Raul Garcia de Harok eta Iker Benitok garaipena eman diote Osasunari

Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute gorriek, eta bederatzigarren postura igo dira.

Osasunako jokalariak, Benitoren gola ospatzen. VILLAR LOPEZ / EFE
Osasunako jokalariak, Benitoren gola ospatzen. VILLAR LOPEZ / EFE
2025eko irailaren 14a
21:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak 2-0 irabazi dio Rayo Vallecanori, Raul Garcia de Harok eta Iker Benitok sartutako bi goli esker. Ez dira ohiko jokalariak talde gorrian, baina entrenatzaileak gaur eman dien aukera ondo baino hobeto baliatu dute, eta iruindarrek hiru puntu batu dituzte sailkapenean.

Kroaziarekin jokatu ostean, Budimir ez da hasieran zelairatu, eta horrek ireki dio atea Garcia de Harori hamaikakoan. Partidaren hastapenean, ez Osasunak eta ez Rayok ez dute ekimena hartu nahi izan. 15. minutuan, baina, Boyomok eskuinetik eginiko erdiraketa batean baloiak Rayoko jokalari bat jo du, eta Garcia de Harok bigarren zutoinean harrapatu du baloia lehen gola sartzeko.

Rayok ere izan du gol aukera garbi bat, baina epaileak adierazi du Jorge de Frutos Rayoko jokalaria jokoz kanpo zegoela, eta, baloia sarera sartu den arren, gola ez da islatu markagailuan.

Victor Muñozek ere gol aukera garbi bat izan du; Jozhuak huts egin du, eta Batalla Rayoko atezainak eragotzi du berdinketaren gola. Lehen zatia amaitu arte, hutsegiteak bat bestearen atzetik izan dira.

Bigarren zatian, 77. minutuan iritsi da gorrien bigarren gola. Iker Benito bakarrik geratu da Batallaren aurrean, eta azpitik gainditu du Rayoko atezaina. Espainiako taldea erreakzionatzen saiatu da aldaketak eginez, baina alferrikakoak izan dira.

Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz, Bretones; Torro, Moncayola; Victor Muñoz (Rubén García, 60. min), Raul García de Haro (Budimir, 60. min) eta Aimar Oroz (Iker Benito, 77. min).

Rayo: Batalla; Ratiu, Lejeune (Becerra, 81. min), Luis Felipe (Jozhua, 10. min), Chavarria; Ciss, Unai Lopez (Alemao, 65. min); Isi, Pedro Diaz (Trejo, 81. min), Alvaro Garcia (Camello, 60. min); De Frutos.

Golak: 1-0 Raul García de Haro (15. min). 2-0 Iker Benito (77. min).

Epailea: Soto Grado. Txartel horiak Osasunako Aimarri, Catenari eta Bretonesi, eta Rayoko Cissi eta Isiri.

Bestelakoak: 20.501 ikusle Sadarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.