Imanol Alguacilek Santiago Bernabeun zuzendu zuen aurrenekoz Reala aldi loriatsu honetan. Talde txuri-urdinak 0-2 irabazi zuen. 2019ko urtarrilaren 6a zen. Sei urte pasatxo geroago eseri da azken aldiz txuri-urdinen aulkian, gaur, Bernabeun bertan. Baina ez du modurik izan agur esan aurreko partida irabazteko. 2-0 galdu du Realak. Partida tentsiorik eta distirarik gabekoa izan da, ez talde batek ez besteak ez baitzuten ezer jokoan. Mbappek sartu ditu neurketako bi golak. Lehena penalti eztabaidagarri bat huts egin ostean sartu du. Reala saiatu da, baina ez ditu baliatu izan dituen gol aukerak. Marrero atezainak partida bikaina egin du; dozena bat gelditu on egin ditu, eta horietako asko goi mailakoak.
Imanolek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan. Aulkian geratu dira, besteak beste, Zubeldia, Zubimendi, Oiartzabal eta Remiro. Marrero, Pacheco, Turrientes eta Mariezkurrena, berriz, hasieratik aritu dira. Aihen izan da kapitain. Neurketa erritmo handirik gabe hasi da, makal. Real Madrilek eduki du baloia, eta bizpahiru aldiz gerturatu da Marreroren atera. Baina partidako lehen aukera garbia Realak izan du. Pase sakon ona jaso du Sergio Gomezek, eta Luninen aurrean geratu da. Kataluniarrak bigun errematatu, eta atezainak geratu egin du baloia. Real Madrilek handik gutxira erantzun du. Mbappek abagune argia izan du. Gulerrek pase bikaina eman dio Frantziako aurrelariari, eta, Brahimekin horma-bikoa egin ostean, bakarrik geratu da Marreroren aurrean. Baloia loratu du, baina kanpora joan da.
Neurketaren gidoia ez da aldatu hurrengo minutuetan. Real Madrilek izan du baloia, eta Reala zelaian ondo jarrita egoten saiatu da, eta atzean sendo aritzen. Bloke ertain-apal batean kokatu da. Luninen atera zertxobait gerturatzea falta izan zaio, nahiz eta Pablo Marin gola sartzear izan den korner batean.
Nabaritu egin da ez talde batek ez besteak ez zutela ezer jokoan. Presioan apenas estutu duten baloia galdu dutenean. Erasoan, bestalde, ez diete behar besteko bizitasuna eman baloiari eta jokaldiei. Dena den, ordu erdi pasatxoren buruan Realak beste aukera on bat izan du. Berriro ere ondo egin du eraso bizkarrera. Atzetik korrika zetorrela, Sucici iritsi zaio baloia, baina gurutzatuegi egin du errematea. Real Madrilek hurrengo jokaldian erantzun du. Mbappek erremate gogorra egin du, baina Marrerok bikain atera du eskua.
Etxekoek penaltiz sartu dute lehen gola. Melero Lopez epaileari jokaldi bat ikustera joateko eskatu dio VAReko epaileak, Figueroa Vazquezek. Melero Lopezek penaltia adierazi du, baloiak Pablo Marin eskuan jo duelakoan. Jo du, baina jokalariak nahi gabe, eskua kentzeko keinua egiten ari baitzen, eta hura ia gorputzera itsatsita zeukan. Alferrik. Mbappek jaurti du penaltia, eta Marrerok gelditu egin dio. Baina aldaratzea aurrelariari iritsi zaio, eta, Marrerok ia lortu duen arren baloia gelditzea, aurrelari frantziarrak ez du barkatu: 1-0 (38. min.). Emaitza horrekin amaitu da lehen zatia.
Bide beretik
Bigarren zatia antzera hasi da. Mbappek jaurtiketa on bat egin ostean, Realak sortu du abagune bat: kanpotik barrura sartuta, Mariezkurrenak ondo errematatu du baloia, baina gurutzatuta alde egin dio.
Bigarren zatian, Real Madrilek nahiago izan du kontraerasoan aritu, eta halako jokaldietan aldea handitzen saiatu. Lortzear egon da. Valverde indartsu atera da atzetik, baloia Mbapperi eman dio, eta hark Viniciusi. Brasildarrak errematatu egin du, baina Marrerok beste gelditu on bat egin du.
Realak bizkor galdu du baloia berreskuratu duen aldiro, eta erasoan kostatu egin zaio zuloak topatzea. Jokaldi bakan batzuetan baino ez du egin. Kubok buruz buruko jokaldi on bat egin du 70. minutuan. Hondoko marrara iritsi da, atzerantz egin du pasea, eta, gutxigatik, baina Sergio Gomez ez da iritsi.
Imanolek Oiartzabal, Zubimendi eta Barrenetxea zelairatu ditu berdintzea lortzeko asmoz. Baina alferrik, Real Madrilek bigarrena sartu baitu. Berriro ere, Mbappek egin du. Viniciusek pase ona egin dio, frantziarrak ezkerrarekin errematatu du, eta Marrerok ezin izan du miraririk egin oraingoan.
84. minutua zen, eta hor amaitu da partida. Izan ere, hortik aurrera, Real Madrilek sasoi amaieran taldea utziko duten bi jokalari agurtu eta omendu ditu, Lucas Vazquez eta Modric, eta neurketan ez da izan kontatzeko moduko besterik. Bukatu da Realaren denboraldia, eta beste aro bat zabalduko zaie txuri-urdinei hemendik aurrera.
Real Madril-Reala
Real Madril: Lunin; Lucas Vazquez (Gonzalo, 77. min.), Tchouameni (Vallejo, 56. min). Asencio, Fran Garcia; Ceballos, Valverde, Modric (Chema, 86. min.); Guler, Mbappe eta Brahim (Vinicius, 56. min.).
Reala: Marrero; Aramburu, Pacheco, Jon Martin, Aihen; Turrientes (Zubimendi, 71. min.), Sucic (Brais Mendez, 84. min.) Kubo, Sergio Gomez (Barrenetxea, 71. min.) Marin (Olasagasti, 46. min.) eta Mariezkurrena (Oiartzabal, 71. min.).
Golak: 1-0: Mbappek, (38. min). 2-0: Mbappek (84. min.).