Reala, Athletic eta Eibar: bikain bat eta bi nahiko

Txuri-urdinak bigarrenez sailkatu dira Txapeldunen Ligarako, jokatutako 30 partidetatik 20 irabazita. Zuri-gorriei kostatu egin zaie jokatzeko ideia argi bat izatea. Eibarrek, berriz, gola sartzean izan ditu arazo gehien: 18 sartu ditu soilik.

Realeko jokalariak atzo Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak atzo Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 1a
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da Liga Realarentzat, Athleticentzat eta Eibarrentzat. Heldu da, beraz, notak jartzeko eta denboraldiaren balantzea egiteko garaia. Txuri-urdinek denboraldi bikaina egin dute. Hirugarren sailkatu dira, eta datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatuko dute bigarrenez. Estuago ibili dira zuri-gorriak. Aurreko denboraldian laugarren amaitu eta gero, Javi Lergaren aroa gorabeheratsua izan da. Taldeak ez du segidarik izan jokoan, eta entrenatzaileari kostatu egin zaio bere ideiak zelaian islatzea. Azkenerako zazpigarren amaitu du. Eibarrek, berriz, mailari eustea lortu du, baina sasoi osoan kostata aritu da, batez ere jokaldiak sortzeko eta golak sartzeko izan dituen arazoen eraginez. Datorren denboraldiari begira hasiak dira lanean bulegoetan. Adibidez, gaur jakin da Iñaki Goikoetxeak beste denboraldi batez jarraituko duela Eibar entrenatzen; Athletic utziko dute, berriz, Nerea Nevadok eta Maite Zubietak.

Reala: bigarrenez Txapeldunen Ligara

Bikaina izan da Realaren denboraldia, talde txuri-urdina bigarrenez sailkatu baita Txapeldunen Ligarako. 2020-2021eko denboraldian lortu zuen lehen aldiz balentria hori, Natalia Arroyoren eskutik. Oraingoan Arturo Ruiz egon da aulkian. Aurreko denboraldia gogorra eta gorabeheratsua izan zen Realarentzat, batez ere otsailetik aurrera. Udan patxada eta oreka emango zion entrenatzaile baten alde egin zuen, Ruizen alde, eta Granadan bezalaxe, lan ona egin du Donostian ere. Zelaian egindako lan ona emaitzetan ikusi da. 2020-2021eko denboraldian adina puntu eskuratu du: 66, iaz baino 24 gehiago. Taldearen ezaugarri nagusia erregulartasuna izan da. Sasoi osoan ez ditu bi partida segidan galdu. Jokatutako 30 partidetatik 20 irabazi ditu, sei berdindu eta lau galdu. Bartzelonari irabazi dion talde bakarra izan da: 1-0. 

Neguan taldeak kolpe gogorra jaso zuen, taldeko golegile nagusia galdu baitzuen: Edna Imade. Bayern Munichek utzita zegoen Donostian, baina, neguko merkatuan, hura berriz taldean hartzea erabaki zuten alemaniarrek. Taldeak, ordea, eutsi egin zion. Erasoan gol aukera asko sortzen jarraitu zuen, eta irabazten. Maider Castillok eta Garbiñe Etxeberriak asmatu egin zuten udan fitxaketekin. Bestalde, harrobitik igotako hainbat jokalari erabakigarriak izan dira: Julia Arrula eta Aiara Agirrezabala, adibidez. Arrulak Zamora saria jaso du, gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion saria. Agirrezabalak, berriz, ezustekoa eman du. 17 urterekin lehen taldean finkatu da. Atzealdean jokatu arren, erabakigarria izan da taldearen erasoko jokoan. Atzetik igota min handia egin die aurkariei. Sei gol ere sartu ditu. 

