Futbola

Reala B eta Amorebieta, Bigarren Mailara

Igotzeko beren kanporaketa erabakigarriak gainditu dituzte. Reala B 2-1 nagusitu zaio Algecirasi, luzapenean, eta Amorebieta, 0-1 Badajozi.

2021eko maiatzaren 23a
00:25
Entzun

Gutxienez hiru talde izango dira datorren denboraldian Espainiako Bigarren Mailan. Eibar, Reala B eta Amorebieta. Eibar mailaz jaitsi da, eta beste biek balentria egin zuten atzo. Txuri-urdinen bigarren taldeak Bigarren Mailan jokatuko du 60 urteren ondoren. Amorebieta, berriz, estreinakoz ariko da maila horretan. Gaur laugarren talde bat gehitu daiteke zerrenda horretara, Athletic B-k Burgosen aurka izango baitu jokoan igoera.

Realarentzat egun biribila izan zen atzokoa. Izan ere, lehen taldea Europa ligarako sailkatzeaz gain, Reala B bigarren mailara igo zen. Ikusgarria Xabi Alonsoren taldeak egin zuena, luzapnean 2-1 menderatu baitzuen Algeciras. Txuri-urdinak ziren faborito, eta ez zuten huts egin. Nahikoa zuen luzapena berdinduta amaitzea, baina, 108. minutuan, Ion Karrikaburuk garapenaren gola sartu zuen. Ahoz aho dabilen aurrelariak.

Lehen zatian kontrolpean izan zuen lehia Realak, eta Rober Navarrok eta Julen Lobetek aukera izan zuten Xabi Alonsoren taldea aurretik jartzeko. Baina ez zen horrela izan, eta, bigarren zatiaren hasieran, zorigaiztoko jokaldi batean Ezkurdiak gola ezin zuen bere atean.

Talde gaztea da Realaren bigarrena, baina une horretan jokalariek eskarmentu handia erakutsi zuten. Gai izan ziren behera ez egiteko, eta 64. minutuan lortu zuten berdinketa. Jordi Figuerasek egin zuen bere atean, Aldasororen erdiraketa batean. Reala ondo aritu zen, eta merezi zuen garaipena. Baina 85. minutuan Algeciras gola egitear egon zen. Ayesaren gelditu batek saihestu zuen.

Luzapanera iritsi zen neurketa. Realak nahikoa zuen berdintzea, bere multzoan lider geratu baitzen liga erregularrean. Baina irabazteko grina izan da denboraldi osoan txuri-urdinen ezaugarri nagusia, eta atzo beste behin erakutsi zuten. Hala, Karrikaburu agertu zen 108. minutuan; bizkarrez baloia jaso, buelta eman, eta gola sartu zuen. Denen ahotan zebilen aurrelaria, eta atzoko golarekin are gehiago.

Amorebietak balentria egin zuen. Izan ere, Bigarren B Mailako aurrekontu txikienetakoa izanda, igotzea lortu du. Balentria hori handiagoa izan da kontuan hartuta Badajozen aurka lortu zuela, talde horren zelaian. Badajoz zen faborito argia, baina 22. minutuan Iker Bilbaok sartutako golak hankaz gora jarri zituen aurreikuspen guztiak. Ondo baliatu zuen aldaratze bat gola egiteko. Iñigo Velez de Mendizabalen taldeak egindako partida hasiera onaren saria izan zen.

Hortik aurrera, ondo estutu behar izan zituen hortzak. Izan ere, Badajozek hartu zuen patidaren ekimena, eta, espero bezala, aurrera egin zuen. Baina, defentsako lan onari esker, minutuak aurrera joan ziren eta Espainiako taldeak ez zuen aparteko arriskurik sortu. Sortu zuenean, gainera, Mikel Saizar atezaina agertu zen. Ikusgarria izan zen 75. minutuan egin zuen gelditua. Urrritxen denboraldi historiakoa izango da hurrengoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.