Reala 1-0 Mallorca

Realak sasoiko lehen garaipena lortu du, Mallorca mendean hartuta

Txuri-urdinek Oiartzabalen gol bati esker irabazi dute. Partida txukuna egin dute, eta alde handiagoz irabaztea merezi izan dute. Bost puntu dituzte orain sailkapenean.

Mikel Oiartzabal, amorruz, gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Mikel Oiartzabal, amorruz, gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 24a
23:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behar zuen, eta iritsi da. Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du. Seigarren jardunaldian izan da, Mallorcari 1-0 irabazita. Txuri-urdinek merezita irabazi dute, eta Oiartzabalek sartutako gol bati esker poltsikoratu dituzte hiru puntuak. Bigarren zatiaren hasieran sartu du gol hori kapitainak, baina lehen zatian ere aukerak izan dituzte aurretik jartzeko. Realak partida txukuna jokatu du, eta atea hutsean uztea ere lortu du. Aurreko partidetan ez bezala, atzealdean ez du akats larririk egin, eta bost puntu ditu orain sailkapenean. Oraingoz jaitsiera postuetatik irten da talde txuri-urdina.

Aurreko jardunaldian Betisen aurka ateratako hamaikakoarekin alderatuta, aldaketa bakarra egin du Sergio Franciscok: Carlos Solerrek jokatu du Pablo Marinen tokian. Partida hasi aurretik omenaldia egin diete Orioko eta Arraun Lagunak-eko arraunlariei. Biek liga eta Kontxako estropada irabazi dituzte.

Reala nagusi izan da neurketaren hasieran. Jokoan ziren hiru puntuen garrantziaren jakitun, bizi irten da. Baloiaren jabetza izan du, eta eskuin hegaletik min egin du. Bertan zegoen Ander Barrenetxea. Talde txuri-urdinean hura ari da ondoen sasoi hasieran, eta gaur ere hala izan da. Realak atzean sartu du Mallorca, eta pixkanaka zuloak topatuz joan da Jagoba Arrasatek zelaian jarri duen armiarma sarean.

Sergio Franciscok zuzentzen duen taldeak bi aukera oso garbi izan ditu segidan aurretik jartzeko. 18. minutuan izan da. Sergio Gomezek erdiraketa egin du lehen zutoinera, eta atzetik etorrita errematea egin du Barrenetxeak; baina Leo Romanek, Mallorcako atezainak, gelditu bikaina egin dio. Ondoren, Kubok erdiraketa ederra egin du. Jon Mikel Aranburu bakar-bakarrik zegoen bigarren zutoinean, baina gaizki errematatu du buruz. 

Realak ez du lortu aurretik jartzea nagusi izan den minutu horietan. Hala gertatu zaio denboraldi honetako partida guztietan. Mallorca hobeto kokatuz joan da zelaian, eta 24. minutuan lehen aukera izan du, kontraerasoan. Mateo Josphek erremate gogorra egin du, baina Remirok ondo atera du. Abisu horren ostean, partida berdindu egin da. Realari gehiago kostatu zaio bizi jokatzea, baloi gehiago galdu ditu, eta gutxiago iritsi da Leo Romanen atera. 

Baina 42. minutuan beste aukera argi bat izan du aurretik jartzeko. Braisek baloia berreskuratu du zelai erdian, eta bizkor eman dio Oiartzabali. Kapitaina area ertzera iritsi da, eta Berrenetxeari eman dio ezkerrera. Hegalekoa bakarrik geratu da Leo Romanen aurrean, baina kanpora errematatu du. Merezi zuen Realak aurretik jartzea, baina ez du lortu. Lehen zatia hasi bezala amaitu da: 0-0.

Oiartzabalen gola

Bigarren zatia Realaren beste aukera batekin abiatu da, baina Oiartzabali kanpora joan zaio buruz egin duen errematea. Baina ez du barkatu izan duen hurrengo aukeran. Kubok pasea eman dio Barrenetxeari, hark atzean ikusi du Oiartzabal, eta kapitainak nahikoa izan du baloia bultzatzea gola sartzeko (48. min). Amorruz ospatu du gola, eta gainerako taldekideekin besarkatu da. Harmailetan ere ederki ospatu dute, denboraldi hasieran asko sufritzen ari baitira. 

Reala lehen aldiz jarri da aurretik denboraldi honetan. Baina gol baten aldea arriskutsua izan ohi da, eta bigarrena behar zuen lasaiago egoteko. Lortzear egon da, 59. minutuan. Baina Leo Romanek bikain erantzun die Solerrek eta Barrenetxeak egindako ahaleginei.

Sergio Franciscok zelai erdia indartu nahi izan du, eta Turrientes atera du Gorrotxategiren alboan jokatzeko. Beasaingoak Carlos Solerren tokia hartu du. Realak pazientzia handiagoarekin mugitu du baloia, eta gehiago landu ditu jokaldiak.  Aldi berean, Mallorcak gora egin behar zuela kontuan hartuta, kontraerasoan irteten ere ahalegindu da. Horietako batean jokaldi ona lotu du, eta baloia iritsi zaio Serigo Gomezek. Hegalekoak aukerako baloia eman dio Kubori, baina japoniarrak kanpora errematatu du. Aukera argia galdu du taldearen errenta handitzeko.

Mallorcak ere izan du berea: Mateo Joseph bakarrik geratu da Remiroren aurrean, baina ez du ondo errematatu. Aldaratzea Caleta-Carri iritsi zaio, baina Realeko atzelaria nahastu egin da, eta berriro Mallorcako jokalariak jaso du. Aranburuk, hala ere, baloia kentzea lortu du. Ondoren susto ederra hartu dute zaleek eta jokalariek, epaileak penaltia adierazi baitu, ustez Mallorcako jokalari batek jotako baloiak eskuan eman diolako Barrenetxeari. Baina azkenean ezerezean utzi du, VARetik abisua eman baitiote ez zela penaltia. 

Azken txanpan Sadiq zelairatu du Sergio Franciscok, eta zaleek txistu artean hartu dute. Azken minutuetan, eta irabazteko nolako beharra zuen kontuan hartuta, urduri samar ibili da Reala. Baina azkenean 1-0ekoari eutsi dio. Garaipen horrekin, txuri-urdinek apur bat lasaiago heldu ahalko diote Bartzelonaren aurkako partidari. 

Reala-Mallorca

Reala: Remiro; Aranburu, Zubeldia, Caleta-Car, Sergio Gomez (Aihen, 74. min.); Gorrotxategi, Soler (Turrientes, 64. min.), Brais Mendez (Marín, 74. min.); Kubo (Guedes, 84. min.), Barrenetxea (Sadiq, 84. min.).eta Oiarzabal.

Mallorca: Leo RooĂ¡n; Maffeo (Morey, 78. min.), David Lopez (Domenech, 62. min.), Valjent, Raillo, Lato (Mojica, 78. min.); Antonio Sanchez (Darder, 62. min.), Mascarell (SamĂº Costa, 43. min.), Pablo Torre; Joseph eta Muriqi.

Gola:1-0: Oiartzabalek (48. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.