Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Realak. Lehen bi jardunaldietan galdu eta gero, irabazi beharrean ziren txuri-urdinak, eta ez dute huts egin Anoetan, Espanyolen aurka: 2-1. Oro har, partida serioa eta ona jokatu dute donostiarrek, baina lana erruz egin behar izan dute hiru puntuen jabe egiteko. Barrenetxeak 4. minutuan aurreratu du etxeko taldea, baina kataluniarrek lehia berdindu dute atsedenaldiaren atarian. Ondorioz, bigarren zatiaren hasieran sufritu egin du Pellegrino Matarazzoren taldeak, baina tarterik kritikoenean iritsi da 2-1ekoa, Oskarssonek sartuta. Etxekoak gehiago izan dira, meritu gehiago egin dute irabazteko, eta, azkenean, lan horrek saria izan du. Ezbairik gabe, hiru puntuek arnasa emango diote Realari.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Matarazzok ez du aldaketa handirik egin. Orain arteko bideari jarraipena eman dio, eta taldeak eskertu du. Izan ere, partida ondo hasi dute txuri-urdinek. Erritmo bizian zelairatu dira, intentsitate handiz eta motibazioz gainezka, eta berehala jaso dute saria. Jokaldi on baten ondoren, arratseko lehen gola egin du Barrenetxeak, 4. minutuan. Etxeko taldeak baloia lapurtu du presioan, eta aurrelariak aukera ederki baliatu. Maisuki gainditu du Dmitrovic Espanyoleko atezaina.
Gol goiztiarrak ez du aldatu neurketaren gidoia, eta bere horretan jarraitu du Realak. Ondo aritu da, eta aurkariaren areara erraz ailegatu. Gol aukera garbiak sortzea kosta bazaio ere, Espanyol baino askoz gehiago izan da. Hori bai, 20. minututik aurrera, kataluniarrek berdindu egin dute. zelai erdiko lehia Turrientesi txartel horia atera dio epaileak, eta horrek baldintzatu egin du donostiarren jokoa. Minutu batzuez gehixeago sufritzea egokitu zaio Matarazzoren taldeari.
Espanyolek ez du gol aukera bakar bat ere sortu, eta Realak behetik gora egin du berriro. Erraz gainditu ditu aurkariaren lerroak, eta bigarren gola sartzeko bizpahiru aukera on izan ditu. Besteak beste, korner baten ondoren, Zubeldiak oso gertu izan du 2-0ekoa, baina Dmitrovicek sekulako geldiketa egin dio. Oskarssonek eta Oiartzabalek ere eskura izan dute gola. Sentipen onak transmitituz jokatu du Realak.
Dena den,futbolean barkatzea garesti atera ohi da askotan, eta halaxe gertatu zaio Realari. Atsedenaldia ate joka zegoela, bigarren gola sartzeko asmoz erasora itsu-itsuan jo dute txuri-urdinek, eta larrutik ordaindu, Robertok banakoa egin baitu pase luze bat baliatuta. Jon Martinek eta Sergio Gomezek ez dute elkar ongi ulertu atzeko lerroan, eta sekulako errematea egin du Espanyoleko aurrelariak. Atera egindako lehen jaurtiketan gola sartu dute bisitariek. Anoetan bildu diren jarraitzaileek kolpe handia hartu dute.
Gola, tarterik kritikoenean
Gol horren ondorioz, psikologikoki apur bat erasanda agertu da Reala bigarren zatiaren hasieran. Nagusitu ezinda ibili da, eta Espanyol, berriz, eroso. Baloia oinetan gutxi izan arren, min egiteko aukerak izan ditu Kataluniako taldeak. Kontraerasoaren bila jo du, eta erraz gerturatu da Remiroren ate ingurura. Bien bitartean, Reala nahi eta ezin aritu da minutu askoan. Erasoan hainbestean, baina defentsan dezente sufritzea tokatu zaio. Igor Zubeldia izan da jokalaririk onena, arrisku handiko jokaldiak utzi ditu-eta ezerezean.
Poliki-poliki, etxeko taldea bere onera etortzen hasi da, eta tarte garrantzitsuenean iritsi da 2-1ekoa. Turrientesek zelai erdian baloia lapurtu ondoren, Oiartzabalekin jokatu du, eta hark sekulako pasea eman dio Oskarssoni. Bada, aurrelariak ez du huts egin, baloia ederki gurutzatu eta maisuki sartu baitu etxekoen bigarren gola. Jokaldi aparta izan da. Gola sartu eta berehala, Matarazzok bi aldaketa egin ditu: Yangel Herrera eta Marchal zelairatu ditu. Entrenatzailearen asmoa izan da partida kontrolatu ahal izatea, eta lortu du helburua. Partidaren bihotz taupadak baretu ditu Realak, eta erritmoa moteldu egin da. Hori bai, Espanyolek izan ditu pare bat aukera binakoa egiteko. Remiro zorrotz aritu da bi aukera horietan.
Azken minutuetan berdinketa lortzeko asmoz jokatu du Espanyolek, eta Realak aukera bikain askoak izan ditu hirugarren gola sartzeko. Esaterako, Oskarssonek bi aukera izan ditu bata bestearen jarraian, baina Espanyolek atepetik atera du baloia bi aldietan. Azken minutuak nahasi samarrak izan dira, eta epaileak txartel gorria ere atera dio Matarazzori. Dena den, emaitzak bere horretan eutsi dio, eta urrezko hiru puntu geratu dira Anoetan.
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez; Turrientes (Marchal, 62. min), Carlos Soler, Sucic (Kubo, 77. min); Barrenetxea (Yangel Herrera, 62. min), Oiartzabal (Gorrotxategi, 89. min) eta Oskarsson (Guedes, 77. min).
Espanyol. Dmitrovic; El Hilali, Drkusic, Unai Nuñez, Hinojo; Urko Gonzalez (Moscardo, 46. min), Exposito (Bauza, 69. min); Calatrava, Javi Hernandez, Dolan (Jofre, 83. min); eta Roberto (Pere Milla, 83. min).
Golak. 1-0: Barrenetxeak (4. min). 1-1: Robertok (45. min.). 2-1: Oskarssonek (60. min).