama
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sasoi honetarako ilusioa zuten athleticzaleek, baina espero baino puntu gutxiago bildu ditu taldeak denboraldi hasieran. Pattal ekin dio ligari, eta oraindik ez du irabazi: bost partida jokatu ditu, eta horietatik bi galdu eta hiru berdindu ditu. Beraz, sailkapenaren beheko postuetan dago. Hala ere, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Maddi Torre Athleticeko jokalariak (Donostia, 1996): «Taldea konfiantzaz dago». Neurketa zaila dute gaur: Atletico Madrili egingo diote bisita (12:00, EITB1). Nekezago du Eibarrek, Bartzelona izango baitu aurkari, Ipuruan, 15:00etan. Realak, berriz, Teneriferen kontra jokatuko du, Zubietan, 12:00etan.

Denboraldia ez duzue nahi bezala hasi. Nola dago taldea?

Partida guztietan irabaztea da gure helburua, eta oraindik ez dugu lortu. Argi dago dinamika ez dela ona, baina taldea lasai dago. Egoera ez da larria. Pasa den denboraldian ez ginen hain onak, nahiz eta ia guztia irabazi, eta sasoi honetan ez gara hain txarrak, nahiz eta puntu gutxi lortu ditugun oraingoz. Ondo ari gara lanean.

Zertan uste duzu ari zaretela huts egiten?

Gauza bera esaten dut beti: taldea sendo dago defentsiboki ondo gaudenean, eta hor ari gara kale egiten. Defentsan huts egin izan dugu, eta garesti ordaindu dugu. Eta ez da aitzakia, baina oraingoz VAR sistemak ez digu lagundu. Bibiren txartel gorriak, esaterako, min handia egin zigun. Gauza asko dira: zorte txarra, hasiera txarra... Horrelakoa da futbola.

Iruditzen zaizu aurkariek ezer gutxi behar dutela zuei min handia egiteko?

Bai. Azken sasoian ere izan genuen sentipen hori. Guk lan handia egin behar genuen haiei min egiteko: asko estutu, goian baloiak lapurtu... Eta aurkariek, aldiz, ezer gutxi behar dute guri min handia egiteko. Gehienbat hor dugu zer hobetua.

Partidetan baloia izan duzue eta aukerak sortu dituzue, baina gol gutxi sartu dituzue.

Kalitate handiko jokalariak ditugu, eta baloia izan nahi dugu. Eroso sentitzen gara baloiarekin, baina baita defenditzen eta kontraerasora jokatzen ere. Esango nuke baliabide eta estilo asko ditugula. Egonkortasuna lortu nahi dugu, eta defentsan sendo aritu. Golak iritsiko dira.

Entrenatzaile berria duzue: Javier Lerga. Egokitzeko denbora gehiago beharko duzue, agian?

Entrenatzaile aldaketak beti eskatzen du denbora. Are gehiago gure denboraldiaurrea aintzat hartuta: lesio asko izan ditugu. Horrek ere ezegonkortasuna dakar. Elkar ezagutzen ari gara, eta taldeak denbora behar du. Baina esandakoa: egoera ez da larria. Puntu gehiago izan nahi genuke, noski, baina badugu denbora. Lasai eta konfiantzaz gaude. Hori da mezua. Zale exijenteak ditugu, eta gu ere halakoxeak gara. Futbolak pazientzia gutxi du, baina gauzak ez dira beti ondo ateratzen, eta taldeak ikasi behar du garai zailetan ere lehiatzen. Baina egoera ez da hain txarra. Bost partida jokatu eta bi baino ez ditugu galdu. Berdinketek puntu gutxi ematen dituzte, horixe dute alde txarra, eta, beraz, hiru puntu baino ez ditugu.

Zer alde dago entrenatzaile batetik bestera?

