Puntu premia dute bi taldeek

Azken lau partidak galdu ditu Valladolidek; Osasunak ezin du hutsik egin etxean, kanpoan pattal ari baita

2007ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Estatistikak Osasunaren aldekoak dira nabarmen: Valladolidek Iruñean jokatutako Lehen Mailako 22 partidetatik bakarra galdu du Osasunak, eta 16 aldiz irabazi. Horrez gain, Osasunak ez du partidarik galdu sasoi honetan Nafarroako Erresuman, eta Valladolid azkenaurreko postuan da sailkapenean, etxetik at jokatutako lau partidetan bat irabazi eta hiru galdu ostean.

Hala eta guztiz ere, Jose Angel Ziganda gorritxoen entrenatzailea ez da fio: «Datu horiek ez didate ezer adierazten, beste denboraldi batzuetako datuak baitira gehienbat», esan zuen atzo. Mendilibarren Valladolidek ezer ez diela oparituko badaki Larraintzarkoak, baina etxeko partidetan erakutsitako sendotasunari eutsi nahi dio Zigandak berriz.

«Jarraian lau partida galdu ditu Valladolidek, eta badakigu beharrak baldintzatuta etorriko dela. Zelai osoan presioa egin eta partida gogorra jokatzeko mentalitatearekin etorriko dira. Gure aldetik, etxean bolada onean gaudela berresteko aukera ona daukagu, baina Valladolidek asko eskatuko digu. Irabazi nahi badugu, lana gogotik egin beharko dugu. Bainagauzak ondo egiten ari gara, etxean batez ere, eta berdin jarraitzen ahalegindu behar dugu». Larraintzarko entrenatzaileak badaki Valladoliden aurka galduz gero krisi hotsak hedatuko direla Osasunaren inguruan, eta hori saihestu nahi du gorritxoen entrenatzaileak.



RICARDO ATEPEAN. Hasierako hamaikakoan hiru aldaketa egingo ditu Zigandak: Ricardok Eliaren tokia hartuko du atean; Josetxok ordezkoen aulkian utziko du Krutxaga; eta aurrealdean, Dadyren kaltean Walter Pandiani uruguaiarra hasieratik ariko da berriz,zuntz haustura txiki baten ondorioz azken bi partidak galdu ostean. Halere, deialdiko ezustekorik handiena Hugo Vianak eman zuen.

Aste osoan Taxoaren antolatutako partidatxoetan Patxi Puñalen ondoan jarri du Hugo Viana Zigandak, eta, horren ondorioz, lehen aldiz deialdian izateaz gain, bazirudien Hugo Vianak hasieratik joka zezakeela. Baina ez. Azkenean, deialdian ere ez zuen sartu Zigandak portugaldarra. Arrazoi hau eman zuen: «Entrenamenduak probak egiteko izaten dira. Hugo Viana ondo dago, baina gauza bat da entrenatzea, eta beste bat, oso ezberdina,partida bat jokatzea. Zalantzarik gabe, haren ekarpena ondo etorriko zaigu, baina horretarako maila berreskuratu eta taldera egokitu behar du Hugok», adierazi zuen atzo Zigandak. Denboraldi-aurreko lehen lan saioan min hartu zuen portugaldarrak, eta oraindik ez du estreinatu Osasunako elastikoa. Hilabeteak daramatza lehia ofizialik jokatu gabe, eta entrenatzaileak ez du arriskurik hartu nahi oraingoz.



Mendilibarrek ez du oroitzapen onikizango Sadarren

Lehen Mailako entrenatzaile gisa bigarren denboraldia du Jose Luis Mendilibarrek, eta Valladolidekin orain bi denboraldi Athleticekin bezalaxe, ez da ondo hasi. 2005-06koan 10 jardunaldi besterik ez zuen egin Athleticen aulkian, eta orduan ere Osasunarekin gurutzatu zen Zaldibarko entrenatzailea 9. jardunaldian. 2005eko urriaren 26a zen, eta puntu premia larrian iritsi zen Athletic Iruñera. Gurpegik markagailuan aurretik jarri zituen bizkaitarrak, baina Raul Garciak eta Milosevicek irauli egin zuten markagailua. Partida amaitzeko 10 minutu falta zirela, Iraolak 2-2koa egin zuen zurigorrientzat, baina, azkenean, hiru puntuak Iruñean geratu ziren, luzapenean Webok sarturiko gol bati esker.

Athleticeko entrenatzaileak kopetilun utzi zuen Sadar futbol zelaia. Hiru egun geroago, Celta hartu zuten bilbotarrek San Mamesen, eta 1-1koa ez zen nahikoa izan Mendilibarrentzat. Javier Clementek ordezkatu zuen Zaldibarkoa.

Bi urte geroago historia errepika egin daiteke. 9. jardunaldian Iruñera dator Mendilibar -urriko azken astean bietan-. Orduan Athletic bezalaxe, Valladolid ere gaizki ari da Ligan. Eta orduan bezalaxe, Iruñean jokatu eta hiru egunera beste partida bat izango du Mendilibarrek bere taldearen zelaian -Bartzelona hartuko dute Valladoliden-. Ezberdintasun bat ere bada, ordea. Mendilibarren emaitzak onak izan ez arren, Valladolideko zuzendaritzak kontratua luzatu dio aste honetan bertan. Xehetasun horrek gauzak alda ditzake. Baina futbolean ezer ez dago jakiterik. Kontratu paperetako sinadurek ez dute lanean jarraitzea ziurtatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.