SOSLAIA. Mikel Gonzalez

Reala utziko du sasoia amaitzean

jon eskudero
Donostia
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Jakina zen albistea, eta atzo plazaratu zuen Realak: Mikel Gonzalezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1985) ez du taldean jarraituko datorren denboraldian. Besteak beste, ekainean amaitzen zitzaion lan hitzarmena, eta, luzatzeko eskaintzarik jaso ez duenez, Donostiatik urrun topatu beharko du etorkizuna. Erdiko atzelariak hogei urte luze egin ditu Realean, 11 lehen taldean, eta 300 partida jokatu ditu guztira. Sasoi honetan, ordea, gutxi jokatu du, laugarren erdiko atzelaria izan baita. Bederatzi partidatan bakarrik irten da zelaira. Realean jarraitu nahi zuela publikoki aitortu bazuen ere, ez du horretarako aukerarik izango.

Zehazki, 2005-2006ko sasoian egin zuen debuta lehen taldearekin Mikel Gonzalezek, Josemari Amorrortu entrenatzaile zela. Kontuak ez ziren nahi bezala joan, Realak 5-2 galdu baitzuen Mallorcaren zelaian. Sasoi hartan gutxi jokatu zuen arrasatearrak, baina hurrengo denboraldian sarritan izan zuen tokia hamaikakoan. Berrogei urtez Lehen Mailan egon ondoren, maila galdu zuen Realak. Bigarren Mailako ibilian ezinbestekoa izan zen arrasatearraren presentzia, eta taldeko kapitainetako bat ere izan zen. 2009-2010eko denboraldian lortu zuten txuri-urdinek mailaz igotzea. Ordutik, lan dotorea egin du. Nabarmentzekoa da 2012-2013koan osatu zuen sasoia, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortuaz.

«Egindako lan ona eta azaldutako balioak» eskertzeko, urrezko ikurra emango dio klubak. Zaleek, berriz, bihar agurtuko dute, Anoetan. Hori bai, min hartuta dagoenez, zail izango du jokatzea. Datorren sasoiari begira, Levante edo Eibarren joka dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.