Funtsean, taldea berdina da, eta taldea berdina denean egoera ez da hainbeste aldatzen jokatzeko orduan. Gehien aldatu duguna, eta aipagarriena, joko sistema da. David Aznarrekin 4-4-2 marrazkiarekin jokatzen genuen, erronboan, barruan jende asko genuela. Eta Javi Lergari 4-3-3 sistema gustatzen zaio: hegalekoak irekita izatea, bat-batekoa bilatzea, dueluak irabaztea...

Jokalariek ere horretara moldatu behar duzue.

Bai, noski. Eta horrek denbora eskatzen du.

«Taldea sendo dago defentsiboki ondo gaudenean, eta hor ari gara kale egiten. Defentsan huts egin izan dugu, eta garesti ordaindu dugu»

Bi partida konplikatu dituzue segidan: Atletico Madrilen aurkakoa eta Real Madrilen kontrakoa. Nola ikusten dituzu?

Partida zailak dira, oso jokalari onak baitituzte. Baina nire taldekideei begietara begiratu eta beste zera bat ikusten diet. Athletic gazte honi partida handiak gustatzen zaizkio. Nork daki, lehen garaipena jendeak gutxien espero duenean lor dezakegu. Taldea konfiantzaz dago.

Eta, oro har, zein da sasoi honetako helburua?

Helburua da partidaz partida joatea eta irabazten saiatzea. Azken sasoia hobetu nahi izaten dugu beti, jakinda laugarren postua hobetzea zaila dela, are gehiago ikusita nola hasi garen. Kopa ere hor dago, eta Superkopa jokatuko dugu denboraldi honetan. Oraintxe, helburu nagusia lehen partida irabaztea da.

Baikor zaude.

Noski. Nahiz eta talde oso gaztea izan, gazte horiek urtebete gehiagoko esperientzia dute. Orain arte, agian, ez da antzeman, baina nabarituko da, denborak emango digu gure tokia, gure egonkortasuna. Aurreko bi sasoietako taldearen batez besteko adina zein izan den kontuan izanda, ez da normala hain talde gazte batek laugarren postua lortzea. Eta gutxiago ikusita ligan zer maila dagoen.

Trantsizio urteak izan behar ziren...

Bai, baina trantsizio horretan gaude oraindik. Bigarren taldeko hainbat jokalari ari dira erritmoa hartzen. Taldean ez ditugu 30 jokalari, multzo estua dugu. Bi urte oso on egin ditugu, baina lan asko dugu egiteko. Proiektuak egonkortasuna behar du, jende gazteak urte luzez hemen gelditu nahi izatea...

Sasoi honetan ere harrobiko bi jokalarik egin dute debuta: Oihana Agirregomezkortak eta Nerea Benitok. Pozgarria da?

Harrobiaz hornitzen den talde batek hori behar du, harrobiko jokalariek jauzia ematea, minutuak izatea... Ez da erraza 18-20 urte izanda Lehen Mailan egotea. Espainiako Liga geroz eta exijenteagoa da.

«Beste titulu bat irabazi nahiko nuke. Ea Superkopan zerbait polita, zerbait handia, egin dezakegun»

Beteranoetako bat zara. Rol berezi bat duzu?

Nagusiena dagoeneko, amona zaharra; eta gaztea naiz, 29 urte ditut [barrez]. Beti saiatzen naiz ingurukoei laguntzen, kideak animatzen, entrenamenduetan erritmoa jartzen, guztiak eroso sentiarazten... Naizen bezalakoa naiz, ez dago sekreturik. Saiatzen naiz eredu izaten: ondo entrenatu, fisikoki ondo egon, ondo-ondo jan, ondo lo egin... Batzuetan tontakeriak ere egiten ditut, ez pentsa.

Erronka pertsonalik baduzu?

Beste titulu bat irabazi nahiko nuke. Ea Superkopan zerbait polita, zerbait handia, egin dezakegun.

Ilusioa pizten dizu horrek?

Bai, noski. Ea zerbait ateratzen dugun paseora Bilboko ibaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.