Hainbat jokalarik agerraldia egin dute gaur denboraldiaren balantzea egiteko, eta horren sasoi ona egitearen arrazoiak aletu dituzte. Nahia Apariciok baloirik gabe jokatzerakoan eman duten aurrerapausoa nabarmendu du. «Hori zen gehien kostatzen zitzaiguna, eta askoz hobeto aritu gara. Horrekin batera, emaitzetan ez dugu bolada txarrik izan. Iazkoa ikasgai handia izan zen horretarako. Taldeak sendo eutsi dio denboraldi osoan. Bolada txar bakarra izan dugu: Kopatik kanpo geratu ginenean». Eguneroko lanaren garrantzia azpimarratu du Cecilia Marcosek. «Patxadaz egin dugu lan, oso batuta, eta horretan sinetsiz». Denboraldia bikain amaitu du: «Egia esan oso gustura amaitu dut. Berriz ere sasoirik onenean nagoela uste dut. Arturok asko lagundu dit horretan. Gutxi jokatu dudanean ere konfiantza handia eman dit». Arrulak lehen sasoia izan du lehen taldean: «Niretzat ametsa izan da lehen denboraldi honetan Zamora saria lortzea. Taldekideei, entrenatzaile multzoari, etxekoei eta lagunei eskaini nahi diet. Beti ondoan izan ditut. Asko ikasi dut aurten, eta uste dut arlo guztietan atezain hobea naizela orain». Taldeak psikologikoki izan duen indarra eta batasuna nabarmendu ditu. «Emaitzak oso onak izan dira, eta alde horretatik dena errazagoa da. Baina lan horri eutsi egin behar zaio, eta konstantea izan».

Bost jokalarik utziko dute taldea: Lucia Rodriguezek, Andreia Jacintok, Emma Ramirezek, Lucia Pardok eta Claire Lavoguezek. Mirari Uriak kontratua du, baina, ezusterik ezean, beste talde batera joango da utzita. Fitxaketen inguruan, berriz, hainbat izen aipatu dira: Ainhoa Marin, Laura Camino, Sonya Keefe eta Lauri Requena.

(ID_16138835) (/@FOKU) 2026-05-31, Lezama. Liga Fko partidaAthletic eta Alhama artean
Javi Lerga Athleticeko entrenatzailea partida batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Athletic: distira gutxi, gorabehera asko

Azken urteetako denboraldirik onena egin zuen Athleticek iaz. Talde zuri-gorria laugarren izan zen. Denboraldia ona izan arren, David Aznar entrenatzaileak taldea utzi zuen, eta klubak Javi Legaren alde egin zuen. Hark ez zuen esperientziarik Lehen Mailan, eta Espainiako Federaziotik zetorren, 19 urtez azpiko hautatzaile izatetik. Sasoia oso gaizki hasi zuen Athleticek. Hamar jardunaldi behar izan zituen lehen garaipena lortzeko. Eibarren aurka irabazi zuen lehen partida, Lezaman: 2-0. Aurreko denboraldian taldeak zuzen jokatzeko eta baloia izateko eduki zuen gaitasuna ez ziren ikusi. Taldea argitasunik gabe aritu zen bai erasoan bai defentsan, eta entrenatzailearen ideiak zelaian erakutsi ezinik. 

Ondoren, bost partida eman zituen galdu gabe. Besteak beste, 0-1 irabazi zuen Real Madrilen zelaian. Horri esker, sailkapenari begira, behintzat, buelta eman zion egoerari. Hala, pixkanaka lehen hamarren artean sailkatzea lortu zuen. Baina joko aldetik norabidea topatu ezinda ibili zen gero ere, eta horixe izan da denboraldiaren ezaugarri nagusia. Horretan eragina izan dute hainbat jokalarik izandako lesioek: Zubietak eta Pinedok min hartu dute, adibidez. Bestalde, udan egindako fitxaketen artean, Ane Campos izan da jokatzeko aukera gehien izan duena. Baina Olatz Santana eta Eider Arana ez dira taldean finkatu. Ez da distira berezirik egin duen jokalaririk izan, Daniela Agote izan ezik. Gainontzeko jokalariak aurreko denboraldian baino apalago ibili dira, eta Lergak ez du asmatu haien jarduna hobetzen.

Azken txanpan gutxienez zazpigarren postua ziurtatu du, eta horri esker hurrengo denboraldian ez du jokatu beharko Espainiako Kopako lehen kanporaketa. Izan da beste albiste onen bat ere; adibidez, harrobiko hainbat jokalari agertu izana: Elene Gurtubai (21 partida), Nerea Benito (hamar partida) eta Oihana Agirregomezkorta (lau partida).

