Realak galdu egin du Getaferen aurka, baina Koparen ospakizuna betea izan da

Brais Mendezek penalti bat huts egin du, eta Gorrotxategik bere atean sartu du gola. Hala, txuri-urdinei zazpi puntura aldendu zaizkie Txapeldunen Ligako postuak. Partida hasi aurretik eta ondoren jokalariek zaleei erakutsi diete Kopa.

Realeko Kubo Getafeko Juan Iglesias atzean utzi nahian, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
Realeko Kubo Getafeko Juan Iglesias atzean utzi nahian, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko apirilaren 22a
22:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak larunbatean irabazitako Espainiako Kopa eskaini die berriz ere gaur zaleei. Baina ezin izan die beste opari bat egin: hiru puntuak. Txuri-urdinek 0-1 galdu dute Getaferen kontra, eta, hala, zazpi puntura aldendu zaizkie Txapeldunen Liga jokatzeko postuak. Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak gutxienez puntu bat merezi izan du, batez ere bigarren zatian Getafe baino hobea izan delako. Baina bisitariek ohikoa duten jokoa egin dute: faltak egin, eta neurketa etengabe geratu. Gainera, zortea alde izan dute. Izan ere, lehen zatian Realak penalti bat huts egin du, eta, ondoren, gol bat sartu du bere atean. Hala, festa betea izan zen, baina Realak esku hutsik amaitu du neurketa. 

Partida hasi aurretik Kopako txapeldunei beste omenaldi bat egin zaie. Haurrak atera dira bandera txuri-urdinekin, eta Getafeko jokalariak alderik alde jarri dira Realekoak irten direnean; txalo egin diete zelaira irten direnean. Taldeko lau kapitainek, Oiartzabalek, Elustondok, Zubeldiak eta Barrenetxeak Kopa erakutsi dute gero. 

Ostean hasi da norgehiagoka. Cartujan neurketa osoa jokatu zuten hiru jokalari baino ez dira izan hamaikakoan: Jon Martin, Caleta-Car eta Soler. Hasieratik aritu dira Aihen, Elustondo, Kubo eta Marin. Aulkian geratu dira, berriz, Aramburu, Oiartzabal eta Sucic. Hirurek oso nekatuta amaitu zuten finala. Ospakizunen osteko ajea kontutan hartuta, Reala partidaren erritmoa geldoa izan zedin ahalegindu da; Getafe, berriz, biziago jokatzen saiatu da. Baina lehen minutuetan, behintzat, ez du aparteko arriskurik sortu. 

Bederatzigarren minutuan etxekoek aukera bikaina izan dute aurretik jartzeko. Brais Mendezek buruz egindako erremate batek Abqarren eskuan jo du, eta VARean begiratu ostean epaileak penaltia adierazi du. Brais Mendezek berak bota du penaltia, baina baloia zutoinera joan da. Hurrengo minutuetan partidak ez du aparteko distirarik izan. Ez talde batek ez besteak ez dute jokoaren ekimena izatea lortu. Baina 31. minutuan Gorrotxategik gola sartu du bere atean. Zorte txarreko jokaldi batean izan da. Juan Iglesiasek erdiraketa egin du ezkerretik, eta Gorrotxategi baloia aldentzen ahalegindu da buruz, baina Remiroren atera joan da. Oso goitik zihoan baloia, eta atezainak ezin izan du geratu. 

(ID_16010129) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-04-22. Donostia
Realeko jokalariak zaleei Espainiako Kopa eskaintzen. JON URBE / FOKU
Barrenetxearen txinparta

Getafek nahi zuen tokian zuen neurketa. Ohikoa duen moduan, hortik aurrera etengabe gelditu du jokoa, faltak eginez. Realari ez zitzaion hori komeni, baizik eta jokoak segida izatea. Horretan saiatu dira txuri-urdinak, baina ez dute erabat lortu. Argitasuna falta izan zaie zelai erditik aurrera, eta baloia izan dutenean ez dira ohikoa duten abiadurarekin aritu. Horrenbestez, bisitariek aurretik amaitu dute lehen zatia. 

Aldageletatik bueltan ere Getafek Realari utzi dio baloia, baina Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak min egiteko beste txinparta batekin jokatu behar zuen. Izan ere, Getafe eroso zegoen. Behintzat, txuri-urdinak bi aldiz gerturatu dira arriskuarekin Soriaren atera, eta teknikariak Oiartzabal eta Barrenetxea zelairatu ditu, Brais Mendezen eta Marinen ordez. Hain zuzen ere, Barrenetxeak gertu izan du gola buruz buruko jokaldi batean, baina kanpora joan zaio errematea. Hegalekoa izan da partidako jokalaririk onena. Segidan buruz izan du abagunea Aramburuk. 

Reala nagusi zen, eta gola sartzea baino ez zitzaion falta. Getafe berriro ere jokoa geratzen ahalegindu da, faltak eginez eta epaileari protestaka arituz. Baina Barrenetxeak ekinean segitu du, eta hegaletik min handia egin du. Bisitariek beste pauso bat eman dute atzera. Oskarssonek bi aukera on izan ditu 75. minutuan berdinketa lortzeko, baina gutxigatik ez du asmatu. Realak merezi zuen berdinketa, ez du lortu, ordea. Partida amaieran liskarra izan da jokalarien artean. Neurketa bukatzean ere ospakizunak segitu egin du, handia izan baitzen larunbatean txuri-urdinek Cartujan lortutakoa. Txapeldunek buelta eman diote zelaiari, eta Aitor Zabaleta ere gogoratu dute.

Reala-Getafe

Reala: Remiro; Elustondo (Aramburu, 46. min.); Caleta-Car, Jon Martín, Aihen (Wesley, 78. min.); Gorrotxategi (Turrientes, 87. min.), Soler (Karrikaburu, 87. min), Brais Méndez (Barrenetxea, 56. min.); Marin (Oiartzabal, 56. min.), Kubo eta Oskarsson.

Getafe: Soria; Kiko FemenĂ­a (Nyom, 80. min.), Abqar (Rico, 80. min.), Djene, Boselli, Iglesias; Mario MartĂ­n (Javi Muñoz, m.68. min.), Milla, Arambarri; Satriano eta Luis VĂ¡zquez (Liso, 87. min.).

Gola: 0-1: Gorrotxategik (bere atean). (31. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA