Reala txapeldun

Reala hobea izan da finalean, eta bere historian hirugarrenez irabazi du Espainiako Kopa. Oiartzabalek sartu du gola penaltiz. iñigo Martinezek Porturi egin dio penaltia, baloi bat jokatzerakoan Yerayk atzean akats bat egin ostean.

Realeko jokalariak, kopa altxatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 3a
20:48
Entzun

Golak. 0-1: Oiartzabalek, penaltiz (63. min.). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Athleticeko Dani Garciari eta Iñigo Martinezi; eta Realeko Merinori.

Reala txapeldun da berriz, eta Imanol Alguacil da gizonezkoen taldea berriz ere gailurrera eraman duen pertsona. Taldeko zuzendaritzak etxeko entrenatzaile baten aldeko apustua egin zuen, eta bi urte geroago jaso du fruitua. Joko onean eta etxeko jokalariengan jarri zuen fedea. Eta noski, pasioan. Hori ez da negoziatzen. Zale sutsu bat da aulkian, eta hemendik aurrera realzaleek ahaztuko ez duten izen bat. Sustraietara itzuli zen, eta horri esker irabazi du bere historiako Espainiako hirugarren Kopa. Atzoko finalean, Sevillan, Athletic baino gehiago izan zen. Ez askoz gehiago, baina bai hobea. Athletic, aldiz, trakets aritu zen, urduri. Une on gutxi izan zituen, eta garesti ordaindu zituen Yerayren eta Iñigo Martinezen hutsak. Bi aste barru du arantza ateratzeko aukera, Bartzelonaren aurkako finalean, baina bizkarrekoaren zama arintzea ez da erraza izango.

Finala derbi bat zen, eta lehen zatia derbiei egozten zaizkien topikoen pilaketa bat izan zen. Hasi eta berehala, euri zaparrada bota zuen, baina ez zituen bi taldeen ideiak gehiegi freskatu. Final bat irabazteko lehen agindua hutsik ez egitea da, eta hori buruan zutela irten ziren jokalariak. Urte luzez gogoratu lieketen opariren bat egitearen beldurrak bi taldeak lotu zituen, eta ez zuten behin ere jaurti hiru zutoinen artean.

Reala izan zen nagiak astintzen aurrenekoa, eta lehen 25 minutuetan gehiago izan zen. Haren agintea, baina, posizionala izan zen erreala baino gehiago. Isak itsasargi hartuta, erdiketa batzuk atera zituen eskuin hegaletik. Minutuak aurrera egin hala, baina, Athleticek presioa aurreratu zuen. Baloiak erre egin zion oinetan; ondorioz, hura lapurtu eta bizi irtetean jarri zuen fedea.

Muniain agertu zen orduan, eta haren zertzeladek Remiro ikaratu zuten. Aukera onena Iñigo Martinezek izan zuen, eskuinez areaz kanpotik eginiko jaurtiketa batekin. Partidaren erritmoa jaitsi ahala, zuri-gorriek erosoago sumatu zuten beraien burua, baina erotu gabe. Atsedenaldiko berdinketa ona zen bientzat.

Huts ezaren oreka bigarren zatiaren hasieran hautsi zen. Realak hartu zuen baloia, eta aginte antzua zena zukutzen hasi zen. 46. minutuan falta bat eragin zuen area ertzean, eta 58.enean Yeraryren hutsa. Erdiko atzelariak pase txarra eman zuen, eta Oiartzabalek lapurtu zuen baloia zelai erdian. Burua altxatu eta eibartarrak pase gurutzatu neurtua eman zuen area barrura. Portuk buruz buruko lehia irabazi zion Iñigo Martinezi, eta hark penaltia egin zion. Athleticeko bi erdiko atzelariek egin zuten huts.

Egoera absurdua bizi zen. Estrada Fernandez epaileak, hura ere urduri, Iñigo Martinez egotzi zuen lehenbizi, eta jokaldia VARean ikusi ondoren, aldageletatik itzularazi zuen. Penaltia adierazi zuenetik Oiartzabalek jaurti zuen arte bost minutu pasatu ziren, baina eibartarra ez zen kikildu. Azkenaldian huts egindakoen penaltien mamuak uxatu eta sarera bidali duen baloia.

Bigarren zatiko hogei minutuak paseak ziren, eta ia ez zen jokatu. Golak min handia egin zion Athletici, eta iparra galdu zuen. Marcelino aldaketak egiten saiatu zen, eta taldea gora bidali zuen baina haizea eta emaitza alde zuela Realak eroso jokatu zuen. Baloia oinetan izatea gustatzen zaio, Imanolen sinadura da, eta gehiegi sufritu gabe irabazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.