Markel Bergara. Realeko jokalaria

«Real Madrili irabaziz gero, konfiantza hartuko genuke aurrera begira»

Liga ongi hasi eta autoestimua areagotzea: besterik ez du buruan erdilariak. Helburu jakinetatik ihesi, uste du Realak partidaz partida joan behar duela, eta liga hasierak marka dezakeela epe ertainerako jarduna. Inoizko ilusio handiena du lehiatzen hasteko.

jon eskudero
Donostia
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ez da edonor Realean Markel Bergara (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). 2007an lehen taldearekin debuta egin geroztik, denetarik bizi izatea tokatu zaio, onetik eta txarretik, baina baikor da datorren denboraldiari begira. Bere hamargarrenari, hain zuzen. «Orain arte ikusitakoa ona izan da, eta sasoi polita osatzeko gogotsu gaude». Ordea, nahiago du zuhur jokatu, eta uste du ezinbestekoa izan daitekeela ongi hastea. «Helburuak atzean utzita, partidaz partida joango gara». Arlo pertsonalean, inoiz baino ilusio eta gose handiagoa du lehiatzen hasteko. Ohi legez, itzalpean lana erruz egin, eta bere pisua izango du taldean erdilariak.

Hastera doa denboraldia, egiazko garaia. Zer-nolako sentipenak dituzue?

Oso onak. Denboraldi-aurrean partida asko jokatu ditugu, onak eta txarrak, baina garrantzitsuena bete dugu: hanketan kilometroak pilatu ditugu, eta ilusiozgaude lehiatzen hasteko. Aste honetan igartzen da zerbait berezia, eta garbi dago maiatzera bitarteko bide batean sartzera goazela. Ea bide polita izaten den.

Bide luzea izango da, baina oporrak ondo aprobetxatuta hasiko zineten lanean, ezta?

Liga amaitzean, saiatzen gara futbola alde batera uzten; burua beste kontu batzuetan zentratzen, alegia. Entrenatzaile gehienen ideia izaten da jokalariok erabat futboletik aldenduta egotea liga amaitu eta lehen bizpahiru asteetan. Posible izaten dugu beste kirolen bat egitea, baina futbola ez. Ni lagunekin palaz eta abar aritu nintzen. Gero, sasoi-aurrea gerturatu ahala, lasterka egitera joaten nintzen neure kasa, eta gimnasiora ere bai. Gorputzak eskatu egiten dit izerdia botatzea.

Sasoi-aurrean, aspaldiko emaitzarik onenak lortu dituzue, partida bakarra galdu baituzue. Hobe hala izatea alderantziz baino, ezta?

Bai, bai, askoz hobea da emaitzak onak izatea. Baina, azken finean, ezer gutxirako balio izaten dute denboraldi-aurreko emaitzek; anekdotikoak izan ohi dira. Nik denetik ezagutu izan dut: sasoi-aurre onen ondoren, ligan gaizki ibili izan gara, eta alderantziz. Beraz, horri kasu gutxi egitea, hobe.

Halere, zaleak ilusioz josi izango dira apur bat.

Partida onak jokatu ditugu, bai. Pena izan zen neurketarik galdu gabe egon ondoren 2-0 galtzea Bayer Leverkusenen aurka. Kale egin genuen ordura arte ondo eginiko gauzetan. Lan saioetan fin aritu gara, eta ilusioa horrek ematen digu jokalarioi. Sinesten dugu geure buruarengan.

Azken urteotan, liga hasieretan kale egin izan du Realak. Konpondu beharreko gaia da, ezta?

Liga hasierak baldintza dezake sasoi osoko jarduna. Pentsa azken bi urteetan zer gertatu den. Gaizki hasi ondoren, azaroan entrenatzaileak kargutik kendu izan dituzte [Jagoba Arrasate eta David Moyes]. Sekulako garrantzia ematen diogu hasierari. Ez dugu zamarik eduki nahi astero.

Eusebioren ideiak ezagutzen dituzue, eta taldearen bizkarrezurra lehengo bera da. Hori mesederako da, ezta?

Bai, bai, orain arteko bideari jarraipena emango diogu, eta hori gakoa da talde batek ondo funtziona dezan. Entrenatzaileak oso ondo ezagutzen du jokalari bakoitza, guk ere bai haren ideiak, eta badakigu zein den bidea. Badakigu nola jokatu behar dugun eta zelaian zertan ibili behar dugun. Norabidea markatua dugu.

Talde barruan helburu jakinik aipatzen al duzue?

Gauza askori buruz hitz egin dezakegu, baina mezuak izan behar du partidaz partida joan beharra daukagula. Alperrik da Europa eta halakoak aipatzea gero ezer ez lortzeko. Horregatik, komenigarria da zuhur jokatzea. Lehenbizi, liga ongi hasi behar dugu, eta emaitzen arabera markatuko ditugu xedeak. Ez dugu ezer saldu behar orain. Espainiako Ligan, sekulako maila dago, eta Realak ez du ahaztu behar zein den eta nora heldu nahi duen.

Joan den sasoian ere aipatzen zen Europa, baina lesioek ez zizueten lagundu: Agirretxe, Canales, Zurutuza. Vela ere kaskar aritu zen. Halere, zortzigarren sailkatu zineten.

Horrela begiratuta, ematen du denboraldia ona izan zela, baina geure buruari gezurra esango genioke hori sinetsiz gero. Oso jokalari garrantzitsuak lesionatu zitzaizkigun, egia da. Eta horiek guztiz errekuperatzen baditugu, garbi dago talde ona izango dugula eta Europako postuetatik gertuago ibiliko garela. Baina ez dugu itsutu behar, aurrera gehiegi ez da begiratu behar. Liga ongi hasi, eta gero gerokoak.

