Realak irabazi du gaur Osasunaren aurka Anoetan jokatu duen derbia: 3-1. Txuri-urdinek bizi eta zuzen jokatu dute, eta min handia egin diete gorritxoei. Hala, beste hiru puntu poltsikoratu dituzte, eta zazpigarren tokian jarri dira sailkapenean, Europako postuetan. Turrientesek, Solerrek eta Brais Mendezek gidatu dute taldea, eta lana Oiartzabalek eta Guedesek biribildu dute. Kapitainak gol bat sartu du, eta portugaldarrak bi. Osasunak, berriz, ondo ekin dio neurketari, baina behera egin du Realak partidaren kontrola hartu duenean: nahi eta ezin aritu da, eta aukera galdu du bete-betean Europarako postuetarako lehian sartzeko. Victor Muñozek sartutako golaren ondoren baino ez du estutu, eta urruti izan du Anoetatik punturen bat eramateko aukera.Â
Lehen minutuetan, Osasuna erosoago aritu da baloiarekin. Realak presioa egin dio goian, baina Alessio Liscik zuzentzen duen taldeak ondo gainditu du. Gorritxoek 11. minutuan izan dute aurretik jartzeko lehen aukera. Galanek erdiraketa ona egin du ezkerretik, eta Victor Muñozek zutoinera bidali du baloia, buruz. Hortik aurrera, Reala nagusituz joan da. Gehiagotan izan du baloia, eta, zelai erdian, Brais Mendezek, Solerrek eta Turrientesek hartu dute partidaren aginte makila. Txuri-urdinak biziago eta zuzenago jokatzen hasi dira. Hala, hiru abagune izan dituzte lehen gola sartzeko: 15. minutuan, Herrerak ondo atera du Turrientesen errematea, eta gero, ia segidan, Oiartzabalek bi aldiz huts egin du gorritxoen atezainaren aurrean.Â
Ondoren, ordea, arantza atera ahal izan du. Guedesek erdiraketa bat egin du, Herrerak aldendu du, eta baloiak besoan jo du Boyomo. Cuadra Fernandez epaileak penaltia adierazi du, eta txuri-urdinen kapitainak sarera bidali du baloia (24. min). Oiartzabalek 427. partida jokatu du gaur Realarekin, eta talde txuri-urdinarekin neurketa gehien jokatu duen hamargarren jokalaria da dagoeneko.
Zaleak oraindik lehen gola ospatzen ari zirela iritsi da bigarrena. Guedesek sartu du, eta ikusgarria izan da. Realak kontraeraso ona egin du: baloia portugaldarrari iritsi zaio area ertzean, eta bikain eta gogor jaurti du. Herrerak ezin izan du geratu (28. min).
Osasunarentzat kolpea izan da ia segidan bi gol hartzea. Nafarrei kostatu egin zaie Realak goian egin duen presioa gainditzea, eta ezinean aritu dira baloia atzetik ateratzeko orduan. Realak, berriz, bizi jokatzen jarraitu du. Bizpahiru paserekin behin baino gehiagotan iritsi da Herreraren atera.
Victor Muñozek zutoinera bidalitako errematearekin batera, gorritxoek 46. minutuan izan dute lehen zatiko aukerarik argiena. Aimar Orozek jaurtiketa ona egin du area ertzetik, baina Remirok atera du baloia, eskuin eskuarekin. Atezainak 300. partida jokatu du gaur Realaren elastikoarekin.Â
Hirugarrena berehala
Bigarren zatia hasterako, Liscik bi aldaketa egin ditu: Iker Muñoz eta Moi Gomez zelairatu dira, Mororen eta Torroren ordez. Gorritxoek hobeto ekin diote bigarren zatiari. Baina Realak sartu du gola, 51. minutuan. Turrientesek zelai erdi parean jaso du baloia, eta gora egin du. Osasunako jokalariek ez dute oztopatu, eta Guedesi eman dio pasea. Portugaldarrak berriro ere bitan pentsatu gabe egin du errematea areako ertz batetik, eta gol ikusgarria sartu du.Â
Hurrengo minutuetan, Osasuna gutxienez gol bat sartzen ahalegindu da. Baina Realak kontrolpean izan du norgehiagoka. Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldea nagusi izan da bai buruz burukoetan eta bai bigarren jokaldietan. Zelai erdian eta atzean sendo egon da. Txuri-urdinentzat albisterik txarrera zera izan da: Yangel Herrerak berriro ere min hartu duela. Erdilariak bost minutu baino ez ditu egin zelaian, eta utzi egin behar izan du, giharretako arazoak zituela eta. Negarrez eseri da aulkian, eta aldageletara joan da gero.Â
75. minutuan, Liscik Oroz kendu du, eta Barja zelairatu. Hegalekoak egin duen lehen jokaldian, gorritxoek gola sartu dute. Baloia Victor Muñozi eman dio, eta, ia errematatzeko tokirik ez zuela, ezustean harrapatu du Remiro. Osasunak 15 minutu zituen beste bi gol sartu eta gutxienez berdinketa lortzeko. Saiatu da, eta apur bat estutu du, baina 3-1ekoarekin amaitu da neurketa azkenerako.Â
Reala: Remiro; Sergio Gomez, Zubeldia, Caleta-Car, Aramburu; Turrientes (Yangel Herrera. 63. min; Oskarsson, 68. min), Brais (Sucic, 63. min), Carlos Soler; Barrenetxea (Wesley, 83. min), Oiartzabal eta Guedes (MarĂn, 63. min).
Osasuna: Herrera; Galan, Boyomo, Catena (Herrando, 57. min), Rosier; Torro (Moi Gomez, 46. min), Moncayola (Osambela, 83. min), Oroz (Barja, 73. min); Moro (Iker Muñoz, 46. min), VĂctor Muñoz eta Budimir.
Golak: 1-0: Oiartzabalek (24. min, penaltiz). 2-0: Guedesek (28. min). 3-0: Guedesek (51. min): 3-1: VĂctor Muñozek (76. min).