Puntuekin betetzen dira ametsak

Osasunak Mallorcaren kontra jokatuko du gaur, eta Camachok azken partidetako hamaikakoa aterako du

Iruñea
2009ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Javad Nekunamek lorpen gose ikaragarria erakutsi zuen ostiraleko entrenamenduaren ostean egindako adierazpenetan. Txapeldunen Ligan aritu den talderen batek euskarri irandarra fitxatu nahi izan bazuen ere, Nekunamek Iruñean geratzea erabaki zuen udan, baina lorpen goserik ez duelako ez zen izan: Osasunarekin itzuli nahi du Nekunamek Europa osoko lehiaketetara. Irandarraren hitzek harridura eragin zuten, eta irribarre maltzurrik ere ikusi zen Taxoareko prentsa aretoan bildutako kazetarien artean. Baina Nekunam ez zen txantxetan ari. Euskarriaren ustez, ezinbestekoa da jendeak lorpen gosea izatea, eta zaleek taldeari lorpenak exijitu behar dizkiotela uste du irandarrak. Jose Antonio Camachok atzo, ordea, zuhurrago hitz egin zuen: «UEFA eta kontu horiek ahaztu, eta Mallorcari irabaztea da orain pentsatu beharreko gauza bakarra», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Eta hobe dute, bai, pausoz pauso joatea.

Lehendabiziko pausoa gaur Mallorca mendean hartzea da. Gregorio Manzanok entrenatutako taldeak indartsu hasi du sasoia, eta Osasunak partida zaila dauka. «Gure antzeko talde guztiei inbidia ematen diemomentu honetan Mallorcak. Erreferentzia da guretzat Mallorca, talde askori gustatuko litzaigukeen postuan baitago. Etxetik kanpo oraindik partidarik ez dutela irabazi egia da, baina hainbat partidatan ikusi ditut, eta irabazten saiatzen dira beti», esan zuen atzo Camachok Manzanoren taldearen inguruan. Sailkapeneko seigarren postuan daude Aduriz, Webo, Marti eta enparauak, eta ukaezina da gauzak ondo egiten ari direla sailkapeneko postu gozoenetan egoteko. Ono Estadin jokatutako zazpi norgehiagokak irabazi egin ditu Mallorcak, esaterako.

Europako Liga eta sasoi amaieran lor dezaketena ahaztu, eta gaur arratsaldeko lehian jarri behar dute arreta gorritxoek: «Mallorcaren aurka lor ditzakegun puntuak dira orain garrantzitsuenak. Europarako sailkatzea zaila da, eta une honetan ezin dugu horretan pentsatu, besteak beste eskuan genituen puntu dezentek ihes egin digutelako orain arteko partidetan», jarraitu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak, Nekunamek bezperan jarritako puntua jaso eta bertsoa osatuz.

Mallorcaren aurkako partidan soilik pentsatu nahi du Camachok, eta badaki lana erruz egin beharko dutela partida irabazteko. Zorionez, ordea, Ono Estadin emandako itxura bera ematea kostatzen ari zaie Manzanoren jokalariei etxetik kanpo: sei partidatan hiru berdindu ditu eta hiru galdu. Eta horri eutsi beharko dio Osasunak. Nafarroako Erresuman jokatuko da norgehiagoka, eta hori nabaritu egin behar da.

Mallorcak ezin Iruñean irabazi

Mallorcak ez daki Iruñean Lehen Mailako norgehiagoka bat irabaztea zer den, eta gaurko partidaren ostean horrek bere horretan jarraitzea nahi dute Osasunako jokalariek. Gaurkoa Mallorcak Iruñean jokatuko duen Lehen Mailako hemezortzigarren norgehiagoka izango da, eta aurreko hamazazpi bisitetan hamahiru partida galdu eta lau berdindu zituen Iruñean. Partida horietan bost gol besterik ez zuen sartu Mallorcak.

Argi dago zelai madarikatua dela Osasunarena Mallorcarentzat. «Datu txar horiek aldatzen ahaleginduko gara, dena dela, eta ea etxetik kanpo sasoiko lehen garaipena lortzen dugun Iruñean. Gu irabazten hastea oso garrantzitsua izango da guretzat, Osasunak aurrea hartzen badu asko okertuko baitzaigu lehia», esan zuen herenegun Manzanok.

Javier Camuñas aste osoan kili-kolo ibili da, baina atzo arazorik gabe entrenatu zen, eta Camacho, hala nahi izanez gero, azken bi partidetan hasieratik jarritako hamaikakoa errepikatzeko moduan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.