Realak badu onenen artean ibiltzeko gaitasuna, behintzat.

Iragan sasoian ere bazuen, baina dena ez da hori. Gaitasun tekniko eta jarrera aldetik, arrazoiak baditugu ilusioz egoteko, baina iruditzen zait ligan talde askok hobera egin dutela. Batez ere, telebista eskubideen eraginez: dirua mugitu da, talde askok ondo fitxatu dute, eta garesti egongo da goiko postuetan sartzea.

Zein izango da zuen borroka?

Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril goian ibiliko dira, beti bezala. Eta denok izango ditugu hurrengo postuetan egoteko aukerak. Ondoen ibiltzen denak lortuko du hori. Azken lau urteetan, izugarri igo da ligaren kalitatea. Besteak beste, Sevillak, Vila-realek, Valentziak eta Espanyolek apustu serio eta indartsuak egin dituzte. Eibar bera ere ez da lehen zen taldea. Bada, teorian, horiek izango dira gure aurkari zuzenak. Gero eta zailtasun handiagoak daude goian egoteko.

Realak ere egin ditu fitxaketak. Zer itxura hartzen diezu?

Lehenengo egunetan ikusita, asko gustatu zaizkit etorri diren jokalariak. Denok dakigu maila bikainekoak direla, baina batez ere gustatzen zaizkit gazteak direlako eta ez zaielako futbol goserik falta. Erakutsi egin nahi dute dakiten guztia. Jauzi kualitatibo hori egiteko prest daude, eta prestasun hori gakoa da futbolari baten jardunean. Gauzak ondo egiteko gogoa dute, eta hala egingo dituzte. Ziur nago.

Bi aurrelari etorri dira: Juanmi eta Willian Jose. Bada garaia postu horretan ganorazko zerbait ateratzeko...

Kluba saiatu izan da aurrelari on bat fitxatzen. Eta, tira, fitxatu ere jokalari trebeak fitxatu izan ditu. Zer gertatu den? Realean ez dutela funtzionatu. Espero dezagun madarikazio hori bukatu izana. Willian Jose oso indartsua da. Juanmik, berriz, kalitate izugarria du. Gero, ezin da ahaztu Agirretxe ere hor daukagula. Sendatzen denean, zeresana emango du. Ez dut uste erasoan arazorik izango dugunik golak sartzeko.

Vela errekuperatzea ere garrantzitsua litzateke.

Garbi dugu guretzat jokalaririk erabakigarriena dela. Hori guk badakigu, zaleek badakite eta berak ere badaki. Taldeko izarra da. Aurkarien lerroak hausteko gaitasun izugarria du. Ondo baldin badago, sekulako jokoa du. Taldekideon helburua hori da: hari laguntzea joko hori egin dezan. Albiste ona litzateke hori lortzea.

Rulli ere etorri da. Zer esan dizue?

Oso pozik dago Realean dagoelako. Iragan sasoian ere hemen egon zen, eta, guretzat, beste bat gehiago da. Bagenekien etorriko zela. Baina, mediatikoki, ulertzen dugu halako oihartzuna izatea haren fitxaketak. Atezain bikaina da, eta konfiantza ematen digu.

Pertsonalki, zer moduz zaude?

Oso ondo. Sasoi-aurrean, bikain sentitu naiz, ez dut inolako minik ez eragozpenik izan, eta ilusioz nago. Nik ez nuke esan behar akaso, baina taldeko gazteek adinako ilusioa edo handiagoa daukat lehiatzen hasteko. Inoizko gehien. Esperientziak gauza asko erakutsi dizkit, eta Realarekin zerbait berezia lortzeko gogoa dut.

Zer da zerbait berezia?

Ez dakit. Oso polita izan zen Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenekoa. Halako sasoiak bizi guztirako geratzen dira oroimenean. Ea errepikatzerik dugun.

Lehiakortasun handia izango duzue zelai erdian. Horrek ematen dizu beldurrik?

Ez, motibatu egiten nau. Normalean, azken denboraldietan jokalari asko egon izan gara zelai erdian, eta askotarikoak. Hori ona da entrenatzailearentzat. Hark badaki bakoitzak zer emango dion, eta partida bakoitzean hautaketa ezberdin bat egin dezake.

Ezohiko postuan ikusi izan zaitugu azkenaldian; Illarramendiren aurretik, zehazki. Eroso sentitzen al zara?

Gustura sentitzen naiz, bai. Bakoitzak garbi baldin badu zer egin behar duen, ez dago arazorik.

Real Madrilen aurka hasiko duzue liga, igandean. Beste hasiera bat nahiago al zenuen?

Ez. Real Madrilen aurka eta, batez ere, ligari etxean ekitea izugarri gustatzen zait. Galtzeko gutxi izango dugu, eta irabazteko asko. Pentsa hiru puntu lortzeak zer konfiantza emango ligukeen aurrera begira. Jendeak akaso nahiago izango zuen talde apalago baten aurka jokatu eta puntuak lortu, baina nik nahiago dut egokitu zaiguna.

Zer eskatuko zenioke Realaren zaleari?

Eskatu? Ezer ez. Guk erantzun behar dugu zelaian. Jendea gutxitu egin zen Anoetan, eta jokalariok ginen arazoa. Hori badakigu. Berriro ere liga ondo hasi eta ilusioa piztu behar dugu. Horretan saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.