Espainiako Kopako finalaren atariko partida gisakoa izan da gaur Atletico Madrilek eta Realak jokatu dutena, baita indarrak neurtzekoa ere, eta donostiarrak esku hutsik itzuliko dira Madrildik, 3-2 galduta. Apirilaren 18an izango dira berriz ere aurrez aurre bi taldeak, Sevillako La Cartuja estadioan (Espainia). Oso goiz iritsi dira lehen bi golak, Atletico Madril bosgarren minutuan aurreratu baita, baina berehala berdindu du norgehiagoka Carlos Solerrek, bederatzigarrenean. Donostiarrak, Mikel Oiartzabal kapitainaren eta beste batzuen hutsunea zela medio, gutxi gerturatu dira aurkariaren areara, kopako finalerdietako nekea oraindik soinean zutela, baina bigarren zatiko aldaketekin beste itxura bat eman du taldeak. Beste gol bat jaso ostean berehala berdindu du berriro, baina 81. minutuan hirugarrena sartu diete, eta ez dute berriro berdintzerik lortu.
Partida hasi eta berehala jaso du kolpea Realak, bosgarren minutuan, alboko sake bat area txikiraino bidali baitu Giuliano Simeonek, eta Jose Maria Gimenezek buruz luzatu dio baloia Alexander Sorloth Realeko jokalari ohiari, eta horrek ez du barkatu. Badirudi Reala utzi ostean norvegiarrak gustu hartu diola bere talde ohiaren aurka golak sartzeari, bosgarrena izan baita gaurkoa. Izan ere, iaz partida bakarrean lau gol sartu zizkion Sorlothek Realari —horietako hiru lau minutuan—. Baina batzuetan kolpe goiztiar batek lagundu egiten dio bati jarrera aldatzen, eta horixe egin du talde txuri-urdinak, bederatzigarren minutuan partida berdindu baitu Carlos Solerrek, taldeko jokaldi bikain bat baloia atearen goiko ertzera botata amaitu baitu valentziarrak.
Realak azkar erantzuteko abilezia erakutsi badu ere, Atletico Madril izan da jokoaren jabe lehen zatiaren gehiengoan, baita kontrako areara gehien iritsi dena ere, baina donostiarrek sendotasuna erakutsi dute defentsan. Bi taldeek intentsitatez jokatu badute ere, zelaian geldirik geratu den eta Gimenezek kanpora atera behar izan duen usoaren presentzia izan da gertakari azpimarragarriena bi golen ostean. Baloiaren jabetza parekoa izan dute bi taldeek, baina txuri-urdinak apenas ailegatu diren etxeko taldearen areara. Atletico Madril erasoan ibili da, baina ez diete Alex Remiro atezain txuri-urdinari arrisku handirik eragin. Atsedenaldira iritsi aurreko minutuan izan du bigarren aukera garbia Realak, Sergio Gomezen jaurtiketa indartsu batekin, baina kanpora joan da gutxigatik.
Aldaketen osteko enbata
Atsedenetik bueltan, lehen zatiko gidoi bera izan da lehen minutuetan, eta 47. minutuan gola sartzeko aukera garbia izan du etxeko taldeak Ademola Lookmanen eta Simeoneren eskutik, baina azkenean ez dute golik sartu. Entrenatzaileak ez ziren gustura: Diego Simeonek ez zuen gogoko aukera asko izan arren markagailua berdinduta ikustea, eta Pellegrino Matarazzok erasoan sakondu nahi zuen. Aurrelari onenak aulkian zituzten bi taldeek, eta Simeonek Julian Alvarez eta Antoine Griezmann, eta Matarazzok Mikel Oiartzabal eta Gonçalo Guedes zelairatu dituzte.
Aldaketek izan dute eragina, Atletico Madrilen batez ere. Sorloth bigarren gola sartzear izan da 62. minutuan, baina Caleta Carrek baloia gutxi baina nahikoa desbideratzea lortu du, eta langaren gainetik joan da. Eta handik gutxira beste aukera bat izan du Nicolas Gonzalezek, are garbiagoa, baina hori ere gora joan zaio, huts harrigarri batean. Baina minutu bat besterik ez du behar izan argentinarrak akatsa konpontzeko, Realeko beste jokalari ohi batek, Antoine Griezmannek, orpoz ezin hobeto utzi baitio baloia Gonzalezi, eta hark gola sartu du, 67. minutuan.
Horrenbeste aukeraren ostean, eta ikusleei atsedenik eman gabe, minutu bakarra behar izan du Oiartzabalek partida berdintzeko. Eibartarra erasoko jokaldia ehuntzen ari zela, errebote bat oin onean geratu zaio, eta ustekabeko jaurtiketa bat eginda baloia atearen goiko ertzera bota du kapitainak; ezinezkoa zen hura geratzea. Badirudi galtzen joanda partida berdintzeari gustu hartu diola Realak, ez baita lehen aldia gola jaso eta gola sartu aritu dela.
Partidaren intentsitatearen seinale izan da Solerren aldaketa, hanketan karranpak zituela Beñat Turrientes zelairatu behar izan baita haren ordez. Maila berari eutsi dio partidak, eta 81. minutuan Gonzalezek Atletico Madrilen hirugarren sartu du buruz —bere bigarrena—, Remiroren geldiketa bikain baten ostean. Azken minutuetan aukera gehiago izan dituzte bi taldeek, baina 3-2 amaitu da azkenean partida. Europako postuetatik gertu jarraitzen du Realak, eta Madrilera egindako bisitak balio izan dio Atletico Madrili neurria hartzeko Sevillako finalaren aurretik.