Litekeena da haien beharra funtsezkoa izatea datorren denboraldian, bi jokalari garrantzitsuk utziko baitute taldea: Maite Zubietak eta Nerea Nevadok. Ekainaren 30ean amaitzen zitzaien kontratua, eta klubak gaur eman du horren berri. Ez batek ez besteak ez dute onartu klubak kontratua luzatzeko egin dien eskaintza. Ezusterik ezean, beste liga batera joango dira. Nevadok 142 partida jokatu ditu lehen taldean, eta bederatzi gol sartu ditu; Zubietak, berriz, 103 neurketa jokatu ditu, eta hiru gol sartu. Atzo ez zuten jokatu, eta klubak ere ez zien agurrik egin. Olatz Santanak, Marta Sanadrianek eta Naroa Uriartek ere ez dute segituko. Azken horrek 25 urte besterik ez du, baina futbola uztea erabaki du.

Ikusteko dago, halaber, Lergak aulkian jarraitzen duen, ekainaren 30ean amaitzen baitzaio kontratua. Iragan astean zera esan zuen: «Datorren astean hasiko gara horren inguruan hizketan kluba eta biok, eta elkarrekin hartuko dugu erabakia».

(ID_15386495) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-10-04, Eibar. Emakumezkoen Futbola, F Ligako partida
Garazo Facila, baloiarekin, partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eibar: helburua baino askoz gehiago ez

Denboraldia amaitu orduko, Eibarrek jada hartu du lehen erabaki garrantzitsua: Iñaki Goikoetxeak aulkian segitzea. Ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua, baina mailari eutsiz gero aukera zuen beste denboraldi batez segitzeko. Eta hala adostu dute. Lehen denboraldia egin du taldean, eta gutxieneko helburu hori bete du. Sufritu gabe lortu du, hamalau puntura utzi baititu jaitsiera postuak, baina aurreko denboraldiko distirarik gabe. Orduan baino hamar puntu gutxiago lortu ditu. 38 puntu izan ziren iaz; 28 oraingoan. Horren arrazoi nagusietako bat gol falta izan da: hemezortzi gol baino ez ditu sartu 30 partidetan, Levantek adina —sailkapeneko azken taldea izan da Levante—. Iaz sei gehiago sartu zituen. Taldeko golegile nagusia Carmen Alvarez izan da; lau gol sartu ditu. Bestalde, iaz baino zazpi gehiago jaso ditu: 47. Levantek eta Alhamak horren denboraldi kaskarra egin izan ez balute, Eibarrek gehiago sufrituko zuen. 

Taldeak ez du eman Yerai Martin aulkian zela eman zuen itxura sendoa, batez ere atzean. 2026a ondo hasi zuen, Alhamaren zelaian 0-1 irabazita.  Baina ondoren hamar partida kateatu zituen irabazi gabe. Behean zeuden taldeek ere ez zuten garaipenik lortzen; beraz, nahikoa alde izan zuen ez sufritzeko. Baina helburu jakinik gabe geratu zen, eta, horren ondorioz, taldeak izaera lehiakorra galdu zuen apur bat. Goikoetxeak berak onartu du denboraldian zehar izan duten beste arazoetako bat zera izan dela: zelai erdian argitasuna falta izatea eta jokaldiak sortu ezinik ibiltzea. Bai aurrean bai zelai erdian indartu egin beharko da udan Eibar, gabezia horiei aurre egiteko. Atezain bat ere fitxatu beharko du, Eunate Astralaga Athleticera itzuli baita. Bigarren denboraldia izan du utzita Eibarren, eta beste behin haren jarduna erabakigarria izan da.

Oraingoz, taldea utzi dutenen berri eman dute. Horien artean jokalari bat nabarmendu behar da: Arene Altonaga. Kapitainak zortzi denboraldi egin ditu taldean, eta klubak iragan astean jakinarazi zuen ez duela taldean jarraituko. Atzo merezitako agurra jaso zuen Ipuruan. Patri Ojedak, Laura Caminok, Mata Lopez de Gereñuk, Iara Lacostak eta Opah Clementek ere ez dute segituko. Gaur jakinarazi dute hori. Beste denboraldi batez kontratua berritu diete, aldiz, Silvia Mesegurri eta Sara Martini. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA