Eskuetatik ihes egin diote bi puntuk Realari. Txuri-urdinek dena alde zuten 78. minutuan: Oiartzabalek penaltia sartu du, eguneko bere bigarren gola egin du, eta 1-3 irabazten ari ziren Pellegrino Matarazzoren mutilak Rayo Vallecanori. Azken minutuetan, ordea, defentsan ahul ibili dira, eta bi gol jaso dituzte. Horrela zail izango dute bosgarren posturako lehian sartzea.
Lehen gola ere Oiartzabalek sartu du 21. minutuan. Barrenetxeak eman dio baloia kapitainari, eta, erdi-erditik, jokaldia egin du: gidatu, errematatu eta sartu. Camellok berdindu du neurketa zortzi minutu geroago.
Bigarren zatian Orri Oskarsson izan da txuri-urdinak aurretik jarri dituena. Sergio Gomezen eta Carlos Solerren artean ondu dute jokaldia, baloia heldu zaio aurrelariari, eta, patxadaz, ederki bidali du baloia sarera. 62. minutua zen. Eta hamabost minutu geroago, 1-3, Oiartzabalek Pablo Marini egindako penaltia sartu duenean.
Azken minutuak, ordea, eskasak izan dira, eta Lejeunen eta Alemaoren golei esker berdindu du Rayok. Sailkapen nagusian, behin behinean, zortzigarren da Reala 43 punturekin; 50 ditu Betisek, bosgarren sailkatuak.