Ezustekoa eman du Zinedine Zidane (Marseilla, Frantzia, 1972) Real Madrileko entrenatzaileak. Talde zuria uzteko erabakia publiko egin du, Txapeldunen Liga irabazi eta bost egunera. "Denen onerako" hartutako erabakia dela azpimarratu du gaur eguerdian eskaini duen prentsaurrekoan: "Une arraroa da, baina garrantzitsua. Taldeak irabazten jarraitu behar du, eta horretarako aldaketa bat behar dela uste dut. Hiru urteren ostean bestelako diskurtso eta metodologiak behar ditu taldeak".
Palmares oparoa lortu ostean utzi du talde madrildarra. Rafa Benitez ordezkatuz eseri zen zurien aulkian, 2016an; bi urte eta erdian hiru Txapeldunen Liga irabazi ditu jarraian, eta baita Espainiako Liga bat ere. Halaber, Europako bi Superkopa, kluben arteko bi Munduko Kopa eta Espainiako Superkopa bat ere eskuratu ditu Real Madrilek. Aurrez, Carlo Ancelottiren laguntzaile izan zen Zidane, eta beste Txapeldunen Liga bat lortu zuen postu horretan arituta.