Realak distirarik gabe egin du aurrera Kopan; Eibarrek, aldiz, nagusitasunez

Sergio Franciscoren taldeak 0-2 irabazi du Reusen zelaian, baina partida kaskarra jokatu. Beñat San Joserenak, berriz, ligan zeraman bolada txarra eten du, eta 0-3 nagusitu da Pontevedran.

Realeko jokalariak Gotik sartutako gola ospatzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Realeko jokalariak Gotik sartutako gola ospatzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 3a
23:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost euskal talde izango dira Espainiako Kopako final-hamaseirenetan: Athletic, Alaves, Osasuna, Reala eta Eibar. Azken bi talde horiek gaur lortu dute sailkatzea, baina oso modu ezberdinean. Realak partida kaskarra jokatu du Reusen zelaian, eta distirarik gabe gainditu du kanporaketa: 0-2. Mikel Gotik eta Sadiqek sartu dituzte txuri-urdinen golak. Aurrelariak partida amaitzear zela sartu du gola, penaltiz. Eibarrek, aldiz, nagusitasunez irabazi du: 0-3 gailendu zaio Pontevedrari. Hala, emaitza txarren bolada eten du. Asteartean egingo dute hurrengo kanporaketaren zozketa, eta bi aste barru jokatuko da. 

Sergio Franciscok goitik behera aldatu du hamaikakoa kanporaketari heltzeko. Ohiko hamaikakoan aritzen diren jokalarietako bi baino ez dira izan: Jon Martin eta Sergio Gomez. Hasieratik aritzeko aukera izan dute Marrerok, Odriozolak, Marinek, Zakharianek eta Turrientesek, adibidez. Baita Reala B-ko bi jokalarik ere: Beitiak eta Karrerak. 

Nahiz eta aurrean hiru maila apalagoko talde bat izan, txuri-urdinen prestatzaileak bosteko atzealdea jarri du: Aihen, Jon Martin eta Beitia aritu dira erdiko atzealdean, eta Odriozola eta Sergio Gomez hegaletan. Apustua gaizki atera zaio. Etxekoak biziago atera dira, hauspotuta aurrean Lehen Mailako talde bat zutela eta. Kopan ohikoak izaten diren ezusteko horietako bat gertatzea nahi zuten. Hori bai, ez dute aparteko arriskurik sortu Marreroren ate aurrean. Realak, berriz, kaskar jokatu du lehen ordu erdian. Erritmorik gabe aritu da, eta presio oso arina egin du aurkariak baloia zuenean. Bigarren jokaldiak ere ez ditu irabazi. Gutxiago jokatzen duten jokalariei ez zaie aukera baliatzeko grinarik ikusi. Ez dute arriskurik sortu Daniel Parraren atean.

25. minututik aurrera, Realak apur bat gehiago kontrolatu du jokoa, eta 35. minutuan gol aukera on bat sortu du. Marinek baloia ondo erdiratu, eta Karrerak errematea egin du lehen zutoinean, baina Parrak lortu du geratzea. Handik minutu gutxira erantzun du Reusek. Denboraldi honetan, Reala sufritzen ari da geldikako jokaldietan, eta, halako jokaldi batean, etxekoek eskura izan dute gola. Andyri, ordea, gora joan zaio baloia. Azken minutuetan partidak bide beretik jarraitu du, eta lehen zatia hasi bezala amaitu da: 0-0.

Hiru aldaketa

Sergio Franciscok zerbait aldatu beharra zuen, eta hala egin du. Elustondo, Sadiq eta Barrenetxea zelairatu dira, Beitiaren, Sergio Gomezen eta Zakharianen ordez. Marrazkia ere aldatu du, eta 4-4-2ko sistema jarri, Realak ohikoa duen jokatzeko marrazkia. Horrek mesede egin dio taldeari, eta 49. minutuan aurretik jarri da. Barrenetxeak ezkerretik jokaldi ona egin, baloia erdiratu, eta Sadiqek jaso du. Hark Goti ikusi du, eta atzetik etorrita gola egin du erdilariak. Handik minutu batzuetara, Karrerak aukera ona izan du aldea handitzeko, kontraeraso batean; baina, ez du asmatu. 

Horrek lasaitasuna eman behar zion Realari. Baina atzean zalantzak izan ditu, eta Reus pare bat aldiz gerturatu da Marreroren atera. Gainera, Gorrotxategi zelairatu arren, txuri-urdinek etxekoei utzi diete baloia. Txuri-urdinak bosteko atzealdearekin jokatzen hasi dira berriro ere, eta  sufritu egin dute. Hala, susto ederra hartu dute 80. minutuan, Polek zutoinera bidali baitu baloia. Reala berehala atera da kontraerasora, eta Guedes bigarrena sartzear egon da. Partida amaitzear zela, penaltia egin diote Sadiqi, eta aurrelariak gola sartu du hamaika metroetatik. Iazko martxoaren 9tik zeraman golik sartu gabe. Sufrituta eta gutxi eginda, baina Kopako final-hamaseirenetan izango da Reala. 

Eibarrek ere kanporaketa gainditzea lortu du. Beñat San Josek zuzentzen duen taldea ataka zailean da ligan, jaitsiera postuetan baitago. Teknikariak esana zuen gaurko partida garrantzitsua zela, bai txapelketan segitzeko, bai joko eta emaitza bolada txarra eteteko. Bada, lortu dute. Gipuzkoarrak hasieratik izan dira nagusi, eta 29. minutuan sartu dute neurketako lehen gola. Martonek egin du, Magunazelaiaren pase on bat baliatuta. Ondoren, Eibarrek sufritu egin du. Baina 0-1 amaitu da lehen zatia. Bigarren zatian beste bi gol sartu dituzte. 65. minutuan, Corpas izan da galiziarren atea zulatu duena, berriro ere Magunazelaiaren pase on baten ostean. Aurrelariak ez zuen geratu nahi golik sartu gabe, eta 77. minutuan lortu du. Eibarrek partida serioa jokatu du, eta ondo egokitu da zelaira, kaskar baitzegoen. Orain ligari begiratu beharko diote eibartarrek, berriro ere Kopan pentsatzen hasi aurretik.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.