Reala 1-2 PSG

Reala Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da

Talde txuri-urdinak 1-2 galdu du PSGren aurka. Minutu askotan txinpartarik gabe aritu dira. Mbappek egin ditu frantziarren bi golak, Realarena, berriz, Merinok.

(ID_13672666) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-03-05, Donostia. Txapeldunen Ligako partida Realak eta PSG artean
Realeko jokalariak, burumakur, partida amaieran. JON URBE
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 5a
23:10
Entzun

Amaitu da Realaren bidea Txapeldunen Ligan. Multzoen fase ikusgarri baten ostean, ezin izan du final-zortzirenetako mugarria gainditu. Txuri-urdinek  1-2 galdu dute Anoetan, PSGren aurka. Urruti izan dute Parisen izandako 2-0ko emaitza iraultzeko aukera. Joanekoan ez bezala, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea ez da gai izan Frantziako taldea estu hartzeko. Iragan astean Espainiako Kopako finalerako sailkapenak ihes egin eta gero, bigarren kolpea jaso du Realak astebetean. Orain, arreta ligan jarri beharko du, ez nolanahiko helburu batekin: bosgarren urtez jarraian Europarako sailkatzea. Horretarako beharrezkoa izango du denboraldi hasieran izan zuen distira berreskuratzea. Izan ere, gaurkoan ere azken asteetako Reala ikusi zen: txinparta gutxirekin, eta erasoan ia arriskurik sortu gabe. Batez ere lehen zatian. Hori aldatzeko lehen aukera larunbatean izango du, Granadan. 

Bazen balentria egiteko ametsa. Zaleek ongi beroa egin diote taldeari, eta Anoetako harmailak bete dituzte. Inoizko sarrerarik onena izan da: 39.336 ikusle. Aurrelari petorik gabe jokatzeko apustua egin du Imanolek. Aurrean Oiartzabal aritu da. Beste berritasuna Becker izan da. Haren abiadura eta buruz buruko jokaldietan duen trebetasuna baliatu nahi izan du Orioko prestatzaileak. Ondo ekin dio Realak norgehiagokari. Baina bisitariek eman dute lehen abisua, bosgarren minutuan. Berriro ere erakutsi dute gutxi behar dutela gol aukera bat sortzeko, eta Mbapperi gutxigatik joan zaio kanpora errematea, Dembeleren pase on bat eman ostean. 

Baina Reala ez da kikildu. Hala, minutu batzuk beranduago gertu izan du gola. Beckerrek erdiraketa ona egin du, baina bisitarien atzelari batek ondo atera du baloia, Kubo bigarren zutoinean bakarrik zegoen. Haatik, pixkanaka Luis Enrique Martinezek zuzentzen duen taldea nagusitzen joan da. Fisikoki gailendu da, eta horrek ahalbidetu dio zelaian hobeto kokatua egotea. Hala, Barcolaren abisu baten ostean, Mbapperen gola iritsi da. Ikusgarria izan da aurrelariaren gola, 15. minutuan. Espaziora baloia jaso du, eta angelurik gabe geratuko zela zirudien. Baina Zubeldiari barrura errekortea egin ostean, zutoin luzera erremate bikaina egin du Kanporaketa are zailago jarri zio talde txuri-urdinari. Hiru gol behar zituen luzapena behartzeko.

Realak zelai erdia galdu du, ezdu presio altua egiten asmatu eta nabaritu egin du. Izan ere, behar baino gehiago korrika egin behar izan du, eta apenas gerturatu zen Donnarummaren atera. Bisitariak, berriz, eroso aritu da, gustukoen dutena eginez: kontraerasoan bizkor irtetea. Halako jokaldi batean, Barcolak atzean utzi du Le Normad, eta hark egindako jaurtiketa gogorra hankarekin atera du Remirok (29. min.).  Reala ezinean ari zen. Atsedenaldira iritsi bitarte, abagune bakarra sortu du: Kuboren errematea gutxigatik joan da kanpora 45. minutuan.

Mbapperen bigarrena

Bigarren zatiari begira, Realak oso zail zituen gauzak. Are gehiago 55. minututik aurrera. Mbappek bigarren gola egin du. Dembelek pase sakona eman diio, ondo irabazi zion bizkarra Zubeldiari, eta ez du barkatu Remiroren aurrean. Errematea bikaina izan da. Reala saiatu da gutxienez gol bat egiten, eta partidaren amaiera txukun bat egiten, etorkizunari begira baliogarria izateko. Zerbait aldatu asmoz Imanolek Turrientes eta Barrenetxea zelairatu ditu, Beckerren eta Braisen ordez. 

Batez ere Barrenetxeak beste txinparta bat eman dio taldeari, eta gol bat ere sartu du buruz, 63. minutuan. Baina epaileak balio gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako. PSGk presioa gutxitu du, eta Realaren minutu onenak izan dira hortik aurrerakoak. Merinok, Oiartzabalek eta Turrientesek gola egiteko aukera bana izan dute, baina ez dute asmatu.  Beasaindarraren errematea Donnarummak atera zuen. Partida amaitzear zela sartu du gola azkenean Merinok. Turrientesen erdiraketa Donnarummak atera du, eta aldaratzea Merinok baliatu du gola egiteko. Burua jaso eta datorrenari begiratu beharko diote orain txuri-urdinek. Beti ere txarrenari onena aterata: egindako multzoen fase ona.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.