Real Unionek beharra dauka. Puntuen beharra. Handia, gainera. Liga amaitzeko sei jardunaldibaino ez dira falta, eta hiru puntura dauka oraindik salbazioa. Huescak, dena den, puntu bakarra batu du azkeneko lau partidetan, eta horregatik beherantz egin du nabarmen. Hiru puntura dauka jaisteko postuetan dagoen lehen taldea. Antonio Calderonek entrenatutako taldeak ere beharra daukala, alegia. Bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute gaur, Huescan. Calderonek argi bota du: «Jokalariek ondotxo dakite zer dagoen jokoan». Real Unionentzat, berriz, ez dago esan beharrik final baten modukoa dela gaurko lehia; azkenekoak bezala, hortaz.
Iñaki Alonso entrenatzaileak ez dauka zalantza askorik hamaikakoa aukeratzeko orduan, baina Dominguez, zelai erdiaren eta aurrealdearen lotura lanak egiten dituen jokalaria, kili-kolo dabil, eskuin orkatilan bihurritua daukalako. Deialdian sartu du Alonsok, baina agian Goikoetxeak jokatuko du. Bestalde, Gurrutxagak bizpahiru hilabete egin beharko ditu min hartuta, eta Asier Salcedok jokatuko du haren tokian, ezker hegaleko atzelari gisa.
Alonsok nolako partida espero duen bota zuen atzo: «Gogorra eta bizia izango da». Gainera, azken jardunaldietan egonda, talde guztiek «muga-mugan» jokatzen dutela adierazi zuen durangarrak. Irungo taldeak hiru partida daramatza galdu gabe, eta bolada on horri eutsi nahi dio. Zale dezente joango dira Huescara. Hiru autobus bete dituzte.
HUESCA-REAL UNION
Huesca. Doblas; Rico, Corona, Dorado, Neru; Paco Borrego, Luis Helguera: Sastre,Camacho, Gilvan; eta Moises
Real Union. Jauregi; Deskarga, Lacruz, Gerlo, Salcedo; Beobide, Eneko Romo; Abasolo, Dominguez, Quero; eta Brit
Epailea. Amoedo Chas.
Lekua. Alcoraz (5.000 ikusle).
Ordua. 18:00 (ETB1).
Real Unionek puntuen behar larria dauka, baina Huescak ere bai
Dominguezek bihurritua dauka eskuin hankako orkatilan, eta, agian, Goikoetxea ariko da haren ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu