Realak azken unean egin du aurrera Kopan, Eldenseren aurka partida kaskar bat jokatuta

Txuri-urdinek 1-2 irabazi dute, 96 minutuan Pablo Marinek sartutako gol bati esker. Partida osoa lotuta jokatu dute, ideiarik gabe. Eibarrek, bestalde, 0-1 galdu du Elxen aurka, eta kanpoan geratu da.

Realeko jokalariak, Sucicen gola ospatzen. PABLO MIRANZO / EFE
Realeko jokalariak, Sucicen gola ospatzen. PABLO MIRANZO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 16a
23:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Reala Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango da, baina sufrituta, eta beste partida oso txar bat jokatuta. Pablo Marinek sartu du talde txuri-urdinari garaipena eman dion gola, 96 minutuan: 1-2. Hala, kanpoan utzi du Eldense, Espainiako Federazioaren Lehen Mailan ari den taldea. Marinen golaren ostean, Lander Astiazaranek negar egin du. Lasarte-Oriakoak gaur egin du debuta lehen taldearekin, eta haren malkoek ondo islatu dute taldearen sufrimendua. Izan ere, Reala kateatuta aritu da norgehiagoka osoan, baloiarekin ideiarik gabe, eta Eldenseri minik egin gabe. 80. minutuan aurretik jarri da, baina hurrengo jokaldian hamaikagarren akatsa egin du defentsan, eta etxekoek partida berdindu dute. Luzapenera bidean zen kanporaketa, baina orduan iritsi da Marinen gola. Taldea sailkatu egin da, baina arazoak hor jarraitzen du. Nolako irudi txarra eman duen kontuan hartuta, iritsiko den entrenatzaileak nahikoa lan izango du. 

Ligan egoera zailean egon arren, Ion Ansotegik, behin-behineko entrenatzaileak, argi utzi zuen atzo beretzat neurketarik garrantzitsuena gaurkoa zela, Kopakoa. Hala, Sergio Franciscok atera ohi duen hasierako hamaikakoarekin alderatuz, hiru aldaketa baino ez ditu egin: Marrero, Aihen eta Zakharian aritu dira, Remiroren, Sergio Gomezen eta Barrenetxearen partez. Barrenetxeak min hartuta amaitu zuen Gironaren aurkako partida, eta, horrenbestez, gaur ez da Eldan egon. Marrazkia ere ez du aldatu Ansotegik.

Lehen minutuetan, Reala izan da baloiaren jabe, baina ez du aparteko arriskurik sortu. Argitasuna falta izan zaio erasoan aukerak sortzeko. Eldense, berriz, zuzenago jokatzen saiatu da, baloia berreskuratzen zuen aldiro. Realaren ahulgune handiena hauxe izaten ari da sasoi honetan: trantsizioetan gol ugari sartzen ari zaizkiola. Hori baliatzen saiatu dira etxekoak. Gainera, ondo egon dira kokatuta zelaian. Txuri-urdinei kostatu egin zaie zuloak topatzea. Abiadura handiagoa eman behari zioten jokoari, baina ez dute lortu.

20. minutuan iritsi da Ansotegik zuzentzen duen taldearen lehen abagunea. Jokaldi on bat landu du, eta Zakharianek pase ona eman dio Guedesi. Portugaldarrak ondo irabazi die bizkarra etxekoen erdiko atzelariei, kontrol ona egin du, baina kanpora errematatu du. Guedesek bi erremate on egin ditu partida ordu erdira iristear zela. Hura izan da txuri-urdinen jokalaririk onena gaurko partidan. Puntan jokatu du lehen zatian, eta asko mugitu da. Etengabe saiatu da atzelariei bizkarra hartzen. Ondoren, jokaldi eztabaidagarri bat egon da. Alex Serrandellek traba txiki bat egin dio arean Kubori buruz buruko jokaldi batean. Baina epaileak ez du ezer adierazi. Kontuan izan behar da kanporaketa honetan ez dutela VAR sistema erabiltzen.

Realak lotuta jokatzen jarraitu du. Baloia ezker-eskuin mugitu du, baina aurkariaren atera iritsi gabe. Azken bost minutuetan, dena den, bi aukera garbi izan ditu. Gehiago estutu du etxekoen baloi irteera, eta areatik gertuago berreskuratutako baloia. Hala, Kubok buruz buruko jokaldi on bat egin du; bigarren zutoinera erdiratu du, eta bakarrik zegoela kanpora bidali du baloia Zakharianek. Ondoren, Braisek jaurtiketa ona egin du area ertzetik, eta Valenciak esku ona atera du baloia kornerrera bidaltzeko.

Gero eta estuago

Bigarren zatiari ere hobeto ekin dio Realak. Aurrerapauso bat eman du, eta bloke altuagoan kokatu da. Bazirudien partida aldatzen ari zela. Baina  bost minutuko kontua izan da. Izan ere,  berriro ere lehengora itzuli da. Jokalariak lotuta eta konfiantzarik gabe aritu dira, eta Eldensek gora egin du. 

Egoera ikusita, Ansotegi aldaketak egiten hasi da. Karrikaburu zelairatu du Zakharianen ordez. Guedes ezker hegalera mugitu du. Baina horrek ez du partida aldatu. Itxura txarra hartzen ari zen neurketa. Sergio Gomez eta Sucic atera ditu ondoren Ansotegik. Eldenseren akats baten ostean gola sartu du kroaziarrak. Ia erortzen ari zela egin du errematea (80. min.). Baina ospatu ere ez du egin, burua Donostiatik urrun duela erakutsiz.

Realak eskura zuen sailkapena. Baina hurrengo jokaldian gola sartu dute etxekoek. Aurrena langara bidali dute baloi bat, baina gero Quintanak ez du barkatu: gola sartu du area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Luzapena gertu zegoen. Izan ere, hurrengo minutuetan ere Ansotegiren taldeak ez du minik egin. Epaileak sei minutu luzatu du neurketa, eta ia azken jokaldian txuri-urdinek gola sartu dute. Etxekoek baloia galdu dute, Sergio Gomezek Guedesi bidali dio baloia, eta hark pase sakon bikaina eman dio Marini. Atezaina aurrez aurre zuen, baina goitik pasatu dio baloia, eta sarera joan da. Hala amaitu da partida. Lander Astiazaranen malkoez gain, ikustekoa izan da neurketa amaieran Remirok eta Oiartzabalek elkarri eman dioten besarkada.

Eibarrek ezin 

Eibar, berriz, Kopatik kanpo geratu da, eta ez da final-zortzirenetan egongo. Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak 0-1 galdu du Elxen kontra. Eibarrek ez du partida txarra jokatu, baina garesti ordaindu ditu bi areetan egin dituen akatsak. Bisitariek 27. minutuan sartu dute sailkatzea ahalbidetu dien gola. Adam izan da golegilea. Arrillagak atzera bidali du baloia, Luis Lopez atezainak akatsa egin du, eta Eder Sarabiaren taldeak ez du barkatu. Hurrengo minutuetan Eibarrek sufritu egin du, baina lehen zatia hala amaitu du. 

Bigarren zatian, Eibar Elx baino hobeto aritu da. Corpasek ere penalti bat behartu du zelairatu berri zela. Hark jaurti du, baina Diturok asmatu egin du nora jaurti behar zuen baloia, eta aldentzea lortu du. Gipuzkoarrek ahaleginean jarraitu dute, baina azkenean ez dute lortu neurketa berdintzea. 

Osasuna eta Alaves, bihar

Beste bi euskal talde bihar saiatuko dira final-zortzirenetarako urratsa egiten: Osasuna eta Alaves. Nafarrek Huescaren kontra neurtuko dituzte indarrak (19:00, Movistar+); arabarrek, berriz, Sevillaren aurka (21:00, Movistar+).

Osasunak etxetik kanpo jokatuko du. Alessio Lisci gorritxoen entrenatzailea argi mintzatu da biharko partidaz: «Helburua Kopan aurrera egitea da, txapelketa hau ez da oztopo bat guretzat». Baina argi du lehentasuna asteburuko partida dela, Alavesen aurkakoa, ligan: «Garrantzitsuegia da». Huescak entrenatzailea aldatu duenetik —Jon Perez Bolo da orain prestatzailea— hobetu egin duela nabarmendu du: «Askoz ordenatuago dago orain taldea. Hiru neurketa daramatza jada golik jaso gabe, eta geldikako jokaldietan ere arrisku handia sortzen du».

Min hartuta egon eta gero, Rosierri jokatzeko aukera eman nahi zion Liscik, baina etxean geratu behar izan du, gripeak jota. Horrenbestez, ezusterik ezean, Argibide hasieratik arituko da. Deialdian dira bigarren taldeko Unai Santos, Mikel Serrano eta Roberto Arroyo ere.

Alavesek ez zuen zorterik izan zozketan, Lehen Mailako aurkari bat egokitu zitzaiolako: Sevilla. Lehen Mailako bi taldeen artean jokatuko den kanporaketa bakarra da. «Sevilla oso talde lehiakorra da, eta fisikoki indartsua. Baina gu ere ondo ari gara, eta jokalari guztiek arreta osoa dute jarria biharko partidan», esan du Coudetek. Hobetu behar dituzten gauzen inguruan galdetuta, hauxe erantzuna: «Aurkariaren arean eraginkorragoak izatea falta zaigu, baina gero eta hobeto ari gara horretan ere. Taldea konfiantzaz dago».

Teknikariak ez du aurreratu nahi izan txandakatzeak egingo ote dituen. «Ondoen daudenak jarriko ditut, jakinda larunbatean ere beste partida bat dugula. Uste osoa dut multzoan». Bestalde, Alavesek gaur egin du akziodunen batzarra. Arabako taldeak 90 milioi euroko aurrekontua izango du, inoizko handiena. Aurreko urteko aurrekontuetan, berriz, 212.159 euroko irabazia izan zuten. Akziodunen %99,4k onartu dituzte aurrekontuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.