Alavesek ezin izan du ezustea eman Bernabeun. Arabarrek 2-1 galdu dute. Ez dute neurketa txarra jokatu. Ondo egon dira kokatuta zelaian, eta lehiakor izan dira. Baina Mbappek eta Viniciusek gol bana sartu dute, eta beranduegi iritsi da Toni Martinezena: 93. minutuan. Ondorioz Alaves esku hutsik itzuli da etxera. Hala, gaur Elxek egiten duenaren arabera, jaitsiera postuetan izango da. Baina Bernabeun egin duen lan onak indarra eta konfiantza eman behar dio larunbaterako. Izan ere, jaitsiera saihesteko borroka horretan aurkari duen taldeetako bat jasoko du Mendizorrotzan: Mallorca.
Arabarrek lau partida zeramatzaten galdu gabe, eta ondo ekin diote norgehiagokari. Lehen bost minutuetan pare bat aldiz gerturatu dira Luninen atera; horietako bat arriskuarekin. Angel Perezek ondo ikusi du tokia Carrerasen bizkarrera, baloia jaso du eta atzera eman dio pasea Lucas Boyeri. Baina haren errematea Real Madrileko atzelariek atera dute. Espero bezala Alavesek Real Madrili utzi dio baloiaren jabe izatea. Hala, 10 minutuan sakonean pase bat jasotzear egon da Vinicius. Sivera atezaina, ordea, adi ibili da, eta baloia eskuratu du.
Baina Quique Sanchezen taldeak ondo eutsi dio. Hura aulkian dagoenetik gertatu moduan, taldea ondo egongo da kokatuta, atzean sendo jardun du eta etxekoek ez dute aparteko aukerarik sortu, jokoaren ekimena eduki arren. Arabako taldeak, gainera, aurrera egin du ahal izan duenean.
Baina Real Madrilek gutxi behar du gola egiteko, eta gaur ere hala izan da. Mbappek ez du asmatu baloi bat kontrolatzen, baina hura galdu aurretik area ertzetik jaurti du eskuinez. Baloiak Alavaseko atzelari batean jo du, eta horrek ezustean hartu du Sivera. Hala baloia sareetara joan da (30. min). Golaren ostean estu ibili da Alaves, eta Mbappek berak eta Arnoldek aukera bana izan dituzte errenta handitzeko. Azkenerako ez dute asmatu.
Dena den Alavesek ondo erantzun du. Real Madrilek atzerapauso bat eman du, arabarrei jokoaren ekimena utziz. Helburua: baloia berreskuratu, eta Mbappek eta Viniciusek duten abiadura baliatuz kontraerasoan ateratzea. Quique Sanchezen taldeak lan ona egin du baloirik gabe, baina erasoan kostatu egin zaio aukerak sortzea eta jokaldiak amaitzea.
Lehen zatia amaitzear zela Real Madril bigarren gola sartzear egon da. Bellinghamek erdiratu egin du, eta Militoak langara errematatu du. Jokaldi horretan atzelariak min hartu, eta haren ordez Alaba zelairatu da. Berehala iritsi da Alavesen erantzuna. Arabarrek ordu arteko abagunerik argiena izan dute neurketa berdintzeko. Toni Martinezek egin du errematea, baina baloiak zutoinean jo du. Aldaratzea hari iritsi zaio berriz, eta bitan pentsatu gabe errematatu du; Luninek, ordea, gelditu ona egin dio. 1-0 amaitu da lehen zatia.
Hasi eta berehala kolpea
Bigarren zatiari hobeto ekin dio Real Madrilek. Aurrena korner batean eman du abisua Tchouamenik buruz. Baina Siverak ondo atera du baloia. Ia segidan Viniciusek sartu du gola. Eskuinez jaurti du urrutitik, eta baloia sareetara joan da (50. min.).
Gol horrek min egin dio Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeari. Real Madrilek izan du baloia, eta berreskuratu duenean Alavesek ez du asmatu aurrera egiten. Gainera, minutuak aurrera egin ahala lerroen artean tarte gehiago utzi ditu, eta hori baliatu dute etxekoek erasora bizi egin eta arriskua sortzeko.
Zela erdian taldeari hauspo apur bat emateko Sanchez Floresek Guridi eta Denis Suarez kendu ditu, Aleñaren eta Pablo Ibañezen ordez. Baina etxekoek nagusi izaten jarraitu dute, eta ia segidan hiru aukera on izan dituzten hirugarren gola sartzeko. Siverak bi gelditu on egin ditu, eta Tenagliak golaren arrastoan atera du Brahimen erremate bat.
Hortik aurrera partida joan etorrikoa bihurtu da, ez talde batek ez besteak ez dute jokoaren kontrola izan. Azken txanpan Alavesek estutu egin du, eta merezi izan du gutxienez gol bat sartzea. Izan ere, hiruzpalau aukera argi izan ditu. Horietako batean Luninek gelditu ona egin dio Aleñari jaurtiketa batean (71. min); beste batean, aldiz, Paradak zutoinera bidali du baloia buruz (82. min). Epaileak hiru minutu luzatu du neurketa, eta partidako ia azken jokaldian sartu dute merezi zuten gol hori arabarrek. Toni Martinezek sartu du, urrutitik egindako jaurtiketa batean. Pena, berandu iritsi dela.
Real Madril-Alaves
Real Madril: Lunin; Arnold (Carvajal, 63. min.), Militao (Rdiger, 47. min), Huijsen, Carreras; Valverde, Tchouameni (Camavinga, 63. min.), Guler (Mastantuono, 57. min.), Bellingham (Brahim, 57. min); Vinícius eta Mbappe.
Alaves: Sivera; Angel, Jonny Otto, Tenaglia, Parada, Yusi (Calebe, 66. min.); Antonio Blanco, Guridi (Aleña, 58. min.), Denis Suarez (Ibáñez, 58. min.); Toni Martínez eta Lucas Boye (Diabate, 66. min.).
Golak: 1-0: Mbappek (30. min). 2-0: Viniciusek (50. min.). 3-0: Toni Martínez (94